2025-02-20
HomeEkintza SindikalaMercedes-eko langileei iruzurra egin diete Eusko Jaurlaritzak, zuzendaritzak eta sindikatu sinatzaileek

Mercedes-eko langileei iruzurra egin diete Eusko Jaurlaritzak, zuzendaritzak eta sindikatu sinatzaileek

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak atzo egindako adierazpenen ondoren, LABen ustez argi geratu da erakundeek, enpresako zuzendaritzak eta sindikatu sinatzaileek Mercedeseko langileak engainatu nahi izan dituztela. Asteleheneko bozketaren emaitza eta inbertsioak faltsuki batu nahi izan dituzte, xantaia gisa erabili nahi izan dute, plantilla egiten ari zen borroka baldintzatu eta aldarrikapenak lausotzeko.

Asteleheneko bozketaren ondoren, atzo Eusko Jaurlaritzako bozeramailea adierazpen harrigarriak egin zituen: emaitza gorabehera multinazionala “konbentzitu” behar zela Gasteizko lantegian 1.200 milioi euroko inbertsioak egin zitzan. LABek oso larritzat jotzen ditu adierazpen horiek, erakusten baitute inbertsioak eta bozketaren emaitza batzen zituztenek bozketa baldintzatzeko baino ez zutela egiten, langileak presionatuz eta plantilaren borroka desaktibatzeko.

Argi dago asko zela jokoan zegoena, eta ez hain zuzen lantegiaren bideragarritasuna. Askok ikusi dute Mercedesen borrokan klase-interesen kontu bat, eta lerrokatu egin dira fabrikako zuzendaritza, erakundeak, hitzarmen-sindikatuak, patronala, komunikabideen zati bat, patronala… Mercedeseko langileen borroka baldintzatu eta geldiarazteko makineria oso bat jarriz: zuzendaritzaren xantaiak, sindikatu sinatzaileen presioak, euskal erakundeen presioak lehendakaria buru dela baita komunikabide batzuena, patronalarena, arduradunek mehatxuak langileei, batez ere ebentualei, sistema telematiko bat inposatzea hori guztia justifikatzen zuen inolako arrazoirik gabe, bozka telematiko horren filtrazioa gaueko txandak bozkatu aurretik… Denak balio izan die. 

Mercedeseko langileek, besteak beste, erosteko ahalmena ez galtzea eta kontratazio berriei prekaritate handiagoa eta 12 orduko lanaldiak ez ezartzea aldarrikatzen zituzten. Gaur egun, inork ezin du esan zergatik ziren aldarrikapen horiek Gasteizko lantegiaren bideragarritasunerako arriskutsuak, 2021ean 62 milioi euroko irabaziak izan eta 265 milioi euro dibidenduetan banatu ondoren. Beraz, sektore askok borroka hori gelditzeko interes estrategiko bat zuten, plantillaren erosteko ahalmenari eustea ez gauzatzeko, bizitzaren kostua asko igotzen ari zen une batean.

Hala eta guztiz ere, tailerreko langile gehienek makineria horri guztiari aurre egin diote, eta lortu dute akordio horri uko egitea gehiengoa izatea plantillaren zati horren artean, azken emaitzan hitzarmenetik kanpoko langileen botoa erabakigarria izan den bozketan.

Nolanahi ere, LABek uste du borroka-prozesu osoa aztertu behar dela, eta, zentzu horretan, balorazio positiboa egiten dugu garatutako borrokaz, historikoa izan baita: ia erabateko greba-egunak, ekoizpena geldituta, langileak kalean… Zentzu horretan, gauza bat ukaezina da: 6. gauarekiko eta soldata-igoerekiko aurrerapenak ez dira lortu zuzendaritzaren eskuzabaltasunagatik, ez sindikatu sinatzaileen jarrera otzanagatik, ezta Urkulluk Alemaniara egindako bidaiagatik ere, plantillaren borrokari esker baizik.

Borroka horrek Gasteizko Mercedesen etorkizuna markatu duela uste dugu, ezer ez baita berdina izango: langileak ahaldundu egin dira, sinesten dutenaren alde borrokatu dira, eta jada ez dira posible izango pasteleoak negoziazioetan, non eskubideak galtzen diren etengabe, orain arte bizi izan dugun bezala. Horri dagokionez, oraindik ere eskatzen dugu irizpide objektibo batzuk adostea kontratuak mugagabe bihurtzeko, emakumeak bezalako kolektiboen diskriminazioa saihesteko eta faboritismo-susmoekin amaitzeko.

Horregatik guztiagatik, berriz ere zorionak eman nahi dizkiegu baldintza duinak izatearen alde borrokatu diren langileei, egungo eta etorkizuneko langileentzat borrokatu baitira, langile klasearen borrokari ekarpena eginez, beste enpresa eta sektore batzuentzat eredu bihurtu baitira. Era berean, borroka hori babestu dutenak ere zoriondu nahi ditugu, langileen familietatik hasi eta borroka horrekin bat egin duten beste enpresa eta sektore batzuetako ordezkari eta kideenganaino. Borrokaren garrak piztuta jarraitzen du eta aktibatu egingo da beharrezkoa denean. Mercedesen, bozketaren emaitza orokorra gorabehera, duintasunak irabazi du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek kezka adierazi nahi du Eusko Legebiltzarrak EITBko administrazio kontseilurako UGTren ordezkaria hautatuko duelako

19 kide aukeratu behar dira, eta horietariko bat sindikatuetako ordezkari bat izan ohi da. Oraingoan, badirudi negoziazioetan EAJk sindikatuetako ordezkaria UGTko kidea izatea inposatu duela, logikatik at.

Hezkuntza publikoaren alde mugitzen ari gara

Gaur "Hezkuntza Publikoaren alde - Muévete por la Pública" kanpainaren lehen lanuztea egin dugu Baztan-Bidasoa eskualdean. Hiru elkarretaratze eta beste hainbeste asanblada jendetsu izan ditugu Beran, Elizondon eta Donezteben. Bertako irakasleekin bildu gara eta lehen eskutik jaso ditugu beraien kezka eta proposamenak. Beste behin ere argi geratu da Hezkuntza Departamentuak inbertsioa handitzea beharrezkoa dela, besteak beste inklusioa bermatzeko, nabaria baita baliabide pertsonalen falta, ikasleen beharrak asetzeko irakasle gehiagorena alegia.

Hezkuntza Publikoko sukalde eta garbiketan LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak hirugarren egunez %70etik gorako jarraipena izan du

Hezkuntza Saileko Sukalde eta Garbiketako 1.000 langile izan dira gaur, otsailaren 19a, grebara deituak. Urtarrilaren 30eko eta 31ko grebetan bezalaxe grebak jarraipen oso zabala izan du, %70etik gorakoa.