2024-11-21
HomeEkintza SindikalaMobilizazioak gaur EAEn, kalitatezko hezkuntza helburu, publikoa indartzea eta inbertsioa handitzea eskatzeko

Mobilizazioak gaur EAEn, kalitatezko hezkuntza helburu, publikoa indartzea eta inbertsioa handitzea eskatzeko

Azaroaren 8an abiatutako dinamikarekin jarraituz, hezkuntza publikoa sistemaren ardatza izan dadin inbertsioa handitzea aldarrikatzeko mobilizazioak egingo ditugu EAEko hiriburu eta eskualde desberdinetan gaur. Azpiegiturak hobetu, baliabidez hornitu eta lan baldintzak hobetuko dituen akordioak adostu nahi ditugu zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Mobilizazioak 17:30ean izango dira, Donostian (Alderdi Eder), Zumaian (Saregileen plaza), Orereta (Herriko plaza), Eibar (Untzaga plaza), Bilbon (Plaza Zirkularra), Barakaldon (Anaien parkea), Durangon (Ezkurdi plazan), Gernikan (Merkurio plazan), Igorren (Biribilgunean), Algortan (Fadura LHII Lanbide Hezkiketako ikastetxean), Gasteizen (Arka plazan) eta Laudion (Herriko plazan).

Hezkuntza komunitatea osatzen dugun familia zein langileok argi dugu kalitatezko hezkuntza izateko hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa gauzatzea ezinbestekoa dela. Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergoa ardatz izan daitezen azpiegiturak hobetu, baliabideez hornitu eta langileon lan baldintzak berritzeko garaia da. Horretarako, urtero, gutxieneko inbertsioa Barne Produktu Gordinaren %6koa izan beharko litzateke aurrekontu-proiektuan, Europako batezbestekoarekin parekatuz, hezkuntza legearen testuinguruan izandako grebetan aldarrikatu izan genuen moduan.

Batetik, hezkuntza publikoko langile ororen lan baldintzak arautzen dituen lan hitzarmenak berritu eta hobetu behar dira, izan ere, LABek argi du langileon lan baldintzak hobetzeak zerbitzua hobetzea dakarrela bere horretan. Langileoi ezinezkoa zaigu kalitatezko hezkuntza eskaintzea eguneroko lan zamek itotzen gaituzten bitartean. Izan ere, premiaz berritu behar dira zaharkituta dauden lan hitzarmenak. Sukalde eta Garbiketan 2007ko lan hitzarmenak, besteak beste, gehiegizko bazkaltiarren kopurua eta metraje kopuruak barnebiltzen ditu, funtzioak zehaztu behar dira eta lanaren koordinazio faltarekin bukatu behar da. Irakasleetan, azken urteetan gehiagora egin duten lan burokratikoak murriztu edota ikastetxearen autonomia errespetatuz, ikasleen beharrei erantzuten dieten formakuntzak behar ditugu. 2010eko lan hitzarmena eguneratzeko, besteak beste, ordu lektiboen jaitsiera jaso behar da, baita Lanbide Heziketako berezitasunak arautzea ere. Haurreskoletan, 2009koa den lan hitzarmena berritu behar da, lanaldiaren jaitsiera eta baimenak handitu behar dira eta, kudeaketa alorrean dauden baliabide eskasak handitu. Heziketa Berezian, 20 urteren ondoren, akordio batetik hurbil gaude, behin-behinekotasun tasa %5era jaitsiera, hezitzaileen soldata haurreskoletako hezitzaileekin parekatzea eta lanaldiaren jaitsiera adostu berri dugularik.

Bestetik, kalitatezko hezkuntza publikoa izateak ikasleak erdigunean jartzea dakar. Bide horretan, ikasketa prozesua ematen den barne zein kanpo espazioak berebiziko garrantzia du. Lehenik eta behin, ikasle zein langileok egunero jarduten dugun azpiegiturak osasuna bermatuko duten espazio seguruak izan behar dira, horrez gain egungo beharrei erantzun behar diete, hauek baliabidez hornituz. Are gehiago, zenbait kasutan, azpiegitura berriak sortu behar dira, izan ere, badira zenbait zentro guztiz zaharkiturik daudenak edota eraikin propiorik ere ez dutenak; baita espazio falta dela eta plazak mugatuta dituztenak ere.

Azkenik, egun jendarte bezala ditugun erronkei erantzuteko, baliabide materialez gain, baliabide pertsonalez ere hornitu behar dira gure ikastetxeak. Izan ere, egun aniztasunean jarrita dugun arretari erantzuteko edo gure hizkuntzak eta kulturak bizi duten egoerari aurre egin ahal izateko, ezinbestekoak ditugu baliabide berriak zein formakuntza plan zehatzak.

Beraz, LABek borrokan jarraituko du hezkuntza komunitateko langileekin batera hezkuntza publikoan neurriak lortu daitezen kalitatezko Euskal Eskola Publiko Komunitarioa helburu, sare publiko bakar deszentralizatuan antolaturiko hezkuntza-sistema burujabea eraikitzeko. Euskalduntzean eta Euskal Curriculumean, inklusioan eta aniztasunean, pedagogia feministan, laikotasunean, kritikotasunean eta langileon lan-baldintza duinetan oinarriturik egongo dena.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Araudiaren erreformak atzeratu egiten du erregularizazio masiboa Atzerritarren Legea indargabetzeko beharrezko urrats gisa

Atzerritarren Legearen araudiaren erreforma onartu zuen pasa den asteartean Espainiako Gobernuak. Maiatzaren 17an sartuko da indarrean, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bultzatuta.

Gizarte Segurantza propioa eskatu dugu, langileen osasuna kontrol eta presioaren gainetik jartzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, INSS Gizarte Segurantzaren Espainiako institutuaren bulegoen ondoan, kapitalak langileriari egiten dion kontrol eta presioaren gainetik osasuna eta prebentzioa jar daitezela aldarrikatzeko. LABek Gizarte Segurantza propioa eskatzen du, nafar langileen beharrak benetan erdigunean paratuko dituena.

LAB sindikatuak positibotzat jo du Erorien Monumentu Frankista errotik aldatzea ahalbidetzen duen akordioa

LABek positibotzat jo du EH Bildu, PSN eta Geroa Bai alderdiek Monumentu honen izaeran eta esanahian aldaketa erradikala ahalbidetzearen inguruan lortutako akordioa. Hala, Erorien...