2024-12-23
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakMurrizketak mantentzen dira, Mahai Orokorraren tramite hutsezko bileraren ondoren

Murrizketak mantentzen dira, Mahai Orokorraren tramite hutsezko bileraren ondoren

EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera atzo egin zen. LABek hiru ondorio nabarmendu nahi ditu: murrizketak mantendu egiten dira, enpleguaren arazo larriari ez zaio heltzen, eta negoziazio kolektiboari eta eremu sindikali begirunerik ez dago.

MURRIZKETAK MANTENDU EGITEN DIRA

Hona hemen Administrazioak ezarritako gai zerrendak emandakoa:

2017rako soldata igoera «gutxienez» %1a:
Bestalde, sozietate merkantiletako langileei 2010etik kentzen ari zaien %5a itzultzeko, epaitegiak agintzen ari zaienera mugatzeko asmoa azaldu dute, hau da, atzera-eragina 2015eko uztailera.

Kontutan edukita urteko KPIaren bilakaera EAEn %1’5 eta Estatuan %1’6a igo dela, 2010ean ezarritako %5aren murrizketa eta gainontzeko urteetan izandako murrizketak eta igoera txikitxo bat, erosahalmena berreskuratzetik oso urrun gelditzen da proposamena. Sozietate merkantiletako langileei 2010etik kendutako guztia itzultzeko ere, ez dago legezko trabarik.

2012ko aparteko pagaren itzulera, ekainean falta den erdiaren erdia, eta datorren urteko urtarrilean faltako zen azken laurdena:
LABen iritziz ez dago inolako legezko trabarik langileoi zor zaigun pagaren zati osoa dagoeneko ordaintzeko. Arazoa erabat politikoa da, eta gure soldatekin jolasten jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak.

Aldi Baterako Ezintasun Osagarriak lehen egunetik %100era igotzeko salbuespenak:
Murrizketa soilik azken 24 hilabeteetan bajarik hartu ez duenari, eta urtean behin, 60 urtetik gorakoentzat kenduko zen. Bestelako aukerak aztertzeko prestutasuna eta genero bortizkeriaren kasuei ere zabaltzea.

Kasu honetan ere ez dago arrazoirik Jaurlaritzak langile guztiei lehen egunetik %100a ez itzultzeko. Langilearen eskubideen ikuspegitik zein administrazioen erabiltzaileenetik (eskoletan, arreta sozial eta sanitarioetan, publikoarekin harremanetan… langilea lanera gaixorik joateagatik kutsatuak ez izateko).

Lanaldia bere horretan mantentzeko konpromisoa: Administrazioak 35 orduko lan-astea juridikoki zein politikoki defendatzeko konpromisoa hartu du.

Ez da gutxi, baina Jaurlaritzak urratu duen akordio bakarra da (langileon borrokak behartuta) eusteko konpromisoa hartu duena.

Lan sindikalerako diru-laguntzak, 2013 urteari dagozkionak:
Sindikatuok geure gutxieneko lana aurrera eraman ahal izateko zor zaiguna, oraindik ere lau urteko atzerapenarekin jasotzea ez da onargarria.

ENPLEGUAREN ARAZO LARRIARI EZ ZAIO HELTZEN

Horren arazo larriaren aurrean, are gehiago Europako sententzia famatuek derrigortzen duten kontratazioen erregulazioen eta egonkortasunaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak ez du gai zerrendan sartu ere egin. Sindikatuon kritiken aurrean jarritako aitzakiak sinesgaitzak izan dira: «epaitegiek ez dutela behartzen, eta sententzia ezberdinak daudela; mahai sektorialetan lantzeko kontuak direla; EPEak egiten ari garela…»

LABek, negoziaziorako gai zentraltzat hartzen duelarik, hurrengo bilerarako lehen gai bezala lantzea exijitu du, eta proposamen bat aurkeztuko du gaiari lehenbailehen heldu behar zaiolako. Jaurlaritzak aurreikusten dituen erretiroez gain, kontuan hartu behar dira ere ratioak, behin-behinekotasuna, azpikontratazioa, ordezkapenak lehen egunetik… lanpostu gehiago behar dira, eta daudenak egonkortu. Hala ere ziur gaude sindikatu guztiok eskatu badugu ere, hurrengo bilerako gai zerrendan ere ez dela jasota egongo.

NEGOZIAZIOARI ETA EREMU SINDIKALARI BEGIRUNE EZA

Urtero salatzen dugun arazoa da, Eusko Jaurlaritzarentzat Mahai Orokorraren bilerak aurrekontuen testuinguruan gainditu beharreko tramite hutsa dela. Bereziki adierazgarria eta salagarria da bileraren aurretik dagoeneko prentsaurrekoa eman izana, eta bileraren bitartean medio batek Administrazioak aurreikusitako hainbat ondorio argitaratu izana.

Administrazioak sindikatuekin erdietsitako akordioak urratu egiten ditu, eta gainera lasai asko halaxe onartu du gaurko bileran, azpikontratazioak gelditzeko gaia eztabaidatzerakoan.

Jaurlaritzak egindako murrizketa guztiak aldez aurretik Mahai Orokorrean sinatutako akordioen urraketak izan dira.

Akordioak betetzea Madrilgo eta Gasteizko legeek eta parlamentuek mugatu egiten dituela errepikatu du behin eta berriz Jaurlaritzako ordezkariak.

Arestian aipatutako murrizketa guztiak itzultzeko ez dago traba legal edo juridiko bat ere, ez dago zertan tribunalen zain egon beharrik.

Maila berean, balizko akordioak ere Madrilgo eta Gasteizko parlamentuek onartu beharreko aurrekontuen menpe daudela ohartarazi du Jaurlaritzak.
LABek beti aldarrikatu izan du hain zuzen ere negoziazioak aurrekontuak prestatzen ari direnean egin behar direla, parlamentura bidali beharreko egitasmoan akordioak jasota egotearren: soldata igoerak, murrizketen itzulera, lanpostuen horniketak… Aurten ere tramite huts bezala hartu du Jaurlaritzak. Aurrekontuak berak prestatzen ditu, baina baloiak beste teilatuetara bota nahi ditu.

Ildo beretik ere, murrizketak itzultzeko asmoa epaitegiek derrigortzen dutenera mugatzen da Administrazioa.

Bat ez bagatoz ere, uler genezake Jaurlaritzak epaitegien aginduak ez betetzeari uko egitea. Kontrakoa da arazoa, epaitegiek jada ez dute debekatzen murrizketak itzultzea. Nafarroan murrizketak atzera bueltatzen ari dira, eta EAEn ere posible da, borondate politiko kontua da.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...