2024-11-22
HomeIndustriaMetalgintzaMilaka langile ArcelorMittalen itxieraren kontra kalean

Milaka langile ArcelorMittalen itxieraren kontra kalean


Larunbatean milaka langilek Zumarragako kaleak hartu zituzten jokoan diren 351 lanpostuen eta Zumarragako lantegiaren jarraipenaren defentsan. "Por una política industrial real, Arcelor ez itxi" lelopean, instituzioei industriaren etorkizuna bermatuko duten politikak martxan jartzeko exijitu zieten. Langileak, sindikatuen babesarekin, borrokan jarraitzeko erabaki irmoa erakutsi dute asanbladan, eta bide horretan datorren asteazkenean 24 orduko geldialdia egingo dute.

Gezurrak gezur, Arcelor Mittal Sestao eta Zumarraga bideragarriak dira

Zergatik diogu hau?

– Arcelor Mittalek lantoki hauetara lan-zama ekarriko duela esanez agindu eta lotu duen guztia ez du bete.
Gogora dezagun, duela urte eta erdi, Zumarragako Arcelor Mittal berak, malgutasun osoaren ordainez, agindu zuela lan-zama gehiago ekarriko zuela, baita lan-txanda gehiago zabalduko zituela ere. Ez du ezertxo ere bete. Langileek bakarrik bete dute hitza. Orduan gezurretan ari ziren, eta gaur egun, gezurretan ari dira. Horrexegatik ez zuen sinatu LABek inposaketa hura orduan.

– Ez dute ia inolako inbertsiorik egin lantoki hauetan.
Horrek tupust egiten du aurten bertan Asturiasen dituen lantokietan aurreikusi dituzten 275 milioi eurotako inbertsioekin. Beraz, argi dago zein den euren apustu estrategikoa, Asturiaseko lantokiak indartzea alegia. Eta honen aurrean, gure galdera da: lantegi horiei ez die Txinako altzairuak eragiten ala? Merkatuaren ondorioa da edota multinazionalaren erabakia?

– Taldearekiko duten menpekotasuna erabatekoa da. Opakotasuna erabatekoa da.
Lehengaia nahiz txatarra Arcelor Mittal taldeari erosi ohi diote, hark ezartzen duen prezioan. Ekoizpena, zuzenean eta osoki, saltzen diote taldeari; hortaz, taldeak ezarri ohi du erosteko prezioa, zeinak erabakitzen duen prezioan saltzen baituen berriro. Horrela, nahiz eta ACBri eta Zumarragari galerak egotzi, Taldeak dirua irabaz dezake. Hortaz, haren kontuen eta emaitzen opakotasuna erabatekoa da.

– Enplegua suntsitu eta lan-baldintzak okertu ditu.
Langileen lan baldintzak okertu ditu; zuzeneko enplegua suntsitu du, eta azpikontratazio handiago batez ordezkatu du. Hots, haren langileei “dumpinga” ezarri die.

– Beste lantokietara lan-zama igorri dute.
Aurten ACBk duen lan-zama Asturiasen eta Frantzian dauzkan lantegietara igorri du; dirudienez, hauei ere eragiten die Txinako altzairu merkea sartu izanak.

Bide batez, esan, Txinan altzairu merkea ekoizten duela eta mundu mailan dagoen altzairu ekoizle handiena dela.
Beraz, gauza hauek guztiek ez dute zerikusirik, ez altzairu txinatar merkearekin ezta argindarraren prezio garestiarekin ere.

Honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak…

•2011. urtean, multinazionalari saldu zizkion bere esku zeuden akzioak (%10), krisialdiaren gordinean, baita BBK-k zeuzkan beste %10a ere. Langileak bazter utzi ditu.

•Ez dugu, multinazionalari eskaera argi eta garbia egin diola aditu, Sestaoko ekoizpenari berriro ekitearen harira. Ezta Zumarragakoaren kasuan ere.

•Multinazionalak zabaldu duen tesia bere egin du, altzairutegia itxi izanaren erantzule Txinako altzairua eta energiaren kostu handia eginez. Hortaz, multinazionalak ez du inolako ardurarik honetan. Are gehiago, haren eginkizuna Bruselan txosten bat aurkeztera mugatu da, non besteak beste, multinazional honen eskakizunak biltzen diren. Hartan ez da inolako konpromisorik eskatzen bere altzairutegientzat. Hortaz, errealitatean, bien itxiera justifikatzen ari da.

•Behin, Zumarragako itxieraren berri eman ondoren, agerian geratu da haren gaitasunik eza, nahiz multinazional handiekiko mendetasuna. Agerian utzi du ere, ez duela gure herriarentzako benetako industria politikarik.

•Honengatik guztiarengatik, Industria Sailburua den Arantza Tapia anderearen dimisioa eskatzen dugu. Zu ezgaitua zaude Arcelor Mittali ardurak eskatu ahal izateko. Zu haien itxura txukuntzen jardun zaren bitartean, langileei, etengabe, arduratsu jokatzeko eta sakrifizioak egiteko eskatzen zenien. Oso gogoan dauzkagu, duela urtebete, multinazionalak Zumarragako lantokia ixteko mehatxu egin zuenean, egin zenituen adierazpenak.

LABek exijitzen du…

Tamalez, halako bakardadean utzi gaituzte ACB zein Zumarragako langileak. Dena dela, LAB borrokatuko da biak berriro zabal daitezen, bideragarriak direlako eta etorkizuna dutelako. Baina hori jazo dadin, neurriak bideratu eta sustatu behar dira. Multinazionalari zein erakundeei eskatzen diegu:

1.Jendartean ACB eta Zumarragaren aldeko konpromiso argi eta garbia har dezaten. ACBko lantegia berehala zabal dadila eskatzen dugu eta Zumarraga ixteko mehatxua bertan behera uztea.

2.Arcelor Mittali eskatzen diogu bi lantokiei jarraitutasuna emango dien Industria Plana egin dezan.

3.Hainbat neurri hartu behar dira, adibidez, enpresek eta partikularrok ordaintzen ohi dugun elektrizitatearen prezioa merkatzea. Altzairutegi hauen aldeko borroka, energia demokratizatzearen aldeko borroka da. Finantza botere espekulatibo handien tiraniarekin amaitu behar da, egiazko ekonomiaren eta klase herritarren etsaiak direlako.

4.Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzaren (I+D+I) hautua errealitate bihurtuko duen konpromisoa. Sektoreak bultzada publikoa behar du produktuen dibertsifikazioa eta kalitatea hobetzeko, teknologia eta informatika programak edota ekoizpenari loturiko softwareak hobetzeko. BPGren pontzentaiaren arabera, ikerketa, garapena eta ikerkuntzan (I+D+I) egiten den inbertsioa gurearen antzeko errenta per kapita duten beste herrialdeek xedatzen duten ia-ia erdia da.

5.Bestelako neurriak bideratzea.

Azkenik, euskal jendarte osoari dei egiten diogu antolatuko diren mobilizazio guztietan parte har dezan

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.