2024-12-23
HomeMaiatzaren Lehena 2019Lan-zentroetan borroka eta grebak aktibatzen jarraitzea eta prekarizazio-prozesuaren aurreko erantzun orokorragoa...

Lan-zentroetan borroka eta grebak aktibatzen jarraitzea eta prekarizazio-prozesuaren aurreko erantzun orokorragoa ahalbidetzea da gure erronka

Maiatzaren Lehenaren etorrerarekin, Baionan eta Iruñean mobilizatu gara, kapitalismoaren benetako aurpegia agerian utzi eta langileok bizi proiektu aske bat nahi dugula aldarrikatzeko. Iruñean gauzatu ditugu mobilizazio nagusiak. Hain zuzen ere, Gaztelu plazatik abiatu eta bertan amaitutako manifestazioaren aurretik, bost zutabe osatu ditugu, bost aldarrikapen desberdinekin. Horrela, lan gatazketan borrokan ari diren langileak, feministak, gazteak, migranteak eta pentsiodunak oso presente izan ditugu, “Euskal Herria decide. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi” leloarekin.

Euskal Herrian, demokraziarako bidea egin nahi dugu, justizia sozialean eta feminismoan oinarritutako eredu berri bat helburu. Bide horretan, Maiatzaren Lehena beste borroka egun bat dela garbi utzi dugu, klase kontzientzia indartu eta beste bultzada bat emateko langile klasearen borrokari.

Inboluzio nazionalaren aurrean, demokrazia eta burujabetzaren alde egin behar da borroka. Lan harremanetarako eta pentsioen ereduei buruz erabaki nahi dugu, baita politika feminista, zerbitzu publikoen eredua eta garapen ereduari buruz. Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzea da gure apustua.

Hauxe izan da Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren hitzartzea, Gaztelu plazako ekitaldian:

Gora Maiatzaren Lehena! Hemen gaude, jarri dizkiguten oztopo eta debekuen gainetik, ez gaituzte ixilduko. Maiatzaren Lehena langileon harrotasun eguna delako! Maiatzaren Lehena langile kontzientzia indartzeko eguna delako! Maiatzaren Lehena langileak batu, gure borrokak uztartu eta borroka horiek kaleratzeko eguna delako. Ez gaude ixilik egoteko!

Gordin ageri zaigu kapitala eta bizitzaren arteko talka. Dirua badago, lapurrak ere bai. Lapurreta da langileoi egiten ari zaiguna. Lapurreta! Langileak esplotatzen lorturiko dibidendoak banatzen dira, enpresarien poltsikotara doaz. Bankuak diru publikoarekin erreskatatu ziren eta sekulako irabaziak izaten ari dira, lotsagarria.

Eta langileotzat zer? Prekarietate izugarria, desegonkortasuna eta soldata baxuak dira gaurko lan merkatuaren gaitzak langileontzat:

– Soldatapeko langileen laurdenak aldi baterako kontratua du, ia %40ak emakumeen kasuan
– Gazteen langabezi tasa Europakoaren bikoitza da, %30aren bueltan.
– 2008tik hona soldaten eros ahalmena %7 inguru murriztu da eta soldatarik baxuenen kasuan %22. Desberdintasun ekonomikoak eta soldata arrakala handitzen ari dira.
– Hego Euskal Herrian 490.000 pertsona daude pobrezia arriskuan. Gure bezalako herri txiki batentzat datu izugarri latza.
Prekarietateak eta esplotazioak osasun galerak dakartzate. Iaz 68 langile hil ziren lan istripuen ondorioz, aurten dagoeneko 16 dira. Eta ez da hor amaitzen: gaixotasunen ondorioz sortutako heriotzak eta gaixotasunak ezkutatu egiten dira. Gehiago, emakumeenak direnean. Estatistikan agertu ez arren, laneko gaixotasunen ondorioz hildakoak, lan istripuen ondorioz hildakoak baino askoz gehiago dira. ASKI da, lanetik bizirik eta osasuna galdu gabe etxera bueltatzeko eskubidea dugu.

Ez dira garai errazak langileontzat baina Euskal Herriko langileok argi dugu. Kapitalarekin haustea eta bizitzari eustea erabaki dugu. Hor dago gure borroka nagusia.

Borroka horretan urrats berriak ematen ari gara, kalean eta lantokietan eta baita hautesontzietan ere! Bozken bidez trifatxitoa ordezkaritzarik gabe geratu da EAEn eta Nafarroan eskuinaren aliantzak ez du bozketan batuketarik ekarri, galera baizik.

