2024-12-22
HomeEkintza SindikalaMasiboki egin dute bat grebarekin EHUko irakasle eta ikertzaileek

Masiboki egin dute bat grebarekin EHUko irakasle eta ikertzaileek

Oso jarraipen zabala izan du LAB, CCOO, STEILAS eta ELAk deitutako grebak campus guztietan. Zentro gehienetan klase gehienak bertan behera geratu dira. Zentroak irekita egon dira (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak, plantillaren laurden bat, ez zeuden grebara deituta), baina aktibitate akademikoa oso eskasa izan da, EHUko zuzendaritzatik jarraipena gutxiesten saiatu arren.

EHUko Ikasle Kontseiluak berak etenaldi akademiko batera deitu zuen urriaren 11rako. Izan ere, EHUko langileek pairatzen dituzten arazo, prekarizazio eta lan-baldintzen okertzeak ondorio zuzena dauka ikaslerian ere, ordezko irakasleekin sortutako egoerak kasu. Hain zuzen, irakaskuntzaren kalitatea nabarmen kaltetuta geratzen da.

Irakasleen bajak eta baimenak 800 eurotan kontratatutako lanaldi partzialeko irakasleen bidez betetzea grebara deitzeko piztailea izan da, baina ez eragile bakarra. Azken urteetan, eremu askotan, EHUko irakasle-ikertzaileen baldintzen okertzea pairatu dute: lan-zama handitzea, aldi baterako irakasle-ikertzaileei ikerketa-seiurtekoak ukatzea, lanaldi partzialeko irakasleei irakaskuntza-bosturtekoak ukatzea, plantillaren ezegonkortasun handia, ikertzaileen prekarizazioa, ikertzaile-ibilbidearen garapena oztopatzea, erretiroen akordioen deuseztapena, aldebakarreko campusen itxiera, burokrazia handitzea…

Neurri horiek EHUko zuzendaritzak aldebakartasunetik ezarri ditu, langileak ordezkatzen dituzten sindikatuokin negoziatzeari muzin eginez.

Horri gehitu behar zaizkio atzetik zetozen egoerak, non Eusko Jaurlaritzak erantzukizun nabaria baitaukan: erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izozketa 2006tik, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta indarrean mantendu, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitariokoenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere). Era berean, EHUra bideratutako finantzaketa ez da batere nahikoa. 2022an, EAEko Barne Produktu Gordinaren % 0,4 izan zen, duela hamarkada bat baino baxuagoa eta Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (USLO) berak 2030erako helburu moduan planteatzen duen BPGren % 1-tik oso urrun.

Hori dela eta, campusak gelditzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza ordezkaritzen aurrean kontzentratu gara.

EHUko aktibitate akademikoa gutxienean utzi duen greba honen bitartez, EHUko irakasle eta ikertzaileek argi utzi diote EHUko zuzendaritzari norabidea aldatu behar duela, aldebakartasuna alboratu behar duela eta bere langileen kontrako neurriak gelditu behar dituela. Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghaiko ranking-arekin liluratuta badaude ere, lan-baldintza duinik ez duen plantillarekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu.

Era berean, langileek argi esan diote Eusko Jaurlaritzari unibertsitate publikoa ahultzen saiatzen bada aurrean izango dituela, eta EHUrako nahiko baliabide bideratu behar dituela, baita bere langileen soldatak duindu.

Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura eta non langileen lan baldintzak duinak diren. Eta horretarako, gaurko egunari jarraipena emateko, sindikatu deitzaileok datorren urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitzen ditugu EHUko langile guztiak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...