2024-12-22
HomeLAB SindikatuaLABGarbiñe Aranburu: "Kapitalaren boterea fronte guztietan borrokatuko dugu: enpresetan, kalean eta instituzioetan"

Garbiñe Aranburu: “Kapitalaren boterea fronte guztietan borrokatuko dugu: enpresetan, kalean eta instituzioetan”

Maiatzaren Lehenerako prestatu dugun egitarau oparoaren baitan, Garbiñe Aranbururen hitzartzea izan da eguneko unerik nagusiena. Hain zuzen ere, eraldaketa sozialerako bidean sindikatuaren apustua indarrak metatzea dela berretsi du, konfluentziaren alde egitea, eta bide hori gehiengo sindikal eta sozialarekin batera egin nahi dugula nabarmendu du. Pilaketa eta aberastasun kapitalistaren zikloari amaiera ipintzeko garaia da: "Langileon indarretan sinesteko momentua da, langileok eraldatu dezakegulako mundua. Jarraitu dezagun proposamenak egiten, eta proposamen horiek borrokatzen kalean, lantokietan eta instituzioetan".


Aurtengo Maiatzaren Lehena ez ohiko modu batean ospatzen ari gara moduei dagokienean, baina ez mamiari dagokionez, aurtengoa ere langile harrotasuna aldarrikatzeko eguna delako, "Bizitza erdigunera, nuestro trabajo transforma el mundo" leloarekin. Halaxe nabarmendu du Garbiñe Aranburuk bere hitzartzearen hasieran, eta euskal presoak eta konfinamendua euren erasotzaileekin igarotzen ari diren emakumeak gogora ekarri ditu.

Ondoren, bizitzen ari garena osasun krisi bat baino askoz gehiago dela azpimarratu du, sistema bera delako krisian dagoena, sistema delako gaixo dagoena; zaintza krisia, krisi ekologikoa, krisi soziala, horiek guztiak pilatzen dira sistemaren krisiaren baitan: "Indarrean dagoen eredu kapitalista, heteropatriarkala eta ekozida honek ezinezkoa bilakatzen du bizitza duina"

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "konfinamendu eredu hau kapitalaren, enpresa handien interesen arabera diseinatua izan da, hartzen ari diren erabakietan pertsona eta osasuna ez daude erdigunean. Eta horrek, gu guztiok, herritarrok, konfinamendu gogor bat pairatzera eraman gaitu. Era berean ere, egoera hau baliatzen ari da Estatuen aldetik zentralizazioaren aldeko apustua egiteko, militarizazioan sakontzeko, kontrol soziala areagotzeko. Gure askatasun indibidualak urratuak izan dira, baita eskubide zibil, sozial eta politikoak ere".

Krisi honen ondorio ekonomiko eta sozialak bortitzak izaten ari dira eta izaten jarraituko dute. Kapitala hurrengo faserako prestatzen ari dira, baina langileok ere bai. "Gu prest gaude eszenatoki hori borrokatzeko. Kapitalaren boterea fronte guztietan borrokatuko dugu: enpresetan, kalean eta instituzioetan", adierazi du, eta ezarritako araua hausten duen normaltasun berria nahi dugula nabarmendu du. "Ez dugu normaltasun kapitalistara itzuli nahi, ez dugu bizitza duina eragozten duen eta planeta suntsitzen duen normaltasun bat nahi", zehaztu du Garbiñe Aranburuk.

Gaurdanik ekin behar diogu eredu berri baterako bideari, trantsizio ekofeministari. Orain da momentua bide horri ekiteko. Orain da momentua, geroz eta jende gehiagok ikusten duelako, gehiengo zabal batek ikusten duelako, lan eta bizi duina bermatu behar zaiela herritar orori. Gehiengo zabal batek ikusten du sektore publiko indartsu bat behar dugula, osasun sistema publiko indartsua izango duena. Orain da momentua, gehiengo zabal batek argi duelako zaintza eredu hau aldatu behar dela, zaintza lanak aitortu eta berrantolatu behar direla.

Garbiñe Aranbururen esanetan, "bide hori, hemen, Euskal Herrian egin behar dugu. Hemen egin behar dugu bizitza erdigunean jartzeko eredu berri baten aldeko borroka, herri burujabetzaren bidetik eta, beti ere, euskal errepublika sozialista eta feminista ortzimugan".

Mobilizazio ibiltari ugari
Kaleak berreskuratzen hasi gara. 26 mobilizazio ibiltari egin ditugu Maiatzaren Lehenaren etorrerarekin (Irudi eta bideoak, sindikatuaren Facebook eta Twitterren), une hunkigarri ugarirekin. Nafarroako 4 debekuak ez ezik, Donostian eta Oreretan ere debeku zentzugabeak izan ditugu. Bistan da konfinamendu eredua noren neurrikoa den.

Baina, ez dago klase elkartasuna geratuko duen oztoporik. Horren adibide Nafarroako debekuaren aurrean CGT, Steilas, ESK eta Solidari sindikatuen elkartasun keinua: LAB sindikatuko kideoi euren ekitaldian parte hartzera gonbidatu gaituzte. LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrera izan da bertan: "Patronalari dena baimentzen zaio eta langileriari, ezer ez. 2008ko krisiaren ostean gure eskubide zibil eta politikoak mugatzeko Mozal Legea ezarri ziguten. Orain, Estatuaren agenda autoritarioak alarma egoera aprobetxatu nahi du gure oinarrizko eskubideak ere mugatzeko. Ez dira pasako!”.

Ipar Euskal Herrian ere jendarteratu ditugu gure aldarriak, CGT, Bizi eta Aintzanrekin batera. "Borrokan segitzea inoiz baino gehiago garrantzitsua da. Gaur lehioetan jarri ditugun aldarrikapenak bihar karrikara eraman beharko ditugu", adierazi du Ipar Euskal Herriko bozeramaile Eñaut Aramendik.


 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...