2025-04-22
HomeEkintza PolitikoaMartxoaren 3an Gasteizen egingo dugun manifestazioa aurkeztu dugu

Martxoaren 3an Gasteizen egingo dugun manifestazioa aurkeztu dugu

Euskal Herriko gehiengo sindikalak agerraldia egin du, martxoaren 3an, ostirala, egingo mobilizazioan parte hartzeko deia egiteko. Aurten, Gasteizko sarraskia deiturikoaren 47 urte betetzen direnean, kalera aterako gara “Bizi-baldintzen suntsiketaren aurka, luchando el presente para asegurar el futuro” lelopean. 18:00etan, omenaldia egingo dugu Martxoak 3 plazan, eta 18:30ean mobilizazioa.

Urtero bezala, hiri honetako langileek Pedro María Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Peredaren izenak gogoratuko ditugu. Era berean, egun batzuk geroago Basaurin eta Tarragonan eraildako Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton ere gogoratuko ditugu, gure hirian gertatutako sarraskiari erantzuteko egin ziren manifestazioetan.

47 urte geroago, klase kontzientziak ulertarazten digu batzarrak eta herri mugimenduak antolatzeko arrazoi berberek indarrean jarraitzen dutela gaur egun ere. Kontzientzia horrek berak gogorarazten digu langileriari ez digutela ezer oparitu, eta lortu dugun guztia antolakuntzari eta borrokari esker lortu dugula.

Gaur egun, jasaten ari garen bizitzaren garestitzearen aurrean, mobilizazioak eta borrokak antolatzen ari dira lantokietan eta kaleetan, langile-klasearen erosteko ahalmena defendatzeko, 1976an fabriketan ez ezik, poltsak hutsik dituzten emakumeak ere aldarrikatzen ziren bezala.

Asteburu honetan milaka pertsona atera dira Hego Euskal Herriko kaleetara osasun sistema publikoa desegiteari ezetz esateko. Osakidetzan desegituratze planifikatu eta intentzionatu bat dago, plantillaren lan-baldintzak prekarizatzeaz gain, gehiengo sozialari ematen zaion zerbitzua ere prekarizatu nahi duena. Gertatzen ari da, egunetik egunera gero eta herri gehiago geratzen dira osasun-laguntzarik gabe, anbulantzien murrizketarekin ikusi genuen hori, eta ospitale-zerbitzu batzuen desagerpenarekin ikusten ari gara.

Halaber, iaz bi greba egun egin ziren hezkuntza publikoaren alde, Hezkuntza Legearen aurreproiektuari EZETZ esateko, eta sare publiko bakar, euskaldun eta propio baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duen lege baten beharra adierazteko, aukera-berdintasuna, gizarte-kohesioa, euskalduntze-prozesua eta langileen baldintzen hobekuntza bermatuko dituena.

Pentsiodunen mugimendua iraunkortasunaren eta antolaketaren adibide garbia da. Bost urte daramatzate borrokan; astelehenero ateratzen dira kalera, egoitzetako langileei, esku-hartze sozialeko langileei, metaleko langileei edo behar dutenei laguntzen. Kolektiboak beti salatu duen bezala, gobernatu dezala nork gobernatzen duen, pentsioak defendatu egiten dira. Dakizuenez, erasoaldi berri baten aurrean gaude orain: Next Generacion funtsak jasotzearen truke egindako erreformaren bigarren zatia. Horregatik guztiagatik, gaurko pentsiodunak 1976ko grebalariak direlako, borrokan jarraitu behar dugu, pentsioak guztionak direlako eta justizia soziala direlako.

Osasunaren kalitateak, zaintzak, pentsioek, hezkuntzak… zerbitzu publiko horiek guztiek gizarte baten ongizate-maila islatzen dute. Euskal Herri osoan, zerbitzu horiek eta bizi-baldintza duinak dira defendatu behar ditugunak.

Argi dago gure eskubideak pribatizatzearen aldeko plangintza dagoela, eta, horrekin batera, ongizate-estatua. Gure bizi-baldintzen aurkako eraso horren aurrean publikoa defendatzea ere langileen borroka da, eta, 1976an bezala, borrokan jarraituko dugu.

GORA LANGILE KLASEAREN BORROKA! GORA LANGILEON BORROKA!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.