2025-04-15
HomeEkintza SindikalaMuriba enpresako langileak greba mugagabean dira Ibañez Construccion-ek hiru hilabeteko soldatak zor...

Muriba enpresako langileak greba mugagabean dira Ibañez Construccion-ek hiru hilabeteko soldatak zor dizkielako

Muriba S.L. eraikuntza enpresako plantillan oraindik gelditzen diren sei langileak atzotik greba mugagabean daude, Ibañez Construcción enpresak (enpresa nagusia eta jabe berarena) hiru hilabeteko soldata zor baitie. LAB sindikatuak irmoki salatu nahi du Ibañez Construcción enpresaren lotsagabekeria; izan ere, obra publikoak egiteko milioika euro kobratu arren (Memoriaren Nafarroako Institutua, Irunberriko institutua…), filiala erortzen utzi eta langileak prekaritatera kondenatzea erabaki baitu.

Construcciones Jose Miguel Ibañez izeneko enpresak hainbat milioi euro kobratuko ditu aurten Nafarroako Gobernuaren aldetik, Rozalejoko markesaren jauregia Memoriaren Nafarroako Institutu bihurtzeko eta Irunberriko batxilergoko institutu berria eraikitzeko. Baina, hala eta guztiz ere, adierazten du ez duela nahikoa dirurik bere bertze enpresa batean gelditzen diren langile gutxiren soldata ordaintzeko –Muriba S.L., enpresa nagusiaren leku berean egoitza soziala duena–, nahiz eta bertze enpresa baten bitartez azpikontratatzen dituen –Ibañez Construcción, enpresa nagusiaren leku berean egoitza soziala duena–.

Muribako langileek abuztuaren 29an egin zuten lehen elkarretaratzea, Iruñeko Rozalejoko markesaren jauregiaren ondoan, haien egoera salatzeko. Orain, egoera hori are gehiago larritu denez hartzekodunen konkurtsoaren iragarpen ofizialarekin, greba mugagabea hasi dute, eta ortzirale honetan, irailak 13, elkarretaratzea eginen dute Udaletxe plazan, 09:30ean.

Langileek diote burlaizekoa izan dela enpresako gerentea haiekin hitz egitera esertzea, noiz eta langileek salaketaren lehen kontzentrazioa egin zutenean behartuta egon ostean, eta ez ordaintzeko aitzakiatzat jartzea “ez dagoela dirurik”. LAB sindikatuari ulertezina egiten zaio enpresei enpresa-sare horiek eraikitzen uztea, langileak prekarizatzearen truke etekin gehiago lortzea bertze helbururik ez baitute. Zentzu horretan, LABi lotsagabekeria iruditzen zaio Muribako jabeek erratea ez dutela dirurik beren bertze enpresek diru publikotik jasotako milioika euro fakturatzen dituztenean.

Langileek nabarmendu nahi dute bukaera arte salatzen eta borrokatzen jarraituko dutela, euren lanpostuen defentsan, lan eta bizi baldintza duinen alde. Hurrengo hitzordua, erran bezala, irailaren 13an izanen da, Iruñeko Udaletxe Plazan. Langileek dei berezia egiten diete Eraikuntza sektoreko pertsona guztiei kasu honen salaketan parte har dezaten, izan ere, bertze enpresa batzuetan errepikatzen diren inguruabarrak eta jokabideak ematen dira bertan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Jarrera matxista, arrazista eta antisindikal larriak hauteman ditu LABek Osalanen formakuntza saioetan

LABek salatu du, Osalanek azpikontratatutako enpresa batek azalpen matxista, arrazista eta antisindikalak eman zituela formakuntza saio batean. Gaia argitu eta erantzukizunak eskatu beharrean, Osalan gertaturikoa ezkutatzen saiatu da.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru Nafarroarako gutxieneko soldataren alde CENen, UGTen eta CCOOen aurrean mobilizatu dira

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek salatu dute CEN, UGT eta CCOOek uko egin diotela Nafarroarako gutxieneko soldata negoziatzeari, nahiz eta milaka langileren bizi-baldintzak hobetzea ekarriko lukeen, eta milaka sinadura biltzen hasiko dira gutxieneko soldata propioren alde.

15 langileren kaleratzearekin, akordiorik gabe amaitu da Ekide enpresako kontsulta epea

Gaur amaitzen da Arrasateko Ekide enpresako EEE negoziatzeko epea. Enpresak jakitera eman duenez, 15 langile kaleratuko ditu, besteak beste, ekonomia, antolaketa eta ekoizpen arrazoiengatik.