2024-12-22
HomeEkintza SindikalaMilaka jakinarazpen trabatuta daude Correosen, langile faltagatik

Milaka jakinarazpen trabatuta daude Correosen, langile faltagatik

LABek Arabako Correosen duen atal sindikalak salatu du Correoseko zuzendaritza berriak egindako murrizketak eta kontrataziorik egin ez izanak kaosa sortu duela posta banaketan. Are gehiago orain, udan, oporretan dauden langileak ez baitira behar bezala ordezkatzen ari.

Banatu gabeko milaka bidalketa daude Gasteizen, Lautadan, Añanan, Gorbeialdean eta abar, oporretan edo bajan dauden langileak ez direlako ordezkatuak izaten ari. Badira hilabetez baino gehiagoz banaketarik egin gabe dauden zonaldeak. Horri gehitu behar zaio enpresarentzat lehentasuna paketeria jakin bat banatzea dela, jakinarazpenen banaketa alde batera utziz, herritarrentzat oro har oso garrantzitsuak izan arren.

Langileei esaten zaie urtean milaka milioi euro gordin fakturatzen dituzten enpresa multinazionalen paketeak banatzea lehenesteko, eta, bitartean, jakinarazpen ofizial, mediku-hitzordu, epaitegietako jakinarazpen, burofax eta enpresa txiki edo partikularren paketeen banaketa etenda geratzen da. Galdera egin beharrean gaude: posta zerbitzu unibertsala betetzen du ala zergarik ordaintzen ez duten Internet bidezko enpresa erraldoien interesak asetzen ditu Correosek?

Correosek ia kontrataziorik ez du egin oporraldian, eta bajak ez dira ordezkatu, eta, gainera, aipatutako enpresa horien interesak interes orokorraren gainetik jartzea erabaki du. Hori dela eta, kaosa sortzen ari da zerbitzu publikoan. Milaka jakinarazpen trabatuta daude Correosen. Bi adibide jartzearren: abuztuaren hasieran 8.000 jakinarazpen baino gehiago pilatuta daude Zabalgana, Sansomendi eta Lakua auzoei dagokionez, eta 6.000 baino gehiago Txagorritxu, El Pilar, Errota eta Zaramagako zonaldean.

Zerbitzu publikoek giza beharrei erantzun behar diete, eta ez errentagarritasun ekonomikoari, eta inondik ere ez lukete multinazionalen zerbitzura egon behar. Correosek behar bezalako plantilla izan behar luke posta zerbitzu unibertsala behar bezala bermatzeko, herritarren eskubidea baita. Horregatik, lan baldintza duinak eta posta publiko eta kalitatezkoa aldarrikatzen ditu LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...