Duela 49 urte Espainiako Poliziak Armatuak eraildako 5 langileak oroitu, eta haien borroka gurea egiten dugula aldarrikatu dugu Gasteizen.
Martxoaren 3ko sarraskia, Gasteizko eta Euskal Herri osoko langile mugimenduaren ikur ez ezik, borrokarako konpromisoan berresteko eguna ere bada, eta hala gogoratu du aurten ere LAB sindikatuak. Goizean ordezkarien batzarra, mobilizazioa eta lore eskaintza egin ditu, eta, modu horretan, langile guztientzat lan eta bizitza duinak lortzeko orduko langile mugimenduaren konpromisoan berretsi da. Soldata duinaren aldeko borroka bizi-bizi zegoen lantegietan 1976an, eta, egun, Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora egokituko den gutxieneko soldata baten beharra erdigunera ekarri dugu euskal langileok, eta hori lortzeko ekimena martxan jarri du euskal gehiengo sindikala. Horregatik, aldarrikapen hori erdigunean jarri du LABek, martxoaren 3ko bere ekimenetan.
Arratsaldean, berriz, LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok eta Martxoak 3 elkarteak deituta, mobilizazioa egin dugu milaka lagunek, Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu! lelopean. Izan ere, 1976ko martxoaren 3an Gasteizko langileek esplotazio eta errepresio sistema frankistaren aurka borrokatu zuten, eta soldata eta lan baldintza duinen alde. 49 urte geroago, faxismoari eta olatu erreakzionarioari aurre egiteko eta justizia sozialaren alde bizitza eman zutenak ohoratzeko modurik onena, klase kontzientziaz eta elkartasunez, pertsona guztiei lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko borrokaren lekukoa geureganatzea da. Horixe aldarrikatu dugu milaka lagunek.





















