Zaintza krisiaren ondorioak geroz eta agerikoagoak dira, eta ikusarazten ari da sistemaren gabeziak eta hutsegiteak; sistema hau ez da gai bizitzak sustengatzeko inor zapaldu gabe. Zalantzarik gabe esan dezakegu zaintzen egungo antolaketa soziala jasangaitza dela.
Argi eta garbi ikusi dugu zaintza lanak behar-beharrezkoak direla bizitzeko. Halaber, ikusi dugu zein garrantzitsua den zaintza lanak ikusaraztea eta dagokien balioa ematea jendartean. Hala izanik ere, argi dago, zenbat eta agerikoagoak izan, orduan eta handiagoak direla zaintzak kudeatzeaz arduratzen direnek jartzen dituzten trabak eta oztopoak.
Pribatizazioa eta zaintzak negozio bihurtzea izan dira krisiari eman zaizkion erantzunak. Ez dago egoerari buelta emateko asmorik; entzungorrak dira zaintza eredua, kudeaketa eta zerbitzua aldatzeko eskatzen dugunok esaten eta aldarrikatzen dugunaren aurrean.
Bizitza kaltetzen eta erasotzen duen sistema batean bizi gara, baina, espero genezakeen gutxienekoa da boterean daudenek ez sustatzea prekaritatea empresa pribatuen eta kapitalaren maila berean; funtsean, ordea, ikusi dugu gauza bera egiten dutela: krisi honek sortutako desberdintasunak konpontzeari uko egin diote.
Instituzio publikoek, Nafarroan zein EAEn, kapitalismoaren logikan gobernatzen dute, eta ahalik eta etekin handienak lortzea dute helburu; ez herritarrentzat, euren lagunak diren enpresentzat baizik. Haien esku uzten dituzte zaintza zerbitzuak, eta, hala, pribatizatzen ari dira.
Adineko pertsonen egoitzen kasuan, bistakoa da PNV eta PSNren gobernuek familia ardatz duten politiken eta zaintza zerbitzuen pribatizazioaren alde egin duela. Esku pribatuetan utzi ditu zaintza zerbitzuak; besteak beste, adinekoen egoitzak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, aniztasun funtzionalaren sektorea eta esku hartze soziala. Ondorioak larriak dira, bai zerbitzuari dagokionez (kalitatea, eredua…) baita pribatizatutako zerbitzu eta egoitzen erabiltzaile eta langileentzat ere (lan baldintzak, ratioak, lan zama…)
Horregatik guztiagatik eskatzen dugu egungo joerak geldiaraziko eta zaintzak demokratizatuko dituen zaintzarako euskal sistema publiko komunitario bat eraikitzeko adostasun sozialak bilatzea. Zaintza kapitalista eta patriarkalaren egungo erregimena eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesuarekin bat egiten dugu.
Pribatizatu dituzten zerbitzu publikoetan ardura zuzenak dituzten instituzio publikoei, berriz, eskatzen diegu desblokeatu ditzatela behingoz lan hitzarmen guztiak eta has daitezela sistema publikoari lapurtutako zerbitzuak berreskuratzeko publifikazio plana zehazten eta negoziatzen.
Emakumeok kalitatezko lan eta zerbitzu publikoak defendatzeko egiten ari garen borrokaren bidez, borroka sindikal feminista indartzen ari da. Borrokatzen jarraituko dugu, orain arte bezala, negoziazio kolektiboan, interpelazio politiko instituzionala egiten eta Mugimendu Feministarekin aliantzak eraikitzen.
Eskatzen dugu:
> Debekatu dadila zaintza zerbitzuak pribatizatzea; lehentasunez, adineko pertsonen egoitzak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuak.
> Adineko pertsonen egoitzen eta etxez etxeko zerbitzuen kudeaketa zuzena izan dadila, instituzioek euren gain hartuta, eta etxeko lanak erregulatu daitezela lan baldintzak ziurtatuko dituen hitzarmen kolektiboaren bidez.
> Zerbitzu hauek kudeatzen dituzten enpresak kontrolatu daitezela eta derrigorrezkoa izan dadila hitzarmenak negoziatzea eta zuzenean kudeatzen diren zerbitzuetan dauden lan baldintzak parekatzen direla ziurtatzea, publifikaziorako bidea egin bitartean.
> Zor patriarkala aitortzea eta ordaintzea zaintza lanetan aritu diren emakume guztiei, haiek egindako lana ordaindua edo ordaindu gabekoa izan.
> Egoera ez erregularrean dauden etxeko langile guztiak erregulatu daitezela.
LABen mobilizazioak herrialdeka:
- ARABA. Gasteizen, 11:00etan Diputazioan
- BIZKAIA. Bilbon, 10:30ean Udaletxetik Diputaziora
- GIPUZKOA. Donostian, 11:30ean Bulebarretik
- IPAR EUSKAL HERRIA. Baionan, 10:30ean tren geltokitik
- NAFARROA. Iruñea, 11:00etan Parlamentuan
Era berean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak herri eta auzoetan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egiten dugu:
- ARABA. Gasteizen, 19:00etan San Antonetik
- BIZKAIA. Bilbon, 19:30ean Jesusen Bihotzetik
- GIPUZKOA. Donostian, 18:30ean Antiguoko tuneletik
- IPAR EUSKAL HERRIA. Baionan, 15:00etan Merkatu Plaza
- NAFARROA. Iruñean, 20:00etan Antoniuttitik