2025-12-16
HomeEkintza SindikalaMobilizazio zaratatsua egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean Fekoor-eko hitzarmen propioaren...

Mobilizazio zaratatsua egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean Fekoor-eko hitzarmen propioaren alde

Aniztasun funtzionaleko enpresa honetako langileek asteak daramatzate lanuzteak egiten eta hitzarmen propioaren alde mobilizatzen. Gaur, 2 ordutako kontzentrazio zaratatsua egin dute Bilbon, Foru Jauregiaren aurrean, eta euren lan baldintzen hileta antzeztu dute. Abenduaren 3an ere mobilizatuko dira, Aniztasun Funtzionalaren Nazioarteko Egunean. Egun horretan, manifestazioa egingo dute 9:30ean, Aldunditik hasita Alhondegiraino, bertan ekitaldia egingo baitu enpresak 12:00etan hainbat gonbidatu instituzionalekin.

Fekoor-eko langileek desgaitasunari buruzko Estatuko Hitzarmenean ezarritakoa hobetzen duten zenbait eskubide onartuta dauzkate, baina gaur egun ez dute lortu enpresa-hitzarmen batean jasota izatea. Honek, euren eskubideak bermatuko lituzke, eta gainera, egindako lana behar bezala aitortu, arautu eta konpentsatuko luke.

Salatu dute enpresa-hitzarmenik ez dutenez, Espainiako Estatu mailan negoziatzen denaren esku daudela. Hitzarmen horretan ez dute parte hartzen ez Bizkaiko langileek, ezta ordezkatzen dituzten sindikatuek ere, eta gainera, bertan negoziatzen diren edukiak ez datoz bat Bizkaiko bizi-mailarekin.

Bestalde, finantzaketa publikoa duten azpikontratatutako aniztasun funtzionaleko Bizkaiko elkarte gehienek enpresa-hitzarmenak dituzte eta honek hobekuntza nabarmena dakar. Hori ez da Fekoor-eko errealitatea. “Gure enpresak ez du gurekin negoziatu nahi”, adierazi dute bertako langileek.

2023tik 2024ra bitartean, bataz beste, %16ko erosahalmena galdu dute sektoreko gainerako elkarteekin alderatuta. Eta ez hori bakarrik, ia 100 ordu gehiago lan egiten dituzte, euren lanaldia urtean 1.680 ordukoa da, gainerako elkarteetan 1.592 ordu lan egiten dituzten bitartean.

“Eta horrek ondorioak ditu gure osasunean” gaineratu dute. 2012. urteaz geroztik ez dago antzinatasunik Fekoor-en, beraz, “enpresan egiten dugun lana ez da balioesten, gurekin alderatuz, gainerako elkarteek langileekiko leialtasun hori aintzat hartzen dute eta ordainsaria hirurtekoen edo bosturtekoen arabera ordaintzen dute”.

“Kontziliazioaren arazoa” ere aipatu dute, arreta zuzeneko langileek euren lanaldia eta soldata murriztu behar baitituzte, kontziliatzeko eskubidea gauzatu ahal izateko.

Amaitzeko, Fekoorreko langileek adierazi dute borrokan jarraituko dutela beren beharrei erantzungo dien hitzarmen bat lortu arte, eta administrazio publikoak salatzen jarraituko dutela kudeaketa publikoko zerbitzuak pribatizatzeagatik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak agerraldia egin zuen atzo, Eusko Legebiltzarrean

Urtebeteren ondoren berriz ere gure hitza eta iritzia zuen aurrean plazaratzeko etorri gara. Esan bezala, hainbat hilabete eta gero, hemen aurkitzen gara, zuen aurrean,...

CTLpack-eko langileek euren hitzarmenaren negoziazio egoera salatu dute eta bidezko hitzarmenaren aldeko mobilizazioak hasi dituzte

Ohar honen bidez, CTLpack Vitoria S.A. (lehen Tuboplast Hispania) enpresako ESK, ELA, CCOO, LAB, USO eta UGTko atal sindikalek publikoki salatu dute Hitzarmen Kolektiboaren...

Martxoaren 17an, greba orokorra: LGS hemen erabaki

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorra deitu dute datorren martxoaren 17an, Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko. ELAk,...