Gaur, euskal gehiengo sindikala kalera atera da, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera indarrak eta aldarrikapenak batuz. Pentsio duin eta nahikoak eta hemen erabakitako gutxieneko soldata baten aldeko borrokak batzen gaitu.
EAErentzat eta Nafarroarentzat gutxieneko soldata bat negoziatzea aldarrikatzen dugu. Horregatik, CEN eta Confebask patronalen jarrera antidemokratikoa salatu behar dugu, mahai batean eseri eta negoziazio aukerari uko egin diolako. Badakite Espainiako Estatuko gutxieneko soldata ez dela nahikoa Euskal Herrian bizi proiektu bat aurrera eramateko. Enpresen lehiakortasunaz mintzo dira gutxieneko soldata igo nahi ez izateko. Hala ere, enpresa handiek, hala nola energiakoek edo bankuek, irabaziak handitzen dituzte etengabe. Euskal gehiengo sindikalaren proposamenak milaka langileri egingo lieke mesede, batez ere sektore prekarizatuenei (sektore feminizatuak, arrazializatuak, aniztasun funtzionala, gazteak eta abar).
Borroka hau pentsio nahikoak lortzeko borrokarekin lotzen da, soldata duinik gabe ez baitago pentsio duinik. Milaka pentsiodunek gutxieneko soldataren azpiko pentsioak jasotzen dituzte; batez ere, emakume pentsiodunek, % 40 inguruko aldea baitago pentsioetan. Horregatik, MPEHk gauzatutako eta dagoeneko milaka sinaduren bidez babes sozial handia jaso duen Herri Ekimen Legegilea aktiboki babesten dugu.
Datozen hilabeteetan, euskal gehiengo sindikalak ere EAEn HEL bat egingo du, gure gutxieneko soldata hemen erabakitzeko eskumena lortzearen alde. Nafarroan HEL-a ez da tramitera onartu, hala ere, sinadurak bilduko ditugu langile klasearen artean gure aldarrikapenak babes sozial nahikoa duela frogatzeko. Era berean, Nafarroan, gehiengo sindikala apirilaren 14an mobilizatuko da CENetik Nafarroako Parlamentura langile klasearen aurkako jarrera atzerakoia salatzeko.
Aberastasunaren banaketa justuaren alde eta gure errealitatearekin bat datorren soldata eta pentsio minimoen alde mobilizatzen jarraituko dugu. Hemen bizi gara, berton lan egiten dugu; hemen erabaki dezagun.


















