2024-12-22
HomeEkintza SindikalaMartxoaren 25erako grebara deitu dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, hezkuntza publikoa, euskalduna...

Martxoaren 25erako grebara deitu dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, hezkuntza publikoa, euskalduna eta propioa aldarrikatzeko

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok agerraldi bateratua egin dugu, EAEko Hezkuntza Akordioaren zirriborroarekin gure desadostasuna azaltzeko, legea eraginkorra izan dadin jaso beharko lituzkeen edukiak aldarrikatzeko eta aurreikusitako mobilizazioen berri emateko, “hezkuntzako langileok gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako”. Antolatutako protesten artean greba egun batera deitu dugu, martxoaren 25erako.

Sindikatuon ohar bateratua:

Gaur, hemen, bildu garen sindikatuak, ELA, LAB, STEILAS eta CCOO, hezkuntza akordioaren  zirriborroarekiko gure desadostasuna azaldu eta prozesu honetan eragitera etorri gara. Gure aldarrikapenak eta ondorioz, guk ordezkatzen ditugun langileak, aintzat hartzea eskatzen dugu. Hori horrela, guretzat hezkuntza legea eraginkorra izan dadin jaso beharko lituzkeen edukiak jarraian zerrendatzen ditugu:

Aldarrikapenak

Publikoa ardatz izango duen hezkuntza lege bat nahi dugu. Egungo hezkuntza-sistema duala gainditu behar da eta Euskal hezkuntza-sistema publiko baterako bidea sustatu. Eskola publikoa hezkuntza-sistemaren ardatz gisa kokatu behar da. Hezkuntza-sistemarako publifikazio-marko orokor eta adostua bat ezarri behar da, bertako langileen eta ikasleen eskubideak bermatuz eta baita langileen parte hartzea eta adostasuna prozesuan zehar ere. 

-Hezkuntza lege propioa nahi dugu. Horretarako EAEko Hezkuntzan erabateko eskumenak eskuratu eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotu beharko litzateke.

-Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza lege bat nahi dugu. Hezkuntzan inbertsioa handitzea aurreikusi behar da, Europako bataz bestekoa erreferentzia gisa hartuz eta gutxienez BPGren %6ra bidea eginez. Ratioak jaitsiz, eta 0-18 urte tarteko hezkuntzaren doakotasuna bermatuz. Haur hezkuntzako 0-3 zikloak unibertsala, doakoa eta publikoa izan behar du, eta Hezkuntzan integratua egon behar du. 

-Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu. Segregazioari aurre egiteko neurri sorta urgentziaz onartu behar da, besteak beste, matrikulazio prozesu gardenak, irregulartasunik gabekoak eta ikasleak ez-segregatzeko helburua luketen administrazioaren menpeko matrikulazio bulego publiko eta bakarra ezartzeaz ari gara, eskualde, herri eta hiri guztietan. 

Euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituen Hezkuntza legea nahi dugu. Hezkuntza-sistemaren oinarri gisa honako hauek ezarri behar dira:euskal curriculuma; hezkidetza; laikotasuna; ekitatea; inklusioa; pentsamendu kritikoa; eta parte hartzea. Horretaz gain, euskararen murgiltze eta mantentze eredu orokortua, ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko diona eta ikastetxe bakoitzaren ingurune soziolinguistikoaren arabera egokiturikoa, tokian-toki euskara indartzea helburu izanik; ikasle euskaldun-eleanitzak heztea helburu izanik. Oinarri hauek bete beharko dituzte diru publikoa jasotzen duten eskola guztiek, ituntze-sistema unibertsalarekin bukatuz. Diru publikoaren parte-hartze eta kontrol publikorako mekanismoak lehentasunez ezarri behar dira, auditoria eta ikuskaritzen bitartez.

Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu. Hezkuntzako langileon lanpostuak mantendu, prestakuntza eta lan-baldintza egokiak ezarri behar dira; publikoan langileen egonkortasun eta kontsolidaziorako prozesuak eginez eta itunduetako langileen lan-baldintzak parekatzeko homologazioa. Langileen sarbideari dagokionez, aukera berdintasuna, meritu eta gaitasunen araberako sarbidea ere bermatu behar da, aurretiaz sindikatuekin adostua.

Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu. Azpikontratazio eta pribatizazio prozesuekin bukatu behar da. Hala eskola publikoetan nola itunduetan azpikontratazioa mugatu (jangela, garbiketa, eskolaz kanpokoak…), eta botere-korporatibo digitalei mugak ezarri behar zaizkie (datuen erabilera debekatuz zein software propioa sustatuz).

Hezkuntza lege parte hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena. Gizartearen eta Hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatu behar da, langileona barne, baita Hezkuntza Legearen eraikuntzan bertan ere.

Horregatik guztiagatik, eta hezkuntzako langileok gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako, antolatu ditugun ondorengo mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.  Mobilizazioak PUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA lelopean deituko ditugu, “Hezkuntza legea langileokin eraiki”.

Mobilizazio egutegia:

Martxoak 18, elkarretaratzea, 10:30ean, Legebiltzarraren aurrean

Martxoak 25, greba: manifestazioa Bilbon, 11:30ean, Arriagatik hasita

Martxoak 28, elkarretaratzea, 10:30ean, Legebiltzarraren aurrean 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...