2024-12-22
HomeIndustriaMetalgintzaAurreakordio historikoa lortu dugu Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenean, borroka historiko baten ostean

Aurreakordio historikoa lortu dugu Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenean, borroka historiko baten ostean

Bizkaiko Metalgintzako Mahaiko gehiengoaren babesarekin, aurreakordio historikoa sinatu dugu gaur Bizkaiko Metalgintzako sektorean. Historikoa, orain arte sektore honetan ez zeuden edukiak lortu ditugulako. Borroka honen hasieran prekarietatea eta diskriminazioa borrokatzea jartzen genuen helburu nagusitzat, sektorean ematen diren egoera prekarioei aurre egiteka; subrogazioa, estatalizazioa, dualitatea, behin-behinekotasuna, lan osasuna, berdintasunik eza… eta, bide horretan, aurrera urrats historikoak lortu ditugu.

Hauek dira aurreakordiaok jasotako lorpenak:

SUBROGAZIOA mantenua egiten duten langileentzat. Euskal Herrian industria eremuko lehen hitzarmena da subrogazioa lortzen duena.

EMAKUMEEN DISKRIMINAZIOARI aurre egitea. Sektore honetan emakumeen aukera berdintasunean aurrera egiteko neurriak (soldata arrakalarekin amaitzeko ezinbestekoa dena). Gai honetan ere aurrerapen garrantzitsuak lortu dira berdintasun batzorde bat sortzeko konpromisoarekin, enpresetan berdintasun planak egitearekin eta kontratazioa langilearen sexua kontutan izan gabe egitearekin, kasu. Hurrengo urteetan emakumeen presentzia sektore honetan hazten joatea ekarriko dute neurri horiek. Bizkaiko emakume langileek ez dituzte alferrik egin bi greba feminista Martxoaren 8ko testuinguruan. Lan munduan ere borroka feministak aurrera darrai.

DUALITATEA eta ESTATALIZAZIOAREN mehatxuarekin amaitzea. Metalgintzako langileek urteak zeramatzaten hitzarmenik izan gabe eta eremuko langile berriak dualitatea pairatzen (lan baldintza desberdinak lan bera egiteagatik). Halaber, langile guztiei eragiten zien estatalizazioaren mehatxuak. Hitzarmena berritzearekin lortu dugu prekarietatea hedatzeko bi egoera hauek sektoretik desagertzea.

MALGUTASUNA eta BEHIN-BEHINEKOTASUNA elkarlotu egin dira, sektorean lehen aldiz. Alegia, patronalak flexibilitatea baliatu nahi badu, behin-behinekotasun portzentaia muga batzuk errespetatu beharko ditu. Horrela, malgutasunari mugak jarri eta langileen egonkortasuna bultzatzen da.

KONTRATAZIO ZUZENA BULTZATU eta ETT bidezko kontratuak desagertzeko bidea ireki da, ETTko langileek pairatzen dituzten egoerekin amaitzeko.

LAN OSASUNEAN URRATS BERRIAK lortu ditugu lan osasun galera dakartzen egoerak sektoretik desagertzeko bidean jartzeko. Bizkaiko Metalgintzako langile ugari lanaren ondorioz hil edo gaixotu egin da azken urteetan (2018an Bizkaiko Industria eremuan 3 langile hil ziren lan istripuz, Euskal Herrian hildako langileen %7,31; eremu berean, 892 gaixotasun profesional erregistratu ziren urte horretan).

SOLDATETAN IGOERA. Langileek garrantzia handia ematen diote jasotzen duten soldatari, bizitza duin baterako ezinbestekoa dena. 2019rako KPI + 1’75eko igoera lortu da, eta 2020 eta 2021ean KPI +1.5eko igoera.

Hori guztia lortu dugu Bizkaiko Metalgintzako borrokan. Langileek lortu dute. Borrokarako determinazioak eta gaitasunak ezaugarritu eta ahalbidetu dute borroka hau. Langileek izan dute mobilizazioen arrakastaren giltza, greben jarraipen historikoaren giltza, piketeeten jarrera eredugarriaren giltza.

10 greba egun egin ditugu eta beste 8 greba egun egiteko prest ziren langileak, patronalak gure aldarrikapenak onartu izan ez balitu. Denon artean borroka historikoa egin dugu. Garai berri bat ireki da Bizkaiko Metalgintzan, lan munduan eta jendartean. LAB sindikatuaren aitzindaritza funtsezkoa eta erabakigarria izan da borroka hau sortu, bidea egin eta helmugara iristeko. Harro gaude egindako lanarekin eta harro gure oinarriekin:

Hasieratik hitzarmen sektoriala irmoki defendatuz

-Hitzarmen sektorialaren beharra defendatu dugu beti.
-Enpresa negoziaketa dagoen eremuan ere sektore hitzarmenaren ezinbestekotasuna argi utzi dugu.

Azkeneraino borrokaren beharra irmoki defendatuz

-Aurreko premisak oinarri hartuta, baldintzak sortu ditugu elkarlan sindikalari bide emateko. Elkarlan bera premisa horietan oinarritua egon da.
-Elkarlan sindikalaz gain, aliantza soziala ere izan dugu borroka honetan. Eragile sozial ugari izan ditugu bidelagun. Gure eskerrak denei. Eremu bateko zein besteko, borroka denak langile klasearenak direla erakutsi dugu.

Eskubideak eta lan baldintzak defendatu eta lortzeko borrokatzea beste biderik ez dago, eta langileek hori argi dute. Zoriondu nahi ditugu LABetik. Ohorea eta plazerra izan da borroka hau partekatzea.

LAB sindikatuak bihar bertan partekatuko du aurreakordioa bere delegatuekin, berrespena emateko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...