Duela astebete Espainiako Poliziak egin zituen atxiloketak zirela-eta egin ezin izan zuen prentsaurrekoa eman du gaur LABek Iruñean, eta bertan Imanol Karrera bozeramaileak azaldu du aurtengo Maiatzaren Lehenean mobilizatzeko apustu irmoa egin duela sindikatuak. Hala, “Aldaketa da aukera. Por un cambio de rumbo. Zaintza, lana, bizitza, herria!” lelopean, Iruñean ez ezik, Altsasun, Azkoienen, Elizondon, Lizarra, tafallan eta Tuteran eginen ditu mobilizazioak LABek.
“Maiatzaren Lehena aldarrikapenerako eta klase harrotasuna erakusteko eguna dugu, norabide aldaketa jomuga izateko”, adierazi du Karrerak bere mintzaldiaren hasieran. “Sistema honi ezin baitzaio eutsi, ez sozialki, ez ekologikoki. Aldaketak saihestezinak dira. Eta, beraz, jokoan dagoena, eztabaidagai dagoena, aldaketa horiek zein norabidetan egin behar diren da, eta horretara bideratu behar dira politika publikoak”.
Karreraren hitzetan, Nafarroako enpresaburuek argi baino argiago dute hori guztia, eta beren pribilegioak eta boterea erabiltzen ari dira beraien eskakizun guztiak nola edo hala ezartzeko. “Irabaziak jendearen gainetik, kodizia premiaren gainetik eta aberastasuna osasunaren gainetik. Horixe da patronalaren bide orria. Eta Nafarroako Gobernuak dena eman die; edo, hobe esanda, ez die ezer eskatu. CEN patronalak enpleguarekiko izan duen konpromisorik eza horrek dagoeneko enplegu suntsiketa ekarri du Nafarroan. Fiskalitateari dagokionez, gehien dutenek gehiago ordaintzeari ateak itxi diote, berdina egin dute ABEEEak osatzearekin. Eta Garbiketako grebarekin ikusi den moduan, eta enplegu planarekin eginen duten bezala, CCOO eta UGT sindikatuak gauzen logika horretara saldu egin dira”.
“Elite ekonomikoek eta politikoek beti irabazten duten logika horretaz nekatuta eta nazkatuta daude langileak”, erran du Karrerak. “Eta, horregatik, LABek norabide aldaketa defendatzen du: trantsizio ekosozialista eta feministaren bidean, garapen paradigma berri bat, demokratikoagoa. Hartara dator aurtengo Maiatzaren Leheneko leloa: Aldaketa da aukera”.
Bistan denez, norabide-aldaketa, trantsizioa, edo eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea mundu mailako erronka bat da. Baina Karrerak sindikatuaren izenean azaldu duenez, argi izan behar da alternatiba hori herrialde bakoitzetik bultzatu behar dela. “Euskal Herrian, norabide aldaketa hori ezkerretik gidatu behar da, langileen parte-hartzearekin eta herri burujabetza prozesuan sakonduz.Bigarren urtez jarraian, pandemia egoera batean etorriko da Maiatzaren Lehena, eta koronabirusaren ondorioak ez dira osasun-krisi batera mugatu, lan-baldintzak eta bizi-baldintzak ere zeharo okertu ditu. Pasa den urtean, patronalak hala eskatuta, funtsezkoa ez zen jarduera ekonomikoa langileon osasunaren gainetik ezarri zutenak Maiatzaren Lehenaren indarra eta aldarrikapenak mugatzen saiatu ziren. Gogoratzekoa da LAB sindikatuak Nafarroa Garaian antolatu zituen ibilgailu karabana guztiak debekatu zituztela. Hala ere, oztopo eta debeku guztien gainetik, furgonetatan jarritako bozgorailu batzuekin langileon herri eta auzoetara eraman genituen gure aldarrikapenak. Gainera, CGT, ESK, Solidari eta Steilas sindikatuen elkartasunari esker, agerralditxo bat egin ahal izan genuen kalean. Aurten, baina, berriz ere kaleak hartuko ditugu, eta eskualdeka mobilizatuko gara.
NAFARROA GARAIKO MOBILIZAZIOAK
Apirilak 28
Doneztebe
18:30ean, Herriko ostatuan, Hokokedokumentalaren proiekzioa.
Apirilak 29
Bera
18:00etan, kultur etxean, “Zaintza lanak aitortu eta duindu. Lan hitzarmena orain!” hitzaldia Berako, Lesakako eta Elizondoko zahar etxeetako langileen eta Gaztelu Garralda LABeko sektoreko Nafarroako arduradunaren eskutik.
Apirilak 30
Lesaka
19:00etan, Arranon, “Gazteen prekaritatea eskualdea, aliantzak eta borrokak” hitzaldia, LABeko eta Ernaiko kideen eskutik.
Maiatzak 1
Altsasu
Manifestazioa 18:00etan, Netto-tik.
Aurizberri
Ernai eta Sorturekin batera, elkarretaratzea 12:30ean, Urrobi industrialdeko bidegurutzean.
Azkoien
Elkarretaratzea 10:00etan, Udaletxe plazan, eta auto karabana 10:30ean, Tuteraraino.
Elizondo
Manifestazioa 12:00etan, Herriko plazatik.
Iruñea
Manifestazioa 12:00etan, Gazteluko plazatik. // Gainera, LABek parte hartuko du 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den eragile sozialen manifestazioan.
Lizarra
Zutabea 11:30ean, Garcia Orcoyen ospitaletik, eta manifestazioa 12:30ean, Santiago plazatik.
Tafalla
Manifestazioa 12:00etan, Nafarroako plazatik.
Tutera
Manifestazioa 12:30ean, Foruen plazatik.