2024-12-22
HomeEkintza SindikalaMobilizazio olatu berri bat Osakidetzan, Jaurlaritzak osasungintza publikoaren egoera larriari behingoz konponbidea...

Mobilizazio olatu berri bat Osakidetzan, Jaurlaritzak osasungintza publikoaren egoera larriari behingoz konponbidea jar diezaion

Osasungintza publikoaren egoera larria dela eta, eta Jaurlaritzako Osasun Sailaren inmobilismoa eta konponbiderik ezaren aurrean, Osakidetzako langileek eta sindikatuok mobilizazio olatu berri batekin emango diogu amaiera otsailari. Hala, azken asteotan gauzatutako dinamika mobilizatzaileari segida emateko, ostiralean, otsailak 25, greba egin dugu Lehen Arretan, Bilbon, Gasteizen eta Donostian deitutako manifestazioen bezperan. Astelehenean, otsailak 28, berriz, Osakidetzako esparru guztietan egingo dugu greba.

Lehen Arretan egindako grebari dagokionez, inoiz baino jarraipen zabalagoa izan du, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri arren; azken hamarkadako jarraipenik zabalena, hain justu. zenbait kasutan %100ekoa izan da jarraipena.

Urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok argi eta garbi esan dezakegu Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela pauso bakar bat ere eman, eta ez dutela neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko. Halaxe salatu dugu berriro, Lehen Arretan egindako greban.

Lan zentroetan bizi den egoera gero eta prekarioagoa den bitartean, Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea, neurri bakar bat ere proposatu gabe eta aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe. Are gehiago, pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikekin aurrera jarraitzeko.

Kolapso egoera eta osasun-arreta jasotzeko zailtasunak agerikoak dira herritarren artean; paraleloki langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, baita irekita dauden hainbat gatazketan.

Gure osasun-sistema publikoa etengabeko erasoa jasaten ari da, eta horrek aliantza bat eragin du Osakidetzako langileen eta herritarren artean, azken asteetan ikusi dugun bezala. Aliantza horrek jartzen ditu zalantzan EAJren gobernuaren osasun-politikak.

Hori gutxi balitz, Osasun Sailak Mahai Sektoriala edukirik gabe utzi egin du. Aspaldidanik, informazioa emateko esparrua da hori; bertan ez da ezer negoziatzen, eta Osakidetzak inposatu egiten ditu bai landu beharreko gaiak, baita horien edukia ere. Hain da okerra egoera, Osakidetzak ez dituela betetzen bertan hartutako akordioak. Sindikatuekiko elkarrizketa gutxiesten du, eta gure osasun sistema publikoaren kudeatzaileen izaera antidemokratikoa gero eta larriagoa da.

Mahai Sektoriala osatzen dugun sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu bere jarrera erabat aldatzeko eta langileen aldarrikapenei erantzuteko, gabezia horiek guztiak konpontzeko.

Aldarrikapenak

Hauek dira Osakidetzak martxan jarri behar dituen aldarrikapenak:

-Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023. ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz.

-Plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko.

-24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz.

-Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne.

-EAGetan aplikatutako murrizketa guztien rebertsioa: berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea.

-Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea.

-Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan.

-Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak.

-Irekita dauden gatazkak konpontzea: txanda osagarria, %4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera.

-Plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko duten neurriak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...