2025-03-17
HomeZerbitzu PribatuakMerkataritzaMerkataritzako akordio markoa, urrats bat esparru propiorako bidean

Merkataritzako akordio markoa, urrats bat esparru propiorako bidean

Bi urte dira honezkero LABek patronal zein sindikatuei EAEko esparruan akordio marko sektorialak sortzea proposatu ziela. Euren artean dago merkataritzakoa, hitzarmen sektorialek erreformaren ondorioz negoziazio-eremu estataletik jaso behar zituzten erasoetatik babesteko, negoziazioa debekatuz edo gaiak lapurtuz. Bestalde, enpresa eremutik ere etor zitezkeen erasoetatik ere babesten ditu hitzarmenak (enpresakoan sektorialean jasotakoa okertzeko aukera). Orduan kritikak baino ez genituen jaso ELA zein patronalaren aldetik, akordio-markoek ezertarako balio ez zutela esanez.

Gaur, azaroaren 25ean, eta gure proposamenetik urte bi igaro ondoren, LABek lortu du sindikatu zein patronala erakartzea merkataritzako hitzarmen sektorialak babestuko dituen akordio marko batera. Lorpen partziala da, LABen helburua zelako eta delako aipatu akordio marko horretan hitzarmen sektorialetan jasotakoa enpresa-hitzarmenetan okertzea mugatuko duten neurri posible, legal eta beharrezkoak sartzea. LABek konpromisoa erakusten du orain arte bezala lanean jarraituko duela aipatu neurriak sartzea lortzeko.

LABek urte luzeak daramatza Euskal Esparrua aldarrikatzen. Honen bidez arautuko lirateke lan harremanak Euskal Herrian. Gaur sinatutakoa bezalako merkataritzako akordio markoak Esparru propioa lortzeari begirako pausoak dira, eta agerian uzten dute bere beharrizana. Hau ez da LABen aldarrikapena soilik. Ematen du beste eragile patronal eta sozialek hausnarketa berdina egiten dutela.

Euskal Herrian Lan Harremanetarako Euskal Esparrua garatzen jarraitzeko urratsak eman behar ditugu, akordio marko gehiagorekin edo gure hitzarmen kolektiboak babestuko dituzten akordio interprofesionalekin, lan-baldintzen prekarizazioa eta langabeziari amaiera emango diogen akordioekin. LABek bere prestasuna adierazten du bide hori zeharkatzeko.

Orain dei egiten diogu patronalari Akordio Markoez gain, negoziazio kolektiboa ere desblokea dezan, lan-zentroetan bizi diren arazoei erantzungo dieten eskaintzak eginez, lan-baldintzen prekarizazioari, bereziki.

Bestalde, ELAk hausnarketa sakona egin behar du. LABen ekimen hura, erraietatik kritikatu zuena duela bi urte, orain beharrezkoa da merkataritzako hitzarmen sektorialak balioan jartzeko. Bigarrenik, gehiengoa duen sindikatuak gure negoziazio esparruen defentsan buru-belarri sartzeko beharra duela, denbora pasatzen utzi eta etsi beharrean.

Azkenik, CCOO eta UGTri aipartzea ulertezina eta bateraezina dela EAEn akordio markoak sinatzea gure negoziazio esparruak esparru estataletik datozen erasoetatik babesteko, eta modu paraleloan Madrilen hitzarmen estatalak sinatzea esparru autonomiko eta herrialdekoetan negoziatzea debekatzen dutenak, hala nola kontserberak, kolektibitateak, eraikuntza… edo hau ezerezean uztea gaiak lapurtuz. Ezinezkoa da hemen gauza bat egiten egotea eta kontrakoa Madrilen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi langile hil dira aurten luma garabiak erabiltzen ari zirela

S.F.P. 62 urteko langilea hil da gaur goizean, eraikuntza lanetan ari zela, Arratzun, Bizkaian. Amuriza Cubiertas y Rehabilitaciones, SL enpresako langilea, luma garabi batekin baserri batetako teilatura materiala igotzen ari zela, goi tentsioko kable batera gerturatu da eta deskarga bat jaso du.

Mahai Orokorreko sindikatuok greba deitu dugu apirilaren 9rako Nafarroako Administrazio osoan

LAB, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok prentsaurrekoa eman dugu Mahai Orokorrean langile publikoen lan-baldintzen benetako negoziazioa eskatzeko, foro horrek baitu langileen zilegitasuna eta babesa.

Marinaledan egindako SAT sindikatuaren IV. Kongresuan parte hartu du LABek

Sindikatua eraiki, herria eraiki lelopean egin du bere IV. Kongresua Andaluziako SAT sindikatuak; ekintza sindikalean jauzia emateko eta kapitalismoa gainditzeko Andaluzia burujabearen norabidean aurrera egiteko bokazioarekin.