2024-12-28
HomeEkintza SindikalaMecaner herriarentzat plataformak Jaurlaritzari eskatu dio Urdulizgo enpresaren erosketa publikoa bideratzea

Mecaner herriarentzat plataformak Jaurlaritzari eskatu dio Urdulizgo enpresaren erosketa publikoa bideratzea

Atzo agerraldia egin zuen plataformak Urdulizen, eta bertan parte hartu genuen Mecanerreko langileek, LABek, ESK-k, Urduliz eta Lemoizeko alkateek eta Uribe Kostako udaletako zinegotziek; Ernai, Ikama, Ekologistak martxan, Subflubialari ez, Jauzi Ekosoziala, Otxantegi eta Gune ekosozialistako ordezkariek eta EHUko irakasle eta Ekopol Ikerketa taldeko kideek.

Jarraian dituzue Itziar Iratzagorria Urdulizgo alkateak eta Jauzi Ekosozialeko Aitor Gallestegik azaldutakoak:

2023ko irailean Stellantis multinazionalak Urdulizko Mecaner enpresaren itxiera zekarren EEE bat aurkeztu zuen. 2024ko maiatzean denok saihestu nahi izan genuena gertatu zen: 144 langileak kaleratu eta enpresa itxi egin zen.

Itxieraren ondoren, Mecaner herriarentzat plataforma bultzatu genuen LAB eta ESK sindikatuen, Jauzi eta Gune Ekosozialista eragile ekologisten eta Urdulizgo Udalaren artean.

Alde batetik, Mecanerren erosketa publikoa bultzatzeko eta bestetik, prozesu parte-hartzailea abian jartzeko helburuekin egin genuen. Baina ez edozein prozesu, baizik eta eskualdetik eta herritarrekin batera zer ekoitzi, nola eta zertarako erabakiko duena. Hau da, Mecanerren esperientzia aprobetxatu nahi dugu benetako trantsizio ekosozial justuko prozesua hasteko, eta horrela, Stellantisek suntsitu duen enplegua berreskuratzeko.

Une honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorrak negoziatzen ari dira. Berrindustrializazioaren, enpresa-sustraitzearen eta trantsizio energetikoaren erretorikaz betetako aurrekontuak dira. Hala ere, izaera korporatibo sakonak zeharkatzen du narratiba hori guztia.

Erabilgarri dauden baliabide publiko guztiak lankidetza publiko-pribatuaren esku jartzen dira. Baina enpresa pribatu handien eskuetan uzten dira erabakiak; non inbertitu, etekinak nola banatu eta produkzio-eraldaketak eragindako lan- ondorioei buruzkoak. Eusko Jaurlaritza inbertsio horiei laguntzera mugatzen da eta enpleguari eusteko inolako baldintzazkotasunik aplikatu gabe milioika euro publiko ematen du.

Esparru instituzional horren barruan, trantsizio energetiko eta berrindustrializazioko edozein erretorikak ez du bermatzen enplegu industrialaren etorkizuna, ez eta benetako trantsizio energetikoa ere. Aurrekontu horiek industria-proiektu publikoak bultzatzeko finantza-tresnarik ez dutela salatzen dugu. Izan ere, beste berrindustrializazio-eredu batean, eraginpeko langileen eta lurraldeen parte-hartzearekin behetik bultzatutako ereduan, aurrera egitea eragozten du gabezia horrek.

Mecanerren enpleguen aldeko borrokan, Trantsizio Ekosozialerako Plana aurkeztu eta haren inplikazio aktiboa ere eskatu egin genion Eusko Jaurlaritzari. Baina atal sindikalek industriarako aurrekontuan sartuta dauden funts publikoak eskatu ezin dituztela, behin eta berriz jaso genuen erantzuna izan zen; ez baitira enpresa pribatuentzat baino. Gure proposamenei behin eta berriz uko egiteak Stellantisek Mecaner behin betiko ixtea ekarri zuen.

Horregatik, gure ustez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorren Proiektuak dituen gabezia larriak adierazteko unea da. Horiekin, birmoldaketa ekologikoko proposamen mota horiei emango zaien erantzuna isiltasuna edo gaitzespena izango da aurrerantzean ere. Tresna publikoak behar ditugu proiektu horiek bultzatzeko behetik, atal sindikaletatik, udaletatik eta ehun industrialaren suntsipena zuzenean jasaten duen langile-klasetik.

Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari:

1. Mecaner enpresaren jabetzapeko lursailak eta instalazioak erostea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2025eko Aurrekontu Orokorren kargura erosketa hori bermatuz. Urdulizko Udalak edo Uribe Kostako Mankomunitateak trantsizio ekosozialera bideratutako partaidetza-prozesuaren emaitzekin lotu behar da erosketa.

2. Titulartasun publikoko industria-proiektuetarako partida espezifikoak sortzea Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan, lankidetza publiko-pribatuaren esparrutik kanpoko berrindustrializazioko eta trantsizio ekosozialeko prozesuak bultzatu ahal izateko. Atal sindikalek, eragile sozialek eta udalek eska ditzakete partida horiek, prozesuaren jabetza eta kontrol publikoa bermatuz.

Tamalez, Mecanerren kasua ez da lehena izan, eta ez da azkena izango. Horregatik, beharrezkoak diren tresnak, araudiak eta aurrekontuak izan behar ditugu, etorkizunean gerta daitezkeen horrelako lan-gatazkei erantzuteko eta behar diren konponbideei babes instituzionala emateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek grebara deitu du Linacal iturgintza enpresan, zuzendaritzak langileei entzungor egiten jarraitzen duela uste baitu

LAB sindikatuak Barañaingo (Nafarroa) Linacal iturgintza enpresako zuzendaritzaren jarrera onartezina salatu nahi du, langileek euren lan baldintzak hobetuko dituen enpresa itun bat negoziatzeko eginiko...

Munduko Medikuen zuzendaritzak EEE bat proposatu du langile guztien %25 kaleratzeko

Entitateko Langileen Legezko Ordezkaritzak ez ditu aintzat hartzen zuzendaritzak emandako arrazoiak, eta EEEa justifikaziorik gabea eta prebentiboa dela adierazi du.

EITBko zuzendaritzak euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu du helburuen artean euskara sustatzean duen hedabide bateko zuzendari

EITBko zuzendaritza nagusiak eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari berria hautatu berri du, EITBren webgune berrien sorkuntza prozesua amaitzeko. Pertsona horren ardura izango da, eitb.eus zuzentzeaz gain, jaiotzear den atari digital berria abian jarri eta horren zabalkundea gidatzea.