2024-11-25
HomeEkintza SozialaEskubide Sozialen KartaMadrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuen neurri eskasek urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren beharra...

Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuen neurri eskasek urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren beharra indartu dute

Azken asteetako gertaerek berretsi besterik ez dute egin urtarrilaren 30eko Greba Orokorra erabat beharrezkoa dela. Herenegun beste arrazoi bat gehitu zitzaion: Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin lotutako erabakia. Neurriak neurri, Greba Orokorra oso arrakastatsua izango, milaka eta milaka langileren babesa jaso baitu. LABeko Ekintza Sozialeko ordezkari Edurne Larrañagak honen guztiaren berri eman du, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako agerraldian.

Hau da Bilbon egindako agerraldian Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariok irakurritako oharra

Azken asteetako gertaerek berretsi besterik ez dute egin urtarrilaren 30eko greba orokorra erabat beharrezkoa dela. Batetik, Urkullu lehendakariaren ezezkoa jaso dugu (Chivite lehendakaria ez bezala), Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen dugun erakunde sindikal eta sozialekin biltzeari uko egin baitio, grebak dituen aldarrikapenen inguruan eskumenik ez zuela argudiatuta.

Gezurra da hori, ordea. Izan ere, greba deialdia enpleguaren, pentsioen eta eskubide sozialen arloetan neurri zehatzak hartzera bideratuta dago, eta Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, biek ala biek, horretarako eskumenak dituzte, hala nola:

• Behin-behinekotasuna ezabatzeko administrazio horietan, behin-behinekotasun tasa Europako buruan baitago, %40era iristeraino.

• Azpikontratatutako enpleguan subrogazio-eskubidea, gutxienez 1.200 euroko soldata eta gehienez 35 orduko lanaldia bermatzeko.

• Gutxieneko pentsioak 1.080 eurora arte osatzeko. Gasteizko eta Iruñeko Legebiltzarren txosten juridikoek aitortzen dituzte eskumen horiek.

• Soldata-arrakalaren aurkako neurriak hartzeko.

• Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako Herri Ekimen Legegilearen edukiak onartzeko, gizarte-prestazioei eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubideari buruzko neurriak jorratzen zituena.

• Zerga-politika iraultzeko, zerga-iruzurra desagerrarazteko eta errenta handiei, enpresei eta kapitalari zergak nabarmen handitzeko.

• Lan-harremanen esparru propio baten alde lan egiteko, lan- eta gizarte-legediari buruzko erabakiak Euskal Herrian hartzeko.

Era berean, espainiar Estatuko Gobernuak, PSOE eta Unidos Podemosen arteko akordio programatikoaren edukiari jarraituz, pentsioei eragiten dieten neurri batzuk hartu ditu: 2020an %0,9ko igoera gauzatu du, bai, baina indarrean sartu du erretiro-adinaren atzerapena eta 2011ko erreforman adostutako pentsioen kalkulu-aldia ere. Lanbidearteko gutxieneko soldatari dagokionez, patronalari beto-eskubidea eman dio, eta ondorioz, 950 euroan finkatu dute gutxieneko soldata, 1.000 euroan finkatuko zutela iragarri bazuten ere.

Neurri horiek ez diete erantzuten greba orokorraren eskaerei, eta gobernatzeko modu bat adierazten dute, non elkarrizketa soziala edo Toledoko Ituna bezalako tresnek murrizketak justifikatzeko edo eskubideen berreskurapena geldiarazteko zeregina berreskuratzen duten.

Edozein gobernuren aurrean eta edozein alderdi politiko agintean dela, lan eta gizarte eskubideen aitortzan aurrera egiteko ezinbestekoa da presio eta mobilizazio soziala. Ildo horretan, gutun bat bidali diegu CCOO eta UGT sindikatuei, eta dei egin diegu urtarrilaren 30eko deialdiekin bat egin dezaten, bakoitzak bere espazio eta planteamenduarekin.

Urtarrilaren 30eko greba orokorra oso arrakastatsua izango da. Dagoeneko batzarretan parte hartzea erabaki duten milaka eta milaka langileen berariazko babesa jaso du. Era berean, greba-batzordeak lurralde osoan zabaltzeak eta horietan dozenaka gizarte-erakundek (sindikatuez gain) parte hartzeak mobilizazio-maila handia aurreikusten du.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko gobernu berriaren aurrekontuak langileon parte hartzerik gabe zehaztu dira

Sakoneko eztabaidari heltzeko borondatearekin batera proposamen zehatzak egiteko prest dagoela azaldu du LABek, langileen aldeko politikak egiteko garaia dela azpimarratuz.

Greba egunak deitu ditugu abenduaren 5ean eta 7an Arabako ostalaritzan, hitzarmen duinaren alde

Arabako ostalaritzako langileek lau urte daramatzate hitzarmenik gabe. Lau urte lanaldia murriztu gabe, lau urte soldata-igoerarik gabe eta, beraz, erosteko ahalmena galduta. Lau urte kontziliazio-neurri berririk gabe, baimen berririk gabe.

Jakinarazi dugu 2024an Nafarroako 5 langile gehiago hil direla, eta Nafarroako Gobernuari exijitu diogu nafar langileen heriotza etengabeari amaiera emanen dioten neurriak hartzeko

Gaur egin duen agerraldian LAB sindikatuak jakinarazi du 2024an zenbatuta zeudenak baino 5 langile gehiago hil direla. Hala, aurten, azken urteetako tasa guztiak apurtu ditu Nafarroak, 2024 honetan dagoeneko 26 lan heriotza izan baitira. Egoera larri horren aurrean, LABek uste du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak barnebiltzen dituen CEN patronaleko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interes korporatiboak ezin direla jarri langileon osasunaren eta bizitzaren gainetik eta, ondorioz, Gobernuari exijitu dio Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatzea, bertan egoera zuzentzeko beharrezkoak diren neurriak har daitezen.