2025-03-03
HomeEkintza PolitikoaMaiatzaren Lehenean 8 mobilizazio egingo ditugu Nafarroan zaintza lanak, enplegua eta aberastasunaren...

Maiatzaren Lehenean 8 mobilizazio egingo ditugu Nafarroan zaintza lanak, enplegua eta aberastasunaren banaketa eskatzeko

Maiatzaren Lehenerako LAB sindikatuak Nafarroan 8 mobilizazio egingo ditu, “Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” leloarekin. Mobilizazio horien inguruan, espazio ludikoak (Txoko Gorriak) prestatuko ditu, errebindikazio-eguna ere jai-eguna bilaka dadin. Horrela azaldu du Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak Iruñeko Gaztelu plazan egindako agerraldian.

Maiatzaren Lehen honetan LABek enplegua eta zaintzak banatzeko politiketan eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra. LABek banaketa hirukoitzaren alde egin du. Horretarako, lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz. Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu: soldatak hobetuz, zerbitzu publikoak hobetuz eta erreforma fiskala garatuz.  

Egoera jasanezina da sozialki eta ekologikoki. Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen. Testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainan gertatzen ari dena. Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean.

Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen. Egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez eznahikoak diren partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan. Gainera, laguntza horietako askok gastu publikoa handituko dute eta politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere. Iraingarria da Iberdrola eta Petronorren gisako energia enpresak aberasten jarraitzea, herritarren kontura. Instituzioek ezin dute hori onartzen eta babesten jarraitu. Oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea exijitzen du LABek, energiaren prezioa mugatzea. Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa.

Kapitalismoan etorkizunik ez dugu langileok, beste eredu ekonomiko eta sozial baterako bidea egiten hasi behar dugu. Trantsizio ekologista eta feministari heldu behar diogu. Pandemian osasuna eta ekonomia zaintzeaz hitz egiten ziguten bezala, orain antzeko paralelismoa egiten da, pertsonak eta ekonomia babesteaz ari direnean.  Benetan pertsonak babestu nahi badira, langile klasea eta herri-sektoreak zaindu nahi badira, asmo hori eslogan hutsean uzterik ez dago. Bada ordua pertsonen beharrak eta bizitza erdigunean jartzeko. 

  • Hori guztia hemen, Nafarroan, Euskal Herrian egin behar dugu posible. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea afera globala da, herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa. Nafarroan egin ahal izateko burujabetza eskuratzea behar dugu, Madrilen posible ez diren aldaketan Nafarroan gauzatu ahal izateko.

Hauek dira Maiatzaren Leheneko LABen deialdiak Nafarroan:

  • Iruñea. 12:00etan, Gaztelu plazatik. Txoko Gorria: Monton Tabernan (Jarauta kalea) eta Piparrika plazan.
  • Azkoien. 12.00etan, BMko aparkalekutik.
  • Lizarra. 12.30ean, geltokitik.
  • Tafalla. 13.00etan, Nafarroako Plazatik.
  • Tutera. 12.30ean, Queiles pasealekutik.
  • Doneztebe. 12.00etan, Avia gasolindegitik.
  • Altsasu. 12.30ean, Foruen plazatik.
  • Leitza. 12:00etan, Herriko plazatik.

Bestalde, nabarmendu nahi dugu aurten ez dugula plastiko serigrafiaturik erabiliko Maiatzaren Lehena iragartzeko. Ez dugu plastikozko 2.500 metro jarriko. Urrats asko egin behar ditugu trantsizio ekosozialistaren alde, eta hori da horietako bat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek FITXATU aplikazioa aurkeztu du, Bizkaiko ostalaritzan egiten diren lanaldiaren inguruko gehiegikeriak saihesteko

Otsailean jakin izan dugu komunikabideen bitartez Lan Ikuskaritzak Euskadiko lanaldiaren kontrolen %64an gehiegikeriak antzeman dituela. LABentzat hori ez da ezer berria.

CENeko enpresaburuek eta UGT eta CCOO sindikatuek bat egin dute Nafarroan gutxieneko soldata baten negoziazioari boikota egiteko

Gaur bilera egin behar zen Iruñean Nafarroako lurralde eremuan lan egiten duten langileentzako gutxieneko soldata edo ordainsariari buruzko lanbide arteko akordio bat lortzeko negoziazio mahaia eratzeko. Bigarren saiakera zen, CENeko enpresariek eta UGT eta CCOO sindikatuek lehen deialdian atzera egin ondoren. Azkenik, eragile horiek ukatu egin dute Nafarroako langileek beren bizi eta lan baldintzen araberako soldata izateko aukera. LABek Nafarroako Gobernuari eskatu dio eragile horiei eska diezaiela negoziatzeko eta langileei kalte egiteari uzteko, lan-harremanen gaineko monopolioa baitute, eta hori oztopo baita Nafarroako demokratizaziorako. LAB mobilizazioaren bidetik presioa handitzeko prest dago, helburu horrekin.

EAEko Hezkuntza Sailak bere sukaldarien ordezkapenak betetzeko enpresa pribatuetako sukaldariak kontratatu dituela salatzen du LABek

Hezkuntza Saileko sukaldarien ordezkapenak betetzeko arazoa aspalditik dator. Behin eta berriro zerrendak irekitzea eskatu eta ordezkoak falta direnerako protokolo baten beharra mahaigaineratu badugu ere, gure harridurarako, aste honetan enpresa pribatuetako langileak kontratatu dituzte publikokoak ordezkatzeko.