2024-11-25
HomeEkintza SozialaMobilizazioak egingo ditugu ostegunean, energia publikoaren eta ondasunaren banaketaren alde

Mobilizazioak egingo ditugu ostegunean, energia publikoaren eta ondasunaren banaketaren alde

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen dugun eragileok agerraldia egin dugu Bilbon eta Iruñean, maiatzaren 26an Gasteiz (Andra Mari Zuria), Bilbo (Arriaga), Donostia (Bulebarra) eta Iruñean (autobus geltoki zaharra), 19:00etan, egingo ditugun manifestazioen berri emateko, “Bizitza duinak ez du preziorik! Frente al empobrecimiento, energía pública y reparto de la riqueza”.

Prezioen igoera handia jasaten ari gara. Iazko inflazioa ( % 6,5) koiunturala zela esan ziguten. Ez zen egia. Eta orain, urte arteko KPIa % 9,8ra iritsi denean, Putinen eta Ukrainako gerraren errua dela esaten digute. Hori ere ez da egia. Prezioen gorakadaren %70-a Ukraniako guda baino lehen gertatua zen. Bizitzen ari garen Inflazioaren jatorria egiturazkoa da, sistema kapitalistaren berezko espekulazioagatik edo elektrizitatearen prezioak finkatzeko sistemagatik.

Milaka  langilek, pentsiodunek edo prestazioak jasotzen dituzten pertsonek, bereziki emakumeek, pobreziaren atalasearen azpitik diru-sarrerak dituzte egun. Hala ere, botere ekonomiko eta politikoek pobrezia zabaltzen jarraitu nahi dute, aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen eta  beraz, biztanleriaren gehiengoa are gehiago txirotzen,langile eta herritarron erosteko ahalmena erasotuz. Hori gutxi balitz, orain, eztabaida zergak jaistean zentratu nahi dute batzuk. Zergarik ezean, nola pentsatzen dute ordaintzea zerbitzu publikoak? Sistema publikoa eraisten ari dira, eta are gehiago murriztea da euren asmoa.

Egoera honi buelta emateko mobilizatu behar dugu. Soldaten, pentsioen eta gizarte-prestazioen erosteko ahalmena defendatu nahi dugu. Bizitza duina bermatzeko, aberastasuna banatu behar da. Langileon bizitza eta planeta erdigunean jartzeko,  garapen paradigma berria behar dugu, bidezko trantsizio ekologikoa aldarrikatzen dugu.

Biztanleriaren zati gero eta handiago bat energia-pobrezian murgilduta dagoen honetan, bada garaia egiturazko neurriak hartzeko, enpresa energetikoak kontrolatzeko. Bada garaia erreforma fiskal progresibo bat onartzeko, krisia kapitalak ordain dezan, eta ez gehiengo sozialak. Bada garaia zerbitzu publikoak garatzeko, oinarrizko eskubide sozialak bermatzeko, hala nola osasuna, hezkuntza, zaintzak edo etxebizitza. Euskal Herrian lan egin eta erabakitzeko tresnak garatzeko ordua da. 

Hori dela eta, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazio dinamika bat martxan jartzea erabaki du. Manifestazioak deitu ditugu maiatzaren 26an, arratsaldeko 19:00etan Iruñea, Bilbo, Donosti y Gasteizen, aldarrikapen hauen defentsan:

Langileon eros-ahalmenari eusteko

  • Soldatak eta pentsioak defendatu! gutxienez KPI errealaren igoera
  • Produktu energetiko guztien prezioak kontrolatu eta mugatu.

Energiarako eskubidea bermatzeko

  • Energiarako eskubidea bermatzeko, energia-sektorearen publifikazioa, kontrol publiko eta soziala.
  • Elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu.
  • Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kendu.
  • Trantsizio energetikoa demokratikoki planifikatzeko bideorria.

Zerbitzu publikoen defentsan

  • Zerbitzu publikoen eraispena gelditu eta hauek garatu:
  • Kalitatezko Zaintza Sistema Publiko Unibertsalaren eta Doako Sistemaren bidez, pertsona guztiek bizitza osoan beren zaintza-beharrak beteta izan ahal izateko.
  • Osasun-zerbitzu publikoek herritarren beharrei erantzun egokia eta kalitatezkoa emango dietela bermatzea.
  • Hezkuntza sistema publikoaren defentsa, hezkuntzara bideratutako aurrekontua Europako batez bestekoarekin parekatuz, besteak beste.

Babes sistema hedatu eta sakondu:

  • kalitatezko etxebizitzarako sarbide unibertsala: eskubide subjektibo erreala bermatu, alokairuaren prezioa mugatu, parke publikoa handitu eta etxegabetzeak gelditu.
  • Pentsio sistema publikoa indartu
  • Bermatutako oinarrizko errentan Kartatik egindako HEL-a kontuan hartu.

Aberastasunaren banaketaren alde

  • Zerga erreforma egin. Enpresen mozkinengatik, aberastasunarengatik eta errenta altuengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitu.
  • Zorrari dagokionez, herritarren zorraren auditoria egin behar da.

Burujabetzaren bidean

  • Burujabetzan aurrera egin. Sektore estrategikoak, babes sistema eta lan merkatua arautzeko eskumenak behar ditugu. Ezinbestekoa izango da elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa etab. sustatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.