2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaMadrildik eratortzen diren erabakitzeko eskubidearen eta nafar langileen aurkako injerentziei aurre egiteko...

Madrildik eratortzen diren erabakitzeko eskubidearen eta nafar langileen aurkako injerentziei aurre egiteko erabakiak eskatu dizkiogu Nafarroako Parlamentuari

Gaur, Imanol Karrera LABeko Nafarroako eledunak estatalizazioa pairatzen duten langile batzuekin batera Nafarroako Parlamentuan eskaera bat erregistratu du legebiltzarrak 2010eko eta 2013ko erreformak osoki bertan behera uzteko eska dezan, eskuduntza osoak dituen Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Marko Propio baten alde egin dezan eta hori martxan jartzeko neurriak har ditzan. Ildo berean, Parlamentuari eskatzen diogu Nafarroako Gobernua premia dezan bertako lan baldintzak aplikatzen ez dituzten enpresak kontratu publikoetatik eta diru laguntza publikoetatik kanpo uzteko, ezinezkoa izan beharko litzatekeelako bertako diru publikoa jasotzea Estatuko -eta ez Nafarroako- lan baldintzak aplikatzen badira.

“2010ean eta 2013an nafar langileei bi lan erreforma ezarri zitzaizkigun. Lan erreforma horiek 13 neurri atzerakoi zituzten. Estatuko Gobernuaren azken aldaketa egin zenean asko hitz egin zen lan erreformaren derogazioaz. Baina orain errealitatea guztiz bestelakoa da. CCOOk iragarri du puntu gutxi batzuk moldatuko dituztela (3), eta ez dute ziurtatzen lehengo egoerara bueltatuko direnik”, aipatu du Karrerak parlamentuaren atarian hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.

LABen Nafarroako eledunaren ustez, “harrigarria da moldatzeko aipatu dituztenen artean ez daudela, alde batetik langileen kaleratzeak erraztearena (indemnizazioa 33 egunetara jaistea eta EREak egiteko aukerak zabaltzea), eta beste alde batetik, estatalizazioa, hau da, bertako langileei estatu mailako lan baldintzak inposatzea”.

Karreraren esanetan, “hau guztia makillaje operazio baino ez da. Erreformen puntu larrienak mantenduko dira, patronalak prekarietatea ezartzen jarraitu ahal izateko. Nafar langileak bizi dugun egoeraren irtenbidea ez da Madriletik etorriko”.

“Irtenbidea Euskal Herrian dago, Nafarroan”, Karreraren ustez. “Lan harremanetarako eta Babes Sozialerako Marko Propioa beharrezkoa da langileok bizi dugun egoerari aurre egiteko, hemen behar ditugun neurriak eta horiek aurrera eramateko tresnak sortu ahal izateko. Hala, eskaera horiek guztiak kontuan har ditzala eskatzen diogu Nafarroako Parlamentuari, busti dadila, posizio argi bat hartuz”.

Aurrekoarekin batera, Karrerak iragarri du Nafarroako Parlamentuan gaur LABek erregistratu duen eskaera Euskal Herriko hiriburuetara eramanen duela heldu diren asteetan. Eta, gainera, gai hau behar bezala lantzeko alderdi guztiekin bilerak antolatuko dituzte.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...