Ezker soberanismoa indartzea. Hori da bidea, langile klase moduan eta herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko baita ere gaur hemen gure artean egon nahi eta ezin dutenak gurekin izateko. Kartzelak husteko garaia da. Etxean nahi zaituztegu. Euskal preso eta iheslariak etxera, kalera!

Egoerak kontrabotere sindikatu abertzale indartsua eskatzen du. Eraldaketa sozialerako eta eta aldaketa politikorako eskaintza integrala duen sindikalgintza. Eta hori da LAB!

Kontrabotere-sindikalismo abertzaleak estrategia eta eskaintza sindikal integrala izan behar du. Borrokarako estrategia integrala errealitate soziala eraldatzeko eta aldaketa politikoko prozesu bat bultzatzeko.

Aberastasunaren banaketa bidezkoago baten alde ari gara borrokan, langileen lan eta bizi-baldintzak hobetzeko:
– 1.200 eurotako gutxieneko soldataren alde egiten dugu borrokan.
– Lanaldiaren murrizketaren alde egiten dugu borrokan, lan guztiak aitortu eta banatzeko
– Diskriminazio guztiekin amaitzeko egiten dugu borrokan.
– Estatalizazioaren kontra eta negoziazio kolektiboko esparru propioaren alde egiten dugu borrokan.
– Kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiten dugu borrokan
– Edo nola ez, edo pentsio publiko duinak eta 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa bermatzeko egiten dugu borrokan.

Patronalarekin konfrontatzeko, borrokak antolatu behar ditugu lan-zentroetan. Helburu nagusi moduan langileen lan-baldintzak eta soldata hobetzea duten borroka eta greba sindikaletan dago eta egongo da LAB. Horiek dira gure borrokak!

Patronalak ez du ezer oparitzen, eskubideak konkistatu egin behar ditugu. Borroka egiteak pena merezi du. Noski pena merezi duela. Akordio onak ari gara lortzen eta negoziazio kolektiboa suspertu egin da gatazkak indartu diren neurrian.

Borrokak ezinbestekoak dira eraldaketa soziala hauspotzeko. Ezinbestekoak! Lan munduko borrokak eta borroka sektorialak:

Feministak borrokan. Borroka feministak azken urteetan izan duen bilakaerak sistema bera auzitan jarri du.

Gazteak borrokan. Zuek ere sistema honek kolpatuenen artean zaudete. Bizitza duinerako aukera mugatuak, lan baldintza prekarioak edota etxebizitza eskubidea urratuak dituzue. Baina zuek ere, ez zaudete amore emateko prest. Sindikatu honentzat aliatu garrantzitsuak zarete.

Pentsionistak borrokan. Zuena, beste borroka eredugarria. Agenda politikoa astintzeko gai zarete. Zuen borroka langile guztion borroka da. Jarria duzue hurrengo hitzordua, maiatzaren 11n. Bertan izango gara!

Migranteak borrokan. Ez dugu ahazten, akordatzen gara, garai batean gure herria etorkina izan zela. Nola ahaztu, duela 82 urte, gure herriak, faxisten bonbek txikituak izan zirela. Euskal Herria harrera herria da. Eta horrela erakutsiko dugu maiatzaren 5ean Durangon eta bezperan besteak beste hemen bertan, Iruñean, egingo diren mobilizazioetan. Herrien arteko besarkadak dira behar ditugunak, besarkada solidarioak.

Gehiengoa gara beste eredu ekonomiko eta sozial bat defendatzen dugunak eta gehiengo hori mobilizatzen ari da. Askoz gehiago da batzen gaituena aldentzen gaituena baino. Batasunak egiten du indarra, horregatik egiten dugu apostua aliantzak egin eta gure borrokak batzeko, horrela borroka sektorialei bultzada bat emateko.

Erronka bikoitza du kontrabotere sindikalismo abertzaleak. Batetik, lan-zentroetan borroka eta grebak aktibatzen jarraitzea eta bestetik, prekarizazio prozesuari erantzun orokorragoa emateko lan egin.

Ez dago oztoporik aldarrikapen amankomun batzuen inguruan klase subjektua berrosatzeko oztoporik. Ezta bat ere, interes korporatibista ez bada.

Zergatik ez mobilizazio edo baita greba eguna ere 1.200 eurotako gutxieneko soldata baten alde? Edo zergatik ez mobilizazio edo baita greba eguna ere bestelako edozein amankomuneko aldarrikapenen alde?

Konbentzituta gaude mobilizazio orokorragoak planteatzeak enpresaz enpresa garatzen ari garen borroka sindikalei lagunduko lieke, eta baita ere hemen gaur presente dauden borroka guztiei. Hori da kontrabotere sindikalismo abertzaleak egin behar duen ekarpen handia prekarizazioaren kontrako borrokan.

LAB prest dago horretarako. Ipar Euskal Herrian egiten ari diren bezala. Han gaurko egunez gertatzen ari denak arreta merezi du. Ez da erraza izan baina lortu dugu, Baionan LAB, CGT, BIZI, talde feministetako kideak eta gazteak elkarrekin mobilizatzea.

Kontraboterea, langile boterea eraikitzea da LABentzat. Eta hau nola egiten den, sindikalismo eraginkor batekin. Prekarietatearen kontrako borroka soziala sustatzeko gai den sindikalismoarekin, instituzioak interpelatu eta haien politika publikoetan eragiteko bokazioa duen sindikalismoarekin.

Gaur egun patronalak erabakitzen ditu politika ekonomiko eta sozialak. Oso argi EAEren kasuan, CONFEBASKek markatzen du Jaurlaritzaren politika publikoen nolakotasuna.

Nafarroan, ere ikusi dugu, errejimena instituzioetatik kanpo mantentzea ezinbesteko baldintza da aldaketa sozialerako. Ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Ez da nahikoa egun oraindik oso agerikoa baita patronalaren esku luzea GeroaBairen politiketan. Erronka bikoitza dugu, errejimena instituzioetatik kanpo uztearekin batera ezker subiranismoa indartzea.

LABentzat, kontrabotere sindikalismoaz hitz egitea langile klasearen boterea eraikitzeaz hitz egitea da. Langile-klasearen boterea eraiki, lan-zentroetan patronalarekin konfrontatuz eta politika publikoen norabidea aldatzeko konfrontatuz. Instituzioen aurrean langile-klasearen interesak defendatzeko gaitasunarekin, instituzioak kritikatuz, interpelatuz eta hauei alternatibak proposatuz, gehiengo sozialaren mesedetan egongo diren politika sozialak egiteko. Eta baita eta zergatik ez, instituzioetan langile-klasearen interesak defendatzeko dituztenekin aliantzak sortuz.

Eta sindikalismo abertzaleak ezin du erlatibizatu borroka nazionalaren garrantzia. Ezin du horrelakorik egin. Hemen erabaki nahi dugu. Eta dena erabaki nahi dugu, errepublika sozialista, feminista eta euskaldunaren eraikuntzan aurrera egiteko.

LABek, aliantzen aldeko apustu argia egiten jarraitzen du. Ezkerrekoen eta soberanisten artean, eraldaketa sozialaren aldeko borrokan gaudenon eta aldaketa politikoa defendatzen dugunon arteko aliantzak defendatzen ditugu.

Autonomia osoarekin. Bai eremu politikoarekiko, baita autonomia eredu sindikala inposatu nahi digutenekiko ere. Elkarlaren bidetik. Elkarren arteko zubiak eraikiz, inolaz ere ez, batak besteari bere eredua inposatuz. Inolaz ere ez.

Erronkak ez dira makalak. Zorionez, iparra ongi jarria dugu. Euskal Herriko langileentzat eskaintzarik hoberena dugu eta badugu ere beste altxor handi bat, zuek, gure militantzia. Zuek zarete gure benetako altxorra! Sindikatu honek ez du ez instituzio, komunikabide nagusien eta patronalaren bultzadarik. Batere ez. Ezta beharrik ere. Gure lana da, gure militantziaren eguneroko ahalegina, sindikatu hau dagoen tokira ekarri duena. Eta hor daude hauteskunde sindikaletako emaitzak, gure maximo historikoetan gaude. EAEn lortu dugu bigarren postuan egonkortzea eta hemen Nafarroan ere oso ondo ari gara. Ipar Euskal Herrian ere gorantz goaz. Eta jarri dugu hurrengo helburua, epe ertain batean Hego Euskal Herrian bigarren sindikatu izatea. Bilakaera honekin jarraitzea besterik ez dugu eta lortuko dugu!

LAB, hitza eta ekintza da. Sindikatu borrokalaria, jaio eta hazi kontraboterean egin den euskal sindikatu bakarra. Bakarrak gara. Eta harro gaude! Agenda eta eztabaida sindikala markatzeko gai gara, aitzindariak aldarrikapen eta borroka askotan eta jarraituko dugu aitzindariak izaten.

Gutxieneko pentsioa edota gutxieneko soldatarako proposamenak sindikatu honen iniziatiba izan dira. Atzetik etorri dira beste batzuk eta ongi etorriak!!

Kapitala ala bizitza. Genion hasieran. Borrokak aurrera darrai! Ez dugu kontsolatzerik. Laboa handiak abesten zigun bezala:

Kontsolatzerik ez!
Denbora ez da luzea
Ustelak lurpera
Bizitza da haundiena

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...