2024-12-22
HomeEkintza SindikalaOsakidetzako mantentze-lanak pribatizatzeko bi espediente baliogabetu ditugu, horietako bat Euskal Autonomia Erkidegoko...

Osakidetzako mantentze-lanak pribatizatzeko bi espediente baliogabetu ditugu, horietako bat Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian #LortuDugu

Arabako ESIaren zuzendaritzak Zerbitzu orokorren eraikineko klimatizazio instalazioaren mantentze-lanak, 217.800 euroko balioa dutenak, pribatizatzeko duen asmoak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batekin egin du topo berriro. Gainera, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak Arabako ESIko Instalazio elektrikoak egoitzeko eta berritzeko beste espediente bat ere baliogabetu du (290.000 €).

1. ARABAKO ESIko KLIMATIZAZIO-INSTALAZIOEN MANTENTZE-LANAK

EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu berriro ere LAB sindikatuari, eta bertan behera utzi du Txagorritxuko ospitalearen ondoan eraikitako zerbitzu orokorretako eraikinaren klimatizazioa mantentzeko lanen lizitazioa. Aipagarria da espediente honekin Arabako ESI eta Osakidetzaren zuzendaritza nola tematu diren. 2021eko urrian hasi zen espedientearen ibilbidea. Eraikinaren inaugurazioan argi geratu zen zeintzuk ziren mantentze lanak kudeatzeari zegokionez Araba ESIren asmoa. Hala, ESIko zuzendaritzak espedientea argitara eman zuenean errekurtsoa jarri genuen LABetik.

Errekurtso hori 2022ko otsailean onartu zuen Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO), kontratuaren pleguak baliogabetuz. Hala ere, Arabako ESIk, momentu horretan lan horiek bere gain hartzeko aukera ikusi beharrean, pribatizatzeko saiakera egin zuen berriro, beste espediente batekin. Kasu honetan, KEAOren irizpidea gainditu eta aurrera atera ahal izan zuen espedientea. KEAOren oniritziaren aurrean, LABetik Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Epaitegira eraman genuen kasua, eta orain, lizitazio hori behin betiko baliogabetuta geratu da.

Adierazi behar da Arabako ESIk eta Osakidetzak uko egiten diotela mantentze-lanetako enpresa gisa gaitzeari, EITEk (Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua) horretarako aukera ematen duen arren. Erabaki honen garrantzia pisuzkoa da, Osakidetzak mantentze-lanak egiteko gai ez dela adierazteko darabilen argudio nagusia hori baita: mantentze-lanak egiteko empresa gisa gaituta ez egotea. Argitu beharra dago mantentze-lanetako enpresa gisa gaitzearena administrazio-izapide hutsa baino ez dela.Pribatizazioa ez dator Osakidetzak ez duelako gaitutako langileriketa errekurtso materialik, baizik eta nahi ez duelako. Hala ikusi da administrazioarekiko auzien aretoan.

Epaia ikusita ondorioztatzen denez, gaitzeko izapide horiek ez betetzeak ez ditu lan horiek pribatizatzeko legeak (Sektore Publikoko Kontratuen Legea) ezartzen dituen baldintzak betetzen. Aldiz, lege-betekizun horiek saihesteko trikimailua baino ez da. Osakidetzak baditu lan horiek egiteko behar adina giza baliabide eta baliabide material, baina, zoritxarrez, nahiago du milioika euro esternalizatu izapide automatiko bat egin baino, EITEn ezarritakoa betetzen duela dioen erantzukizunpeko adierazpena, alegia. Izapide hori Industriara inprimaki bat bidaltzean datza, besterik gabe.

LABen aspaldi ari gara Osakidetzaren jardun pribatizatzailea mugatzen, baina kasu hau oso adierazgarria da, argi eta garbi islatzen baita Osakidetzaren asmoa. EAJk hauteskunde-programan “lan osagarritzat” jo ditu, besteak beste, mantentze-lanak, sukaldeak, ikuztegiak, informatika, elektromedikuntza, radiologia aparailuen kalitate kontrolak eta abar. Osakidetzako kudeatzaileen ustez, lan horiek kanpora ateratzea ezin da osasun publikoaren pribatizazio gisa identifikatu.

2. ARABAKO ESIren INSTALAZIO ELEKTRIKOAK EGOKITU ETA BERRITZEKO ZERBITZUA

Era berean, eta arestian deskribatutakoaren antzeko kasu batean, KEAOk elektrizitate-lanen pribatizazioa geldiarazi du, 290.000 euroko kostuarekin. Oraingo honetan, arazoa antzekoa da, nahikoa giza baliabide eta baliabide material izan arren, Arabako ESIk eta Osakidetzak uko egin diote enpresa instalatzaile gisa gaitzeko beharrezko izapidea egiteari, eta, beraz, gaikuntza hori ez dutenez, zerbitzua kanpora ateratzen saiatzen dira.

Bada, LABen frogatu dugu egin beharreko lanak egiteko badaudela baliabide materialak eta giza baliabideak, plantilan dauden langileak eta kontratazio-zerrendetan dauden langileak.

ONDORIOAK

Gaikuntzaren administrazio-izapidea beharrezkoa den espediente horietan argi ikusten da Osakidetzaren pribatizazio-estrategia zein den. Erabaki estrategikoen bidez, lan horiek bere gain hartzea blokeatzen duen egoera bat betikotzen du, nahiz eta konponbide erraza eta berehalakoa izan, hala nola enpresa instalatzaile edo auto-mantentzaile gisa gaitzea.

Horrela, plantillaren lana, kasu honetan mantentze-lanak, xurgatu egiten da eta beharrezko gaikuntza duen eskaintzailerik onenari saltzen zaio. Plegu horien arduradunen eta gaikuntzaren izapidea egiteari uko egiten diotenen erabaki horrek ondorio zuzenak ditu: gastu ekonomikoa handiagotzea eta enplegu publikoa suntsitzea. Gainera, erabaki hori funtzionario publiko gisa dituzten betebeharren aurkakoa da.

LABen badakigu zuzendaritzak ez duela norabidea aldatzeko eta zerbitzuak publifikatzeko borondaterik. Osakidetzako kudeatzaileak herritarren interesetatik eta osasun-eredu publiko batetik oso urrun dauden enpresa-interesen morroi dira. Hori dela eta, LABetik abian jartzen dituzten kanporatze-saiakerak monitorizatzen jarraituko dugu, eta gaur arte egin bezala jokatuko dugu, jada 162 milioi euro baino gehiago geldiarazi baititugu pribatizazioetan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...