2024-12-22
HomeEkintza SindikalaMaiatzaren 8an Zorroza Gestion de Residuos SL enpresan 2020an hildako langilearen inguruko...

Maiatzaren 8an Zorroza Gestion de Residuos SL enpresan 2020an hildako langilearen inguruko epaia atera da

2020ko otsailaren 23an, langile bat hil zen Murgako Zorroza Gestión de Residuos SL enpresan. Atzo, maiatzak 8, honen inguruko epaiaren albistea argitara atera zen: urte eta erdiko kartzela zigorra eta 30.000 euroko kalte-ordainak.

LABetik gogora ekarri nahi dugu duela lau urte gertaturikoen ostean eginiko salaketa publikoa, eta azpimarratzen dugu heriotza iluna izan zela. Hain zuzen ere, heriotzaren ostekoak aurrekaririk gabeak izen zirelako, bai kasua inguratzen zuten susmoen larritasunagatik, baita hasiera batean langile bat inputatu izanagatik ere, ustezko estalketa delituagatik. Honekin argi eta garbi ikusi zuten patronalak, eta kasu konkretu honetan Zorrozako zuzendaritzak, lerro berri eta arriskutsua ireki zuela, prebentzio faltaren eta laneko osasun galeren eta heriotzen biktima direnak, hau da, langileak eurak, heriotzen erantzule egin nahi izatea.


Langilea zortzi metroko altueratik amildu ostean gertatutakoa estaltzeko ahalegina egin zuten enpresako arduradunek. Gainera, Zorrozako kudeatzaileak langile batzuk behartu zituen Bassirou Dioneren gorpua mugitzera, bere ohiko lanpostura gerturatzeko, eta ondoren, mehatxu eta agindu zehatzak eman zizkien langile guztiei: “Badakizue zer esan behar duzuen, ezta? Zintatik erori dela… Zintatik erori dela!”

Orain, duela lau urteko gertakariak are argiago geratu dira, eta heriotza honen ardura Zorroza Gestion de Residuos-eko arduradunek dutela ikusi da.

Enpresa hori eskubiderik gabeko eremu bat zen orduan langileentzat, eta izaten jarraitzen duenaren zantzuak ditugu LABen. Guantanamo laboral bat, langileak erabateko babesgabetasunean uzten dituena. Azken urteetako lantoki honetako lan-baldintzak ikusi besterik ez dago:


– Eguneko 10 orduko nahitaezko lanaldiak.

– Enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamendu guztiak ematen.

– Lan-erritmoak oso altuak dira.

– Ez zegoen fitxatzeko sistemarik.

– Langileek ez dute inolako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan.

– Langileak haien osasun eta segurtasuna arriskuan jarriz lan egitera behartzen dituzte.

– Enpresako gerentziaren partetik hitzezko tratu txar jarraituak egon dira.

– Eraso fisikoko gertakari bat behintzat egonda.

– Enpresa hainbat lan istripu ezkutatzen ahalegindu da.

– Instalazioen garbitasuna desegokia.

– Soldatak baxuak dira.


Gainera, Zorrozako kudeaketa iluna lehenagotik zetorren eta ostean ere jarraitu du, eta ez bakarrik lan kontuengatik. Azken urteetan ugariak izan dira enpresaren kudeaketa eta azpiegitura zalantzan jarri duten txosten eta azterketak, 120.000 euroko isunak jaso ditu hainbat irregulartasun direla medio. Lau urte beranduago, justiziaren emaitza:

Fiskaltzaren, akusazio partikularraren eta defentsaren arteko akordioarekin bukatu eta itxi da prozesu penala, akusatuek delituak onartuta. Langilearen erailketak urte eta erdiko espetxe zigorra eta 30.000 euroko ordaina izan du zigor bezala.

Ez da onargarria honelako egoera larri baten aurrean administrazioak honelako zigor bigun bat onartzea. Familiaren egoera prekarizatua erabilia izan da dirutruk irtenbide merke bat topatzeko eta horrek prozesuaren larritasuna areagotzen du, zeinetan justiziak berak prekarizazio hori onartu duen azken uneraino.

Aiaraldeko eta Euskal Herriko langileek ongi dakite zer nolako zigorrak pairatu dituzten pikete batean aritzeagatik, polizia bati oihu egiteagatik edo pintada batzuk egiteagatik. Espetxearekin eta isun ekonomiko altu zein inhabilitazioekin ordaintzen dute, langileen borroka edo nazio askapenerako borroka kriminalizatzen direlako. Enpresari bati, aldiz, merke ateratzen zaio langile migratu eta arrazializatu baten erailketa.

Hori guztia dela eta, LABetik dei egiten dugu eskualdeko greba batzordeak, SOS Aiaraldeak, maiatzaren 15erako antolatutako mobilizazioan parte hartzera. 19:30ean izango da Murgan, enpresaren aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...