2024-12-23
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaMugak Zabalduz Karabanarekin egin dugu bat

Mugak Zabalduz Karabanarekin egin dugu bat

Euskal Herriko Eskubideen Karta sinatu dugun erakunde sozial eta sindikalok babesa agertu diogu Mugak Zabalduz Karabanari. Uztailaren 14an, Melillarantz abiatuko da, etorkinek eta errefuxiatuek Hego Mugan pairatzen duten Giza Eskubideen urraketa sistematikoa salatzeko. Xede dugun jendarte-ereduaren erdigunean, bizitza dago, eta bizitza jokatzen dute, hain zuzen ere, gerratik eta miseriatik ihesi dabiltzanek. Hala adierazi dugu Bilbon, gaur egindako agerraldian.

Salatzen dugu etorkinek eta errefuxiatuek jasaten duten egoera egungo migrazio-politika hiltzaile eta antisozialen ondorio dela; halako politiken ondorio dira, halaber, biztanleriaren pobretze orokortua eta aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa. Borrokatu beharra dugu, eta eskubide politiko, zibil eta ekonomikoak pertsona guztiei hedatu.

Gobernuek barnerarazi nahi dizkiguten arrazismoaren eta xenofobiaren muina honelako baieztapen faltsuak dira: “Lana kentzen digute”, “Gaizkileak eta terroristak dira”, “Gure gizarte-laguntzez aprobetxatzen dira”, “Inbaditu egiten gaituzte”, etab. Halako adierazpenek ez dituzte kontuan hartzen neokolonialismo-formak, alegia, egungo eredua herrialde aberastuek Munduko Hegoaldeko herrialdeak mendean izateko.
Europako Batasunean, 119 milioi pertsona baino gehiago pobrezia-arriskuan daude; ondorioz, barne-migrazioak izaten dira herrialde kideen artean. Lan-prekarietatea enpresen eta herrialdeen arteko lehiaren funtsezko osagaia da, orokortua sektore jakin batzuetan (eraikuntza, garraioak, haragi-industria, gizarte-arreta eta etxeko lana), eta EBko langileen arteko barne-migrazioen esplotazioa legeztatzen du.

Nekropolitika da sistema ekonomiko kapitalista eta patriarkalak bultzatzen dituen bideetako beste bat: pertsonak esplotatzeaz eta kanporatzean gain, hiltzen uzten ditu. Nazioarteko krimen hutsak dira. Erailtzen dira mugimendu ekologista, feminista eta LGTBko buruzagiak, nekazariak eta indigenak, beren lurra proiektu hidroelektriko erraldoien kontra babesteagatik, baina sistema kapitalistak sobera dituen pertsonak ere ezabatzen dira: kontsumitu edo ekoiztu ezin dutenek enbarazu egiten dute, eta giza hondakin bihurtzen dira (Bauman).

Sistema kapitalistak jendea behar du oraindik, eta eskulan migratzailea izaten jarraituko du. Baina eskulan horrek ez du eskubiderik izango, eta lan egingo du eraikuntzan, ostalaritzan edo zaintzan, eskulan merke eta prekarizatua bihurtua. Hala, soldatak jaitsi eta lan-baldintzak eskastu egingo dira, jende esplotatuaren eta jende pobrearen arteko gatazka-prozesu batean -kapitalak eta gobernu konplizeek bultzatuta-, nazional pobreen eta atzerritar pobreen artekoan. “Gerra” horrek kapitalismoari egiten dio mesede, eta arrazismoaren eta xenofobiaren euskarri da.

Errefuxiatuak eta migratzaileak pobreen arteko gerra islatzen eta are sakonagoa egiten duen ikurra dira. Oso funtzionalak dira sistema kapitalistarako, eta bere urrezko arauetako bat: eskulan, formal edo informal, merkea eta prekarioa, langileen eskubideen murrizketarako bidea formalizatzen duena.

Gure mespretxu osoa Europako erakunde eta gobernuentzat, kapitalaren eskubideak babesten eta pertsonen eskubideak urratzen ari direlako. Proiektu neoliberal, patriarkal, militarizatu, baztertzaile eta erregresiboa defendatzen dutenen aurrean, guk elkartasun internazionalistaren alde egiten dugu, pertsonon eta herrien arteko topaketan oinarritua.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...