2025-03-23
HomeIndustriaMetalgintzaMobilizazioekin jarraituko dute Inauxa-Mubean, zuzendaritzaren xantaiari aurre egiteko

Mobilizazioekin jarraituko dute Inauxa-Mubean, zuzendaritzaren xantaiari aurre egiteko

Inauxa-Mubeako langileen enpresa batzordeak jakinarazi du mobilizazioekin aurrera jarraituko duela, zuzendaritzaren “xantaiari” aurre egiteko. Joan den astean, ordu erdiko elkarretaratzeak egin zituzten egunero, hitzarmen duin bat eskatzeko eta erretiratzeko asmoa duten bi lankidek enpresaren ezetza jaso zutela salatzeko. Egoerak bere horretan jarraitzen duenez, langileek ohartarazi dute mobilizazioak gogortzeko prest daudela, “gure bi lankideak jubilatzeari eta langileontzako hitzarmen duin bat negoziatzeari uko eginez gero”.

LAB, UGT eta ELA sindikatuek osatzen dute enpresa batzordea Amurrioko lantegian. Langileen iritziz, jubilatzeko prest dauden langileak erabili ditu zuzendaritzak, bere aldeko hitzarmen bat lortzeko. “Kontua da bi langileok jubilatuta egon beharko luketeela, batak irailean eta besteak hilabete honetan, baina zuzendaritzak horri uko egin dio, hitzarmen kolektibo berria sinatu arte bederen. Eta hitzarmenean atzerapausoak proposatzen dizkigu; lan jardunaldia luzatzea, murrizketak desgaitasun iragankorren kasuan eta egutegi prekarioak aldi baterako langileentzat, besteak beste”, azaldu dute.

Urte hasieran ekin zioten hitzarmena negoziatzeari, egin ohi duten bezala. Lankide batek erretiro partziala lortu zuen urtarrilean bertan, akordio-markoan oinarrituta. Bada, oraingoan jubilazioa eskuratu behar dutenekin presionatzen dabil zuzendaritza: “Ez genuen espero, duela hiru hilabete eskas pasatu direlako Mubea multinazional alemanak lantegia erosi zuenetik, eta logikoena integrazio ordenatu eta lasai bat izango litzateke, elkar hobeto ezagutzeko helburuarekin”.

Zuzendaritza konbentzitzen saiatu dira zenbait hilabetez, jubilazioek alde guztiei egin ohi dielako mesedez: “Langilearen eskubidea da, 30 urte baino gehiagoz lanean aritu ondoren; erreleboa ematen duenari egonkortasun handiagoa ematen zaio; lan taldearen berritze egokia eta beharrezkoa gauzatzen da; enpresarentzat errentagarria da ekonomikoki; eta barruko laneko giroari ere mesede egiten dio, gauzak modu logiko batean gertatzen direlako”.

Enpresa batzordeak nabarmendu du ez duela “xantaia” onartuko, eta mobilizazioekin jarraituko duela, langileek eurek aho batez erabaki hori hartu eta gero.

 

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Sunsundeguin ekintzara pasatzeko deia egiten du

Une honetan 300 lanpostu baino gehiago daude jokoan Altsasun; etorkizunerako estrategikoa dirudien sektore batean, merkatua duen produktu batekin. Sunsundegui azaroaren 5ean borondatezko hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik 4 hilabete betetzera doazenean, legezko epeak erretzen joan dira. Oraindik ez da zehaztu balizko inbertsore baten aukerak aurrera egingo duen ala ez.

LABek Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langileen hitzarmena sinatu du 16 urteren ondoren

Azken urteetan hamaika mobilizazio, greba, salaketa egin ditugu Hezkuntza Saileko kolektibo feminizatuenaren eta lan baldintza prekarioenak dituenaren lan baldintzak errespetatu eta hobetu daitezen. Pribatizazio prozesu bortitzena jasan duen sektorea da, zerbitzuetako lan batzuk azpikontratatuta baititu sailak.

Premiaz, Palestinaren alde kalera

LABek bat egiten du Gernika-Palestinak deituta bihar 17:30ean Donostian egingo den manifestazioarekin.