2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaMARTXOAK 3. Borroka eginez eskubideak lortu, borroka eginez eskubideak zaindu

MARTXOAK 3. Borroka eginez eskubideak lortu, borroka eginez eskubideak zaindu

36 urte bete dira poliziaren hilketa hartatik. 5 langile hilda, eta hamarka zauriturik izan zen triskantza haren emaitza, baina erasoaldiaren funtsezko helburua langile-greben segida bat amaitzea izan zen, erregimen frankistaren azpiak jaten baitzituen (sindikatu bertikala); eta erregimenak nekez onartzen zuen bere azkentzea. 

MARTXOAK 3
Omenaldia: 18:00etan Martxoak 3 plazan
Manifestazioa:
18:30etan


Erregimen haren ordezkaririk handienetarikoa —Fraga Iribarne— izan zen triskantza haren erantzule nagusia. 1962 eta 1969 bitartean Francoren ministroa izan zen; eta diktadorea hil ondoan, Arias Navarroren ministroa, 1975eko abenduaren 12tik 1976ko uztailaren 1era arte. Martxoaren 3ko gertakarien garaian Barne Arazoetako ministro zen, hain zuzen.

Fraga hil da erantzukizun politikoei erantzun gabe; 1976ko martxoaren 3ko langile-hilketa antolatu zuten polizia-, politika- eta ekonomia-aginteek ere erantzun ez duten bezala. Hilketa haren biktimei, senideei eta lagunei zor zaien aitorpena garai hobearen zain dago oraindik, harik eta gertakari haiei buruzko egia historikoa aldarrikatzen den arte.

1976ko eta 2012ko borroken arteko antzekotasunak ugariak dira. Orduan, langileen eta gizartearen lehenengo konkisten atzetik genbiltzan. Orduan, erregimen faxista eta terrorista hondatzen ari ginen, eta askatasun politikoak, sindikalak eta zibilak konkistatzen. Guretzat auto-antolamendua zen gizarte-aldaketaren bultzagilea. Orduan gure nortasun nazionalaren alde egiten hasi ginen, eta autodeterminazio-eskubidea eskatzen genuen Euskal Herriko herritarrentzat; baina, gaur egun bezala, ukatu izan digute.

Orain, gainera, trantsizio delakoan konkistatu genituen eskubideen aurkako erasorik bortitzena jasaten ari gara. Oso eraso kaltegarria da: lan-eskubideak murriztea, batez ere negoziazio kolektiboari dagokionez; gizarte- eskubideak suntsitzea (pentsio publikoak, menpekotasun-laguntzak, gizarte-zerbitzuak, eta gizatalderik behartsuenen aldeko prestazioak). Azken batean, herritarrok politika neoliberal baten morroi hutsak gara.

ETAk borroka armatua betiko bertan behera utzi arren, eta gure gizartearen eskariari entzungor eginez, Madrilgo gobernuak bere horretan jarraitzen du, aurka egiteko politika eginez. Ez du eman ezta pauso bat bera ere gatazka enkistatu hori behin betiko konpontzeko bidean. Ez du presorik hurbildu, ez du gaixotasun sendaezinak dituztenak askatu, ez ditu amaitutzat jo legez kanpo utzitako elkarteen kontrako epaiketa ugariak, ez ditu legeztatu aukera politiko guztiak…

Borrokaren bidez konkistatu genituen gure eskubideak orain dela hogeita hamar urte. Eta orain borrokaren bidez zaindu behar ditugu eskubide horiek berak, kendu ez diezazkiguten. Baina borroka eraginkorra izan dadin, orduan bildu ziren osagai batzuk bildu behar ditugu orain, ordutik hona inguruabarrak izugarri aldatu badira ere: gure indarretan sinestea, herri honen gehiengoa bazter uzten duen gizarte-itunari uko egitea, aurre eta borroka egiteko prest dauden pertsonak batera biltzea. Nork bere arlotik, bere sektoretik egin behar du ekarpena helburu erkide batez: gizarte-kontzientzia bat sortu eta sendotzea, eta desberdintasunak sustatzen dituen sistema kapitalista honi aski dela esatea.

Hemen bildutako sindikatuek, gizarte eragile desberdinen babesarekin, martxoaren 29rako greba orokorra deitzen dugu, langileen interesek eta jendarte osoarenak jasan duten azken erasoari, lan erreformari sendo/gogor/irmo erantzuteko.

Ez dugulako nahi eta ez gaudelako prest beste alde batera begiratzeko, ez dugulako onartzen jendarteko kate maila ahulenak nagusikeriazko eta hazitako patronal baten neurrigabeko gosea pairatzerik….deialdia egiten diegu langileriari, ikasleei, langabetuei, gazteei eta herritarrei orokorrean, irmotasunez esan dezaten Ez! Murrizketa gehiagorik ez! Eta martxoaren 29an kaleak bere egin ditzaten, gure arrazoia gure garaipenaren giltza izan dadin.

BORROKA EGIN DEZAGUN, BADA, GURE ESKUBIDE SOZIAL, LABORAL ETA POLITIKOEN ALDE!!!
ESKUBIDEAK EZ DIRA NEGOZIATZEN, GUREAK BAITIRA.

Martxoaren 29an, denok greba orokorra
ELA-LAB-ESK-STEE/EILAS

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...