2024-12-19
HomeFederazioakZerbitzu Publikoak"Bada garaia negoziazio mahaian enplegu publikoan ditugun erronkei aurre egiteko"

“Bada garaia negoziazio mahaian enplegu publikoan ditugun erronkei aurre egiteko”

Biharko, EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorraren bilera dago deituta Lakuan. LABetik langile eta zerbitzu publikooi eragiten diguten gaiei ardura osoz heldu behar diegula berresten dugu. Hain zuzen ere, enplegu publikoaren egoera larria gogorarazteko eta proposamenak azaltzeko agerraldia egin dugu gaur. Bertan izan da, besteak beste, LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategi.

Pasa den astean, Eusko Jaularitzak ohikoak dituen agerraldi horietako batean, Erkoreka jaunak Administrazio Publikoen Mahai Orokorra deitua izango zela iragarri zuen. Bozeramaileak, bere ohiturei jarraituz, bileraren edukia agerraldi horretan iragarri zuen, mahaiko partaideak garen sindikatuei jakinarazi baino lehen. Jokabide larria dela uste dugu, behin eta berriro errepikatzen ari dena eta, gure ustez, helburu jakin bat dauka; iritzi publikoaren aurrean bere kudeatzaile arduratsuaren irudia indartu sindikatuon zilegitasunaren kontura.

Azkeneko negoziazio bileran jokabide hau salatu nahi izan genuen, eta, gai zerrendan guk eskatutako puntuak sartu ez zirela eta, bileratik alde egin genuen. Biharko bilerari begira, Gobernuak negoziazio kolektiboa erabat moztu egin du, eta, gainera, sindikatuoi exijitzen digu arduratsuak izatea. Hau da, bere aurrekontu antisozialak aurrera ateratzeko, alde sozialari isilik egoteko eskatu digu. Baina, legegintzaldi honetan gertatu dena ikusita, norena da euskal administrazioetan bizi dugun egoeraren ardura?

• Euskal Administrazioetan behin-behinekotasuna bataz beste %40koa da. Gobernuak ez du egoera honi aurre egiteko ezer egin.

• Bere garaian iragarritako 13.500 lanpostuetako EPE beteko duenik zalantzan dago ere.

• Nahiz eta publikoki estatuan adosten diren neurriak kritikatu, zintzo aplikatzen ditu txintik esan gabe. Azken finean, gobernuetan dauden alderdiak gastu arauarekin eta antzeko neurriak adostu egiten dituzte.

• Enplegu Publikoaren Legea ezin adosturik dabil, ez sindikatu ezta alderdi politikoekin ere.

• Aurreko legegintzaldian aplikatu zituen murrizketa gehienak mantentzen ditu; soldata murrizketa, erretiroa sustatzeko sariak….gai hauetan egin ditugun proposamen guztiak baztertu ditu.
• Prekarietatean dauden langile publikoen egoera hobetu baino, txapuzaz txapuza langile hauen egoera okerrera doa; Ordezkagunearekin sortutako egoera edo Osakidetzako EPE dira horren erakusgarri.

• Alorreko mahaietan lortzen ditugun akordio apurrak aplikatzeko borondate eskasa erakusten du.

• Negoziazio eremu guztietan bere propaganda agenda inposatzen du, langileok beharrezkoak ditugun negoziazio gaiak baztertuz.

Legegintzaldia amaitzera doa eta ezer gutxi aurreratu dugula esan dezakegu. Bereziki lazgarria enpleguaren egoera da; etengabe proposatu diogu Gobernuari enplegu plana negoziatu eta adostu behar dugula. Legegintzaldi honetan enplegu mailan oso gauza gutxi egin dira, denak propagandaren mesedetan. Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorrean eremu gehienetan 15 urte baino gehiago joan dira deialdi publikorik egin gabe. Osakidetzan 20.000 pertsona inguru daude behin-behineko egoera batean eta Gobernuaren erantzuna 1.000 lanpostu inguruko deialdi bat proposatzea izan da. Behin-behineko langileen aurpegira parrez lehertzen ari dira Gobernuko kideak.

Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategiren hitzetan, "bada garaia txapuzak albo batera utzi eta negoziazio mahaian enplegu publikoan ditugun erronkei aurre egiteko. Milaka langileek bizi duten egoera prekarioarekin bukatuko lukeen kontsolidazio lege propio bat behar da lehenbailehen. Euskal sektore publikoak egonkortasun eredu propio bat martxan jarri behar du, Estatuan planteatzen diren neurriez harago"

Tamalez, biharko bileraren gai ordena ikusita, Gobernuak bere horretan jarraituko duela garbi dago. "Madrilek ezartzen duen soldata igoeraz beste, gutxi espero dugu mahai negoziatzailean. Guk egonkortasunaren alde borrokatzen jarraituko dugu, Gobernuak tresna propioak martxan jar ditzan", erantsi du Berasategik.  

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Madrilen sinatu duten erretiro partzialaren akordioa antzua da eta euskal langileoi negoziazio kolektiboa bahitzen digu

Gaur Madrilen bildu da Espainiako Estatuko Administrazio Publikoen Mahai Orokorra, zeinean LABen parte hartzeko eskubidea lehen aldiz onartu den.

EAEko Hezkuntza Saileko lan legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen berria lortu dugu

Hamaika borroka eta 20 urte luzeren ondoren, heziketa bereziko hezitzaileon aitortzarako eta lan baldintzak hobetzeko aurrerapausoak dituen hitzarmena lortu du LABek.

Jaiak guztiontzat dira, eskubideak ere bai!

LABeko etxeko langileen atal sindikala eta Hego Euskal Herriko Etxeko eta Zaintzako Langileen Kolektiboak kanpaina bat egin ari dira sektore horretako langileen eskubideak aldarrikatzeko Gabonetako eta urte berriko jaietan; izan ere, uste dute egun horietan areagotu egiten direla lanaldietako abusuak eta jaiegunetako atsedenerako eskubideak ez errespetatzea.