2024-12-22
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaEz dugu onartzen gazteen egoera prekario eta zaurgarriak beren etorkizuna zapuztea!

Ez dugu onartzen gazteen egoera prekario eta zaurgarriak beren etorkizuna zapuztea!

LABeko eta Ernaiko hainbat kide Burlatan bildu gara, Nafar Lansareren Iturrondo enplegu agentziaren egoitzaren parean, gazte langileen prekaritatea salatzeko eta Nafarroako Gobernua zuzenean interpelatzeko gazteei enplegu duinak ahalbidetu diezaien. Elkarretaratzeaz gain, egoitzaren barrualdera sartu gara gure salaketaren berri emateko. Gaurko ekintza amaituta, Ernairekin batera mobilizatuko gara irailaren 26an Iruñean, 12:00etan, Foruen plazatik abiatuta, gazte langileen etorkizunaren alde.

Azken datuen arabera, Nafarroa Garaian 25 urtetik beheitiko 4.338 gazte langabe dago, otsailean baino 1.154 gehiago (%36,24ko igoera). Ez dugu onartzen gazteen egoera prekario eta zaurgarriak beren etorkizuna zapuztea.

Uztailean, langileria eta bereziki gazteak pairatzen ari diren egoeraren aurrean, Ernairekin batera, enplegu duina aldarrikatzeko beste mobilizazio bat egin genuen; Gasteizen kasu honetan, Lanbideren egoitzaren aurrean.

Ernairekin batera egindako oharra, gaurko ekintzaren harira:

LABek eta Ernaik langileei dei egiten diete irailaren 26an Iruñean mobilizatzeko, gazte langileen etorkizunaren alde

LAB sindikatuko eta Ernai gazte antolakundeko hainbat kide Nafar Lansarearen Iturrondo Enplegu Agentzia Integralaren Burlatako egoitzan sartu dira gaur, Nafarroako Gobernua zuzenean interpelatzeko neurri eta politika eraginkorrak har ditzan gazteriak Nafarroan lan duina izate aldera. LABek eta Ernaik aliantza estrategikoa osatua dute, “gazteen beharrak eta kezkak modu praktikoan aintzat hartzeko, gazte langileen egitasmoei bide ematekon behar die, eta erasoen aurrean mobilizatu behar gaitu”, eta ildo horri lotuta Iruñean irailaren 26an eginen duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Iturrondo agentzian sartu baino lehentxeago Imanol Karrera eta Ainhoa Urrutia mintzatu dira, LABeko eta Ernaiko bozeramaileak hurrenez hurren. Karrerak eta Urrutiak gogorarazi dute urtarrilaren 30eko greba orokorrean ohartarazi zutela gazte langileen egoera “erabat prekarioa eta guztiz zaurgarria” zela. “Zoritxarrez errealitateak, denborak eta Covid-19ak sortutako osasun krisiak sistema kapitalistan izandako eragin ekonomikoak arrazoia eman digute. Krisiak indar handiagoz jo ditu diru-sarrera txikieneko langileak, emakumeak eta gazteak. Datuen ebidentziari baino ez zaio erreparatu behar”.

Otsailetik hona, Nafarroa Garaian, %36,24a izan da 25 urtetik beherako gazte langabeziaren kopuruaren igoera. Hau da, 1.154 gazte gehiago daude langabezian pandemia hasi zenetik. Beraz, osotara, une honetan 4.338 gazte daude langabezian Nafarroan.

Ondorioz eta logika osoarekin, gazteen kezka nagusiak dira lan baldintzak (enpleguaren behin-behinekotasuna) eta enpleguaren suntsiketa, miseriazko soldatak eta langabezia. Horrekin batera edo horren ondorioz, etxebizitza izateko eta emantzipazioa lortzeko duten zailtasuna (alokairua bakarrik ordaintzea soldata garbiaren %67,1a da) da konpartitzen duten beste kezka bat.

LABek eta Ernaik ohartarazi dute gazte langabe gehienak “estaldura sozialik gabe” bizi direla. “Errealitate horren atzean, gazteak jo puntuan izan dituen prekarizazio prozesua dago. Baina gazte belaunaldi honek jende gazteaz eta haien etorkizunaz batere arduratzen ez den Gobernu batekin ditu kontuak. Nafarroako Gobernua -batez ere Manu Aierdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari neoliberala- CEN patronalaren esanetara dago eta egoera larri hauen aurrean inolako lotsarik gabe enpresaburuen bozeramaile bihurtu da. Siemens-Gamesa enpresaren adibideak argi utzi digu zein den enpresaburuen modus operandi-a eta Gobernuaren aldetik duten babesa: diru-laguntzetan milioiak jaso etekinak batzeko eta gero enplegua suntsitu”.

“Gauzen logika” hori logika kapitalista da, LABen eta Ernairen iritziz. “Eta ez dugu onartzen”, adierazi dute. “Ez dugu onartzen gazteen egoera prekario eta zaurgarriak beren etorkizuna zapuztea. Eta, horregatik, Nafarroako Gobernuak enpresak salbatzeari utzi behar dio gazteak babesteko. Gazteei lan eta bizitza duina bermatzeko. Enplegu prekarioekin amaitu behar du”.

“Gazteon aukera borrokan da”
LAB eta Ernairen ustez, Covid-19aren pandemiak argi erakutsi du zein den kapitalismoaren eta sistema honetan “eroso” dauden gobernuen printzipioa: “irabaziak jendearen gainetik, kodizia premiaren gainetik eta aberastasuna osasunaren gainetik. Logika horrek langileok pobreziara eta langabeziara kondenatzen gaitu”.

“Osasun krisi honen ondorioz kapitalismoaren miseriak beste behin ere agerian gelditu dira”, adierazi dute. “Kapitalismoak gure enpleguak eta osasuna suntsitzen ditu, gure etorkizuna zapuzten du. Hori dela-eta, gu guztiok, zahar, heldu nahiz gazte, langileria osoa, behartuta gaude zutitzera, argi hitz egitera eta mundu hobe baten alde borrokatzera. Lan eta bizitza duina gazteon aukera da; eta aukera hori, gazteon aukera, borrokan da”.

Hartara, LAB sindikatuak eta Ernai gazte antolakundeak Nafarroako langileak deitzen dituzte irailaren 26ko 12:00etan Iruñeko Foruen Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. “Elkartu eta borroka gaitezen enpleguaren alde, lan eta bizitza duinaren alde, etorkizunaren alde”.

LAB eta Ernairen arteko aliantza estrategikoa
2014ko apirilean, “aurreko krisiaren ondorioei aurre egiteko eta sortu ziren aukerak baliatzeko”, LABek eta Ernaik gazteriaren eta langileen arteko aliantza osatu zuten. Eta orain, “Covid-19aren pandemiak kapitalismoaren krisia bizkortu eta enegarren aldiz sistema honek krisi ekonomiko eta sozial berri batean murgildu gaituen honetan” LABek eta Ernaik bere konpromiso eta aliantza estrategikoa berritu eta azkartu nahi izan dute “eraginkorrak eta erakargarriak” izateko. “Gure aliantzaren gaitasun eta ahalmen osoa zabaldu nahi dugu modu praktikoan gazteen beharrak eta kezkak aintzat hartzeko, beraien egitasmoei bide emateko, eta erasoen aurrean mobilizatzeko”.

“Zentzu guztietan eta konplexurik gabe gazteon aukera izateko bokazioarekin azaltzen gara”, erran dute LABek eta Ernaik. Eta, ildo horretan, bi antolakundeen ikasturte honetako erronkak izanen dira “krisiaren harira gazteen eskubideak eta enplegua suntsitzeko aurreikusten diren erasoei aurre egitea”, “testuinguruak sortutako aukerak baliatzea, beste eredu ekonomiko eta sozial baten alde”, eