Nafarroako Gobernuak egindako “Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako l. Planean” jasotako datuek agerian uzten dute diskriminazioak bere horretan segitzen duela Nafarroako administrazio publikoetan. Mobilizazio feministak pil-pilean dauden honetan, une egokia da datu horiek aztertzeko eta emakumeok* pairatzen dugun diskriminazio egoera gogora ekartzeko.
Nafarroako administrazio publikoen errealitateari buruz egiten diren azterketa eta analisi guztietan agerian gelditzen da emakumeok jasaten dugun genero-arrakala. Ez da kontu berria, aspalditik dagoen errealitatea baizik. Benetako arazo bat da, muinean errotuta dago, eta egundaino ez zaio konponbiderik eman. 2023-2026 aldirako berdintasun plan horrek zenbait ekintza proposatzen ditu egoera hori zuzentzeko. Denborak esango digu eraginkorrak diren. Bien bitartean, Planean jasotako datu batzuk azalduko ditugu.
Soldata-arrakala
Gaur egun, soldata-arrakala % 6,65ekoa da. Hori kalkulatzeko, lanpostuen araberako urte osoko batez besteko soldatak hartu dira kontuan. Arrakala ia lanpostu guztietan ageri da, baina badira batzuk bereziki nabarmentzen direnak. Adibidez, osasun arloko asistentzia-burutzetan, gizonek 18.336 euro gehiago kobratzen dute emakumeek* baino (% 22,21 eko soldata-arrakala). Erakunde autonomoetako kudeatzaile lanpostuetan arrakala % 13,97koa da, eta erakunde autonomo horietako zuzendariordetzetan eta horiekin parekatutako lanpostuetan % 13,10ekoa. Nafarroako Gobernuak egindako txostenaren arabera, “Lanpostu gehienetan, gizonen batez besteko soldata emakumeena baino handiagoa da”.
Burutzak
Desberdintasunezko egoera hori oso nabarmena da burutzetan. Laburpen gisa, txostenak honako hau dio: “Emakumeen presentziak behera egiten du erabakimen-mailak gora egin ahaJa, eta maila altuenetan duten pisua plantillan dutena baino txikiagoa da.” Zuzendaritza nagusiak oso maskulinizatuak daude, argi eta garbi. Zerbitzuko zuzendaritzetan ere gizonak gehiago dira. “Burutzetan da u den emakumeen kopurua, kasu guztietan, plantillan duten pisutik beherakoa da”1
Harrigarriena Foruzaingoko eta Suhiltzaileen Zerbitzuko burutzetan gertatzen da. Izan ere, Foru Administrazioaren plantillan emakumeak %71,29 bagara ere, bi erakunde horietako burutzetan emakumeen* presentzia ia hutsaren hurrengoa da.
Ordezkaritza sindikala
Sindikatuok ez gara joera sexista horretatik libratzen. Langileria batzordeetan emakumeok* dugun presentzia plantillan dugun pisua baino txikiagoa da, eta liberazio-orduez ari bagara, gizonek emakumeok* baino %10 gehiago hartzen dituzte. Gogoratu beharra dago, berriz ere, gizonak plantillako langile guztien % 28,71 baino ez direla.
Kontratu mota eta kontziliazioa
Txostenean jasotako datuen arabera, emakumeek* behin-behineko kontratu gehiago sinatzen dituzte gizonezkoek baino. Eta hala ere, emakumeek* gizonek baino gehiago erabiltzen dituzte zaintzarekin eta kontziliazioarekin lotutako baimenak.
Prestakuntza eta hobekuntza
Laneko prestakuntzaren eta hobekuntzaren arloan, emakumeok* aise irabazten dugu, nabarmen gainera. “Lanbide prestakuntza eta hobekuntza egoeran edo barne igoerako egoeran dauden emakumeen ehunekoa plantillan duten pisua baino 4 puntu handiagoa da”. Hala ere, zerbitzu berezietako egoerari erreparatuta, oso azpitik gaude (% 48,44). Gogoratu behar da zerbitzu berezietako egoera horretara igarotzen direla Administrazioan lan egitearekin bateraezina den kargu publiko bat betetzen ari diren langileak.
Ondorioak
Horiek guztiak ikusita, LABen ez dugu amore emango, eta emakumeok* administrazio publikoetan jasaten dugun bidegabekeria- eta diskriminazio egoera agerian uzten jarraituko dugu. Horrekin batera, bidegabekeria hori konpontzeko behar diren neurriak har daitezela eskatzen segituko dugu. Lldo horretan, LABek parte-hartze aktiboa izan zuen Berdintasun Plan hau garatzeko eratu zen Berdintasunerako Negoziazio Batzordean. Era berean, Funtzio Publikoari jakinarazi diogu Planean jaso ziren hainbat konturi lehenbailehen heldu beharra dagoela, diskriminazio arrasto guztiak Administraziotik baztertzeko.