LAB, CIG, ELA eta Intersindical Catalana sindikatuek bilera egin dugu gaur Diputatuen Kongresuan ordezkaritza duten alderdi politikoekin, VOX, PP eta Ciudadanosekin izan ezik. Bilera horretan eskatu diegu gure aldarrikapenaren alde egin dezatela, 2022 honetan, osasun-arloko eta sektore soziosanitarioetako langileek 63 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea izan dezaten, zigorrik gabe; eta legegintzaldi honetan, erretiro adin hori 60 urteetan ezarri dadila.
Ildo horretan, eskatu egin diegu gai hau lehenesteko eta, hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, gizartearentzat funtsezkoak diren langile hauekin daukaten konpromiso argia erakutsiz, botoak eskubide hori onartzera baldintzatu ditzatela.
Era berean, osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako langileek, esparru publikokoek eta pribatukoek, berehala 63 urterekin erretiroa hartzeko duten eskubidea errespeta dezala eskatzen diogu Gobernuari, betiere eskatutako denbora kotizatu badute; eta legealdi honetan 60 urterekin ohiko erretiroa lortzeko behar diren lege-aldaketak negoziatu ditzala.
Galizako, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako gobernuei eta administrazioei eskatzen diegu ere, langile horien erretiro aurreratua errazteko mekanismoak antolatu edo azken urteetan murriztuak izan direnak berreskura ditzatela, hala nola erretiro aurreratuko primak.
Gizarte Segurantzaren arloko egungo legeriak, 63 urterekin erretiro aurreratua hartzeko eskubidea aitortzen die Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan sartuta dauden langileei, betiere 38 eta 44 urte eta 6 hilabete bitartean kotizatuta badituzte eta adina, gehienez ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den adina baino bi urtetik beherakoa bada.
Baina eskubide horren artikulazioak berekin dakar pentsioaren zenbatekoari % 21era irits daitezkeen eta 65 urte betetzean berreskuratu ezin diren murrizketa-ehunekoak aplikatzea.
Gizarte Segurantzaren arloko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legeak aurreikusten duenez, lan nekagarria, toxikoa edo arriskutsua duten talde edo jarduera profesionaletarako, kategorietarako eta espezialitateetarako 65 urteko gutxieneko adina errege-dekretu bidez jaitsi ahal izango da. Halaber, txandakako lanaren ondorioak (gaueko txandetan lan egiteagatiko nekea) eta egiten den lana gauzatzeko ahalegin fisikoa kontuan hartuko dira.
Osasun-arloko eta sektore soziosanitarioetako langileentzat, Gizarte Segurantzaren sistemako edozein erregimenetan sartutakoak barne, aurten 63 urterekin erretiroa penalizaziorik gabe hartzeko eskubidea gauzatzeko 40/2007 Legea aplikatzea eskatzen dugu.
Arauan jasotako kotizazio-aldiak dituzten eta kotizazio-baldintza betetzen duten osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako langileek, erretiroa egungo legeriak ezarritako penalizaziorik gabe hartu ahal izatea eskatzen dugu. Eta, gainera, genero-osagarria jasotzea.
Neurri horrek 40/2007 Legean oinarritutako Errege-dekretu bat onartzea baino ez du eskatzen. Hori dela eta, CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek gaurko bileran izandako indar politikoei exijitzen diegu, egungo aritmetika parlamentarioa ikusita, euren botoak balia ditzatela hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, gai honi lehentasuna emanez.
Era berean, Gobernuari eskatzen diogu, legegintzaldi honetan, eremu publikoko eta pribatuko osasun-arloko eta sektore soziosanitarioko langileek 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea onar dezala, eta eskubide hori ez dezatela langileen eskubideak inola ere urratu ezin dituzten erabaki politikoen mende dagoen egungo edo etorkizuneko plantillen plangintzarekin lotu.
Batez besteko oso adin altua (50 urte baino gehiago) eta lan egiteko baldintza penagarriak dituzten plantillen aurrean gaude; izan ere, azken urteetan aplikatutako zerbitzu publikoen murrizketa-, pribatizazio- eta desegite-politiken ondorioz, ezinbestekoa da eskubide hori egituratzea.
Osasungintzan eta sektore soziosanitarioetan profesional faltaren egungo egoera azken 10 urteetan egindako osasun-plangintzaren ondorioa da. Langile kopurua murriztean, lanpostuak kentzean eta zerbitzu publikoak argaltzean eta pribatizatzean oinarritutako plangintza, gizarteak kalitatezko prestazioa jasotzeko duen eskubidea zalantzan jarriz.
LAB, CIG, ELA eta Intersindical catalana sindikatuek legegintzaldi honetan 40/2007 Legea aldatzeko negoziazio-prozesua ireki dadila eskatzen dugu, 60 urte beteta eta 35 urte kotizatuta dituztenean aplikazio-eremu horretan dauden langileek erretiroa hartzeko aukera izan dezaten.
Horretarako, osasun-arloko eta sektore soziosanitarioko, arlo publikoko eta pribatuko profesionalek 60 urterekin ohiko erretiroa hartzeko duten eskubidea aitortzera bideratutako negoziazio-prozesu horri babesa eman diezaiotela eskatuko diegu Espainiako parlamentuan dauden erakunde politikoei.