2025-04-06
HomeEkintza SindikalaMartxoaren 12ko grebako gutxieneko zerbitzuen ondorioz, egun arrunt batean baino langile gehiago...

Martxoaren 12ko grebako gutxieneko zerbitzuen ondorioz, egun arrunt batean baino langile gehiago izango dira zenbait sektoretan

Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuaren aginduak milaka langile greba eskubiderik gabe uzten ditu. Greba eskubidea egikaritzeko neurri kautelarrak epaitegian eskatzea aztertzen ari dira deitzaileak. Bestalde, ehunka asanbladek bat egin dute sektore publikorako deitutako grebarekin.

Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko administrazioko ordezkariak plazaratu dute martxoak 12ko grebaren gutxieneko zerbitzuen agindua. Beste behin ere, inposatutakoak dira, ez direlako deitzaileekin negoziatu. Aurreko deialdian gertatu bezala, milaka langile publiko oinarrizko greba eskubidea egikaritu ezinik utziko ditu.

Zerbitzu publikoen gainbehera nabarmena den honetan, hala nola, langile eskasia edo ordezkapen falta, badirudi faktore horiek bat-bateko garrantzia hartzen dutela greba iristerakoan. Azpimarratu behar da, gainera, greba egun bakar bat izanik, guztiz funtsezkoa dena bakarrik bermatu beharko litzatekeela. Ordea, grebarako eskubidearen erabilera oztopatzeko saiakera berri baten aurrean gaude, grebaren eragina gutxiarazteko eta lantokietan normaltasun itxura emateko.

Aginduen edukia ikusita, argi dago erakundeek apustu egin dutela pandemiaren aurretik ezartzen zituen gutxieneko zerbitzuak baino handiagoak iraunarazteko. Pandemia aitzakia ezin hobea izan da gutxieneko zerbitzuak esponentzialki handitzeko, Adibidez:

 Osakidetzan: Lehen Arretan jaiegun bateko gutxienekoak ezartzen ziren, eta orain, berriz, larunbat batekoak.

 Hezkuntzan: unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, zuzendaritzako pertsona bat eta sarrera kontrolatzeko beste bat egon behar ziren. Orain, berriz, irakasle bat egon behar da hezkuntza etapa bakoitzean, eta horri Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 100 ikasleko beste pertsona bat batu behar zaio.

 Gainera heziketa bereziko hezitzaileen kasuan, zerbitzu minimoak handitu dituzte, eta utzi ditu praktikan kolektibo horretako langileria guztia greba eskubiderik gabe. Horren aurrean, agindua errekurritzea eta greba eskubidea egikaritzea ez oztopatzeko neurri kautelarrak eskatzea aztertzen ari gara.

Bestetik, azken egunetan ehunka asanblada egiten ari dira lantokietan. Bertan, langileek harriduraz eta atsekabez ikusten dute sektore publiko osoko bi greba egun egin ostean eta hirugarrenaren atarian, erakundeek sektore publikoa indartzeko eta horiek aurrera eramaten dituzten langileen lan baldintzak hobetzeko erakusten duten borondate eza. Izan ere, bozkatzeko kultura dagoen eskualdeetan, aldeko botoa nagusitzen ari da egindako bozketa guztietan (udaletan, eskoletan etab…). Ondorioz, martxoaren 12ko grebaren jarraipena zabala izango dela espero dute sindikatuek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Milaka pertsona atera gara kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gutxieneko soldata eta pentsio duinak aldarrikatzera, orain, hemen eta denontzat

Gaur, euskal gehiengo sindikala kalera atera da, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera indarrak eta aldarrikapenak batuz. Pentsio duin eta nahikoak eta hemen erabakitako gutxieneko...

LABek irmoki salatzen du Bilboko Errekalde auzoan Ertzaintzak erabilitako bortizkeria, eta erantzukizunak argitu daitezen eskatzen du

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea desalojatzeko aginduarekin batera, hamarnaka zauritu eragin ditu Ertzaintzaren operatiboak. Tartean, gazte bati ebakuntza egin behar izan diote eta barrabila galdu...

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.