LAB eta ELA sindikatuok elkarretaratzeak deitu ditugu abenduaren 20an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien aurrean udal eta foru administrazioan enplegu egonkorraren eta lan baldintzen alde. Azken urteotan 3.400 lanpostu inguru galdu dira Udal eta Foru administrazioan. Hutsik geratu diren lanpostuak bete gabe eta zerbitzu osoak pribatizatuz, administrazio paralelo bat sortzen ari da.
Betetzen diren lanpostuak, behin behineko langilez betetzen dira eta pribatizazioa, langileen lan baldintzen bizkar egiten da beti. Enpresari batzuek etekin ederrak lortzen dituzte eta herritarrok zerbitzu publiko horiek berdin edo garestiago ordaintzen ditugun bitartean.
Eremu publiko honetako langileen %36 behin-behinekotasun egoeran dago, EUDELek berak aitortzen du datu hau. Eremu pribatuan baino altuagoa da behin behinekotasuna eremu publikoan. Are salagarriagoa da egoera hau, udaletxeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen Udalhitz hitzarmenak, behin behinekotasuna, gehienez ere %6ra mugatzen baitu.
Aipatu Udalhitz hitzarmena 2008. urtean sinatu zen azken aldiz 2008-2010 urteetarako. Hala ere 2017an bete gabe dago eta gainera, gure instituzioek ez dute berau betetzeko inolako borondaterik erakusten. Foru aldundietan ere ez dira betetzen sinaturiko hitzarmenak eta negoziazio kolektiboak blokeatuta jarraitzen du.
Ez da benetako Negoziazio Kolektiborik sektorean. Nahiz eta administrazioak akordioetarako borondatea behin eta berriz aitortu hedabideetan, mahaietan esertzen direnean ez da inongo borondaterik ikusten. Aukera guztiak mugatzen dira, kasurik onenean, Madrilek agintzen duenera. Beraz, praktikan, badirudi Madrilek gobernatzen dituela gure instituzioak.
Elkarlan hau izenpetzen ditugun ELA eta LABek egoera hau salatu nahi dugu, eta gure bi sindikatuek irailean egin zuten adierazpen publikoan oinarriturik, dei bat egin nahi diegu erakundeei ildo propio bat jorratzeko, herritarroi ematen zaizkigun zerbitzu publikoak bermatzeko eta hauek kalitatez emateko.
Horretarako, murrizketa politikak alde batera uztea eta zerbitzu publikoetan lanean dihardugun langileon lan baldintzak hemen erabakitzea ezinbestekoa da.
Gaur agertzen garen sindikatuok langileen hiru laurdenetako ordezkaritza batzen dugu. Gehiengo horrek ematen digun nagusitasuna eta indarra baliatuz, borrokari ekingo diogu eta besteak beste, hurrengo urratsak emanen ditugu:
-Udalhitzeko mahaian ez dugu parte hartuko negoziazio berri batean, azken Udalhitza betetzeko pausuak ematen ez diren bitartean eta hitzartutakoa betetzeko bermeak izan arte. Era berean, dei egiten diegu bertan parte hartzen duten alderdiei beren jarrera eta borondateak publikoki argitu ditzaten: zergatik ez duten Udalhitz betetzen kudeatzen dituzten erakundeetan eta noiz beteko duten.
-Ildo berean, udalez udal negoziazio mahaiak zabaltzeko indarra egingo dugu. Gaurkoz, ez dago enplegua egonkortu eta sortzeko eta gure lan baldintzak hobetzeko beste esparrurik.
-Sektoreko langileak aktibatzeko lan egingo dugu eta mobilizatzeko egoera honi buelta emateko, eta kalera aterako gara gure aldarrikapenekin.
Bide horretan, bai ELAk eta LABek aldarrikapen ahalik eta zehatzenak izan behar direla uste dugu. Hauek izango lirateke aldarrikapenok:
Zerbitzu publikoak garatu
-Ematen ditugun zerbitzu publikoak defendatu eta garatu.
-Pribatizazio gehiagorik ez!
-Pribatizaturiko sektoreetan. Langileen lan baldintzak duindu eta klausula sozialak landu.
Enplegu Publikoa
-Suntsitutako enplegua berreskuratu.
-Udaletxe eta Foru Aldundietako behin-behinekotasun tasak %6ra jaitsi, akordioak betez.
-Lanpostuak eta langileak beraien lanpostuetan egonkortu ahal izateko prozesuak zabaldu.
-EPE zabalak, behar diren beste hainbeste lanpostu sortu eta betetzeko eta langile batzordeen gehiengoarekin adostuak
Negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratu
-Galdutako eskubideak eta eros- ahalmena berreskuratu.
-Negoziazio kolektiborako eskubidea aldarrikatu. Hitzarmenak bete.
-Ofentsibako negoziazio kolektiboak aktibatu instituzioetan
Dinamika honekin hasteko, datorren asteazkenean, hilak 20, hiru Foru Aldundien aurrean kontzentrazioak egingo ditugu, hiru administrazioei, beraien eremuetan enplegua egonkortu eta murrizketak itzultzeko politikak egin ditzatela exijitzeko.
Datorren urtera begira, urtarrila-otsaila, elkarlanean, Udaletxeetan, Foru Aldundietan, Mankomunitate eta eremu honetako enpresa publikoetan mobilizazio dinamika bat martxan jarriko dugu. Gainera, egoera epe motzean aldatzen ez bada, mobilizazio dinamika indartu beharko dugu.
Gure lan baldintzen defentsan. Gure hitzarmenen defentsan. Enplegu publikoaren defentsan eta Kalitatezko zerbitzu publikoen defentsan mobilizatuko gara.