2024-11-20
HomeEkintza SozialaBorrokak indartzera eta aliantzak sendotzera deitu dugu G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurrean

Borrokak indartzera eta aliantzak sendotzera deitu dugu G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurrean


G7aren kontrako manifestazioa arrakastaz gauzatu da Hendaia eta Irun artean. Hain zuzen ere, 15.000 lagun inguru bete dute Hendaiako portua eta Irungo Ficoba arteko bidea, G7 EZ! plataformak deituta. Santiago zubian iritsi da une hunkigarriena, manifestariek mugak eta harresiak modu sinbolikoan eraitsi dituztenean. Behin Ficoban, Bidasoa ibaiaren bestaldean, kontragailurrean aritu garen mugimendu sozial, sindikal eta politikoek adostutako manifestua egin dugu publiko. Berriro ere kapitalismo neoliberalaren aurrean alternatibak ditugula nabarmendu dugu, demokrazia, elkartasuna eta emakume zein gizonen arteko parekidetasuna ardatz.  


G7 EZ! plataformako kide izanik, eta kontragailurraren sustatzaile izan garen neurrian, LABek ordezkaritza zabala izan du manifestazioan. Garbñe Aranburu idazkari nagusiak mobilizazioaren arrakasta nabarmendu du, eta, aurrera begira ere, adostasuna dela bidea berretsi du: "G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurka eta alternatibak proposatzeko gaudenak etorri gara. Bizitzaren jasangarritasuna erdigunean jarriko duen eredu baten alde, hainbat eragile sozial eta sindikal elkartu gara, eta hori da bidea. Aurrera begira, kontragailurrak oinarri sendoak utzi ditu elkarren arteko adostasunak bilatzen jarraitzeko".

Eñaut Aramendi, Ficobako plazan, hitza hartzen.

Manifestazioaren amaiera ekitaldian, berriz, LABeko Ipar Euskal Herriko bozeramaile eta G7 EZ! plataformako ordezkari Eñaut Aramendik hartu du hitza, manifestuaren berri emateko: "Emakumeek bizi duten zapalkuntza,migranteen drama, klima aldaketa, laborantza eta elikaduraren industrializazioa, bioaniztasunaren desagertzea, lan eskubideen murrizketa, askatasunen murrizketa, Ongizate Estatuen eraispena… egoera honen aurrean, ezinbestekoa da borrokak indartzea eta aliantzak maila lokal, nazional, estatal, kontinental zein mundialean sendotzea".

Joaldunak, Santiago zubian jarritako harresietako bat suntsitzen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Michelinen 2023an kobratutako prima, diskriminatzailea dela iritzi dugu

LAB, CGT, ELA eta ESKk Madrilgo Bitartekotza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzura eraman dugu Michelinen 2023an kobratutako prima, diskriminatzailea dela iritzita. Enpresak prima bat ordaindu zuen 2023ko azaroaren 30ean, eta hainbat kolektibo kanpoan utzi zituen.

Sindikalismo Feminista Internazionalista. A25 aske izateko!

LAB kide den Munduko Federazio Sindikaleko Herrien Koordinakundeak manifestua argitaratu du azaroaren 25an testuinguruan.

Nafarroako Barazki Kontserben sektoreko 10.000 langileen lan baldintzak duinduko dituen herrialdeko hitzarmena eskatu dugu

LAB sindikatuko hainbat kidek prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Cadreitan (Nafarroa Garaia), Conservas Angel Ria lantegiaren aurrean, Barazki Kontserben sektoreko patronalari eta negoziazio mahaia deitzeko gaitasuna duten sindikatuei eskatzeko beharrezko negoziazioei ekin diezaietela Nafarroako hitzarmen sektorial propioa ezartzeko; hitzarmen horrek, zalantzarik gabe, 10.000 pertsona ingururen lan baldintzak duinduko lituzke.