2024-12-22
HomeEkintza SindikalaMecanerren itxiera ekidin eta Euskal Herrian industriaren eta enpleguaren etorkizuna bermatzeko politikak...

Mecanerren itxiera ekidin eta Euskal Herrian industriaren eta enpleguaren etorkizuna bermatzeko politikak exijitu dizkiegu instituzioei

Urdulizeko automobilgintza lantokiaren jabe den Stellantisek 2023ko irailean jakinarazi zuen enpresa ixteko erabakia, eta orain Enplegu Erregulazio Espedientearen kontsulta epean murgiduta dago Mecaner. Bada, langileek erakutsi dute enpresaren bideragarritasuna eta jarraikortasuna posible direla, eta une erabakior honetan arduradunek esku hartzea premiazkoa da.

Mecanerrek 60 urte baino gehiagoko historia dauka, eta Stellantisen erabakiaren ondorioz, 144 lanpostu daude kolokan gaur egun.

Ixteko mehatxuaren aurrean, langileek etorkizuneko aukera sortu nahi izan dute hasiera-hasieratik. Horren helburua argia da: Mecaner eta bertako lanpostuak salbatzea eta eskualdeko industria-ehuna defendatzea.

Horretarako plan bat daukate beharginek: Euskal Herrian lehenengoz trantsizio ekosozialeko plan bat aurrera eraman dute. Enpresaren eta instituzioen utzikeriaren aurrean, Mecanerren etorkizunarengatik borrokatzea erabaki dutela nabarmentzekoa da.

Langileek eginiko trantsizio plan hori negoziaketa kolektiborako tresna bat izan da. Eragile eta instituzio ezberdinekin bildu eta aliantzak sortzeko aukera eman die. Plan honetan, industriaren eta automobilgintzaren sektorearen azterketa sakon bat egin dute. Mecanerren dauden baliabideak eta jakintzak kontutan hartuta, Mecanerren jarduera industrialak aurrera jarraitzeko produktu alternatiboak bilatu dituzte, baita aurkitu ere, hazkundean dauden sektoreak eta dirulaguntza publikoa jasotzen ari diren produktuetan arreta jarriz.

Ikerketa honek emaitzak eman ditu. Mecanerren baliabideekin, makinekin eta berau osatzen duten pertsonen jakintzarekin ekoitzi ahal izango liratekeen hainbat produktu ezberdin proposatu dituzte, eta horietako bakoitzaren bideragarritasun teknikoa aztertu dute, baita plana aurrera eramatea ahalbidetuko luketen kudeaketa eta jabetza ereduak ere. Bestalde, planaren baitan hainbat finantziazio iturri bilatu dituzte.

Ondorioa argia da: Mecaner bideragarria da Stellantisekin edo Stellantis barik, trokelak egiten edo produktu alternatiboak egiten. Mecanerrek etorkizuna dauka.

Plana guztiz bideragarria da, eta horren adibidea da Espainiako Lan Ministeritzak eskatuta Mecanerreko komitearekin bilera bat egingo duela. Bada, LABen Mecanerreko ordezkariek zera esan nahi diote Yolanda Diaz Estatuko Lan Ministroari: hitz eta argazkietatik ekintzetara pasatzea. Aukerak badaude eta posible da horretarako borondatea izatekotan. Horixe eskatzen diete instituzioei, Eusko Jaurlaritzari hain zuzen, borondatea eta inplikazioa.

Trantsizio bat behar du automobilgintzak eta ekonomiak, oro har. Azken urteetan Euskal Herriko ehun industriala desagertzen joan da, inguruko enpresa asko eta asko itxi dituztelarik eta zerbitzuen enpresa handiek eta kateek hartu dituztelarik haien tokiak. Industriaren desagerpena ahalbideratu dute instituzio eta alderdi ezberdinek. Euskal Herriko industriaren desegitearen erantzuleek izen eta abizenak dituzte.

Industriaren suntsiketak, gainera, enpleguaren suntsiketara eta prekaritatera kondenatzen gaitu hemen lan egin eta bizi garen herritarrok.

Horregatik, Euskal Herriko industriaren eta enpleguaren etorkizuna bermatuko duten politika industrialak behar ditugula uste dugu LABen, eta industriaren eta automobilgintzaren trantsizio sozialki justua eta jasangarria aurrera eramateko neurriak hartu behar direla, baita hori posible egiteko trantsizio batzordeak sortu ere.

Enpresaren ixteko erabakiaren aurrean, eta instituzioen utzikeriaren aurrean, guri dagokiguna egin dugu, lanpostuak defendatzeko borrokatu baitugu.

Orain alderdi poltiko eta insitituzioei dagokie. Konpromisoak hartu eta beren ardura betetzea exijitzen diegu:

  1. STELLANTIS: EREaren negoziaketan argi gelditu da enpresa ixteko arrazoiak ez direla existitzen. Mecaner ixteko erabakia erabaki estrategikoa da, produkzioa merkeago ekoitziko duten leku batera eraman nahi dute. Horregatik, Stellantisi EREa kentzeko eta Mecaner zabalik mantentzeko aukerak aztertzea eskatzen diogu.
  2. EUSKO JAURLARITZARI: Paper aktibo eta erabakigarri bat hartzea 144 lanpostuen eta Mecanerreko etorkizunaren defentsan.
  • Stellantisekin eta langileokin batera Mecanerren etorkizunaz hitz egiteko mahai negoziatzaile bat eratzea.
  • Zuen esku dauden baliabide eta tresna guztiak erabiltzea Mecanerrentzat etorkizun bat bilatzeko.

Ez dago aitzakiarik, plan bat dago, eta borondatea badago, Mecanerrek etorkizuna du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...