2024-12-22
HomeBidalketakInfoMahai guztietan defendatu behar dugu negoziazio kolektiborako eskubidea

Mahai guztietan defendatu behar dugu negoziazio kolektiborako eskubidea

LABek Euskal Herriko sindikatu guztiei proposamena helarazi die langile guztion eskubide hau defenda dezagun. Denok erantzukizunez jokatzen badugu, gure hitzarmenak babestea posible da.

Azken lan erreformek ondorio larriak ekarri dizkiete Euskal Herriko langileei. Hauen artean, bi nabarmendu ditzakegu:

a) Enplegu suntsiketa: Ia-ia doainik kaleratu ahal gaituzte eta patronalak sekulako erraztasunak dauzka kaleratze kolektiboak aplikatzeko (ez dute Gasteiz edo Iruñako gobernuen baimenik behar, arrazoi gehiago erabili ahal dituzte langile bat kaleratzeko…).
b) Lan eskubideen lapurreta: negoziazio kolektiboa baliogabetu dute.
 

Zergatik esaten dugu negoziazio kolektiboa baliogabetu dutela?

1. Estatu mailako negoziazio kolektiboa herrialdekoaren gainetik ipini dutelako. Honen helburua, herrialdeko sektoreko hitzarmenak desagertaraztea da. Hitzarmen hauek urtetako borrokaren bitartez lortu ditugu eta hauei esker gure lan baldintzak Estatukoak baino askoz hobea izatea lortu dugu.
2. Enpresako negoziazio eremua gainontzekoekiko lehenesten dutelako. Ondorioz, enpresan, herrialde mailako hitzarmenean adostutakoaren azpitik negoziatu ahal izango dute.
3. Patronalari hitzarmen batean adostutakoa ez aplikatzeko aukera eman diotelako. Orain arte langileen ordezkariekin adostasuna behar zuten, baina aurrerantzean ez da behar izango.
4. Hitzarmenei iraungitze data ipini dietelako. Orain arte hitzarmen berria sinatu arte, aurreko hitzarmenak indarrean jarraitzen zuen. Hemendik aurrera, bi urtez baino ez.

Negoziazio kolektiboaren bitartez, langileok eta patronalak gure lan baldintzak adosten ditugu, baina Estatuko gobernuak erabaki du hemendik aurrera ez dela negoziatzeko beharrik izango, hau da, patronalak bere kabuz egin eta desegin ahal izango duela. Euskal Herrian ez daukagu enplegu eskuduntzarik eta horregatik gure herrian negoziazio kolektiboak garrantzi are handiagoa dauka. Negoziazio kolektiboaren bitartez erreforma ezberdinen ondorioak gutxitu ahal izan ditugu, baita soldata zein lan baldintza hobea bermatu ere. Horregatik, eskubide honi eutsi behar diogu.

Inposatu dizkiguten lau neurri hauek gelditzen ez baditugu, hitzarmena sinatzeak EZ DU EZERTARAKO BALIO IZANGO:

Enpresak, langileekin adostu gabe, hitzarmenak ezartzen duena ez betetzeko aukera izango duelako.
– Bi urte ondoren, hitzarmena berritzen ez badugu enpresak beste hitzarmen bat aplikatu ahal izango digulako: enpresakoa badaukagu, herrialde mailakoa; herrialdekoa badaukagu, estatu mailakoa, edo langileen estatutua estatu mailako hitzarmena badaukagu.
– Estatu mailako hitzarmen batek edozein gai (soldatak, jardunaldia…) Madrilen negoziatu behar dela ezarri dezakeelako (herrialde mailako hitzarmenak gai horretaz ezartzen duenak ez luke balioko).
Enpresa mailako hitzarmenak lan baldintzak herrialdekoaren azpitik ezarri ahal dituelako.
Hortaz, LABen iritziz, lehenengo eta behin inposaketa hauek guztiak indargabetu behar ditugu, helburu argi batez: negoziazio kolektibo eraginkorrerako eskubidea izatea. Erreformaren kontrako greba erabateko arrakasta izan da. Inposatzen dizkiguten neurrien kontra gaudela eta gure eskubideen defentsan borrokatuko dugula erakutsi dugu. Grebarekin hasitako bideari jarraipena emateko momentua da eta borroka hori negoziazio eremu guztietara eraman behar dugu. Egoera berria eta oso larria da. Ezin dugu negoziazio mahaietan parte hartu ohiko negoziazio batean bageunde bezala.

Ekidin ahal da. Eta Euskal Herriko sindikatu guztien erantzukizuna da.
Sindikatu guztion artean gutxieneko akordio bat lotu behar dugu negoziazio kolektiborako eskubidea defendatzeko eta eredu propioa eraikitzeko. Alternatiba Euskal Herrian dago: Madrileko erreformak eta akordioak gaindituz, hemen eskubide eta soldata hobea izatea posible egin duen negoziazio kolektiborako eskubidea defendatuz.

LABek aurrea hartu du eta gainontzeko sindikatuei lau puntutan datzan akordioa proposatu die:
– Sektore mailako akordio markoak sortzea. Honek juridikoki aukera ematen digu gure negoziazio esparrua blindatzeko. Akordio hauen bitartez, herrialde mailako hitzarmenak estatukoen gainetik kokatuko genituzke eta, honetaz gain, gutxieneko izaera emango genieke (hau da, enpresetan ez dadila ezer negoziatu hauen azpitik)
– Sindikatu guztiok, enpresetan, herrialdekoen azpitik ezer ez negoziatzeko konpromisoa hartzea.
– Sindikatu guztiok hitzarmenetan, bai enpresetakoetan bai herrialdekoetan, hurrengo hau sinatzeko konpromisoa hartzea: edozein lan baldintza betetzeari uzteko orduan enpresa eta langileen arteko akordioa ezinbestekoa izatea.
– Sindikatu guztiok enpresa zein herrialdeko hitzarmen guztietan, beste bat sinatu artean aurreko hitzarmena aplikatzen jarraituko dela sartzeko konpromisoa hartzea.

Akordio honen bitartez erreformaren alde kaltegarrienak geldituko genituzke. Puntu hauek gure lehentasuna izan behar dira negoziazio guztietan; bestela, ikusi dugunez, negoziatu ahal diren beste eduki guztiak ezerezean gelditu ahal dira. Enpresariak beteko ditu ala ez, bere apetaren arabera. Euskal Herriko sindikatu guztion ardura eta betebeharra da negoziazio kolektiborako esparru propioa defendatzea, eta honelako iniziatiben bitartez egin ahal da.

Langabeziak eta prekarietate laboral zein sozialak argi uzten dute lan harreman eredu berria eraiki behar dugula: patronalaren pribilegioak bermatu beharrean langileon eta jendartearen eskubideak bermatzeko balio behar duena. Baina horretarako, Euskal Herriak gai soziolaboraletan lege ahalmen osoa eduki behar du. Eta honekin batera, negoziazio kolektiboa ezinbesteko tresna ere bada.

Euskal Herriko patronalak Madriletik oparitu dioten erreforma baliatu nahi du eta ez du negoziazio kolektiborako euskal esparrua babestu nahi, ez eta aldebakartasuna ematen dioten erreformaren ondorioak indargabetu ere. Aukera hori oparitu diete, baina geure esku dago, mobilizazio eta presio sozialaren bitartez, erabili ez dezatela. Euskal Herrian negoziatzen duguna errespetaraztera behartu behar ditugu.

Martxoaren 29ko greba bide baten hasiera izan zen. Euskal Herriko langileok geure lanerako eskubidea eta geure lan baldintzak defendatzeko prest gaudela argi utzi genuen. Orain, borroka indartzeko momentua da.

lotu borrokari!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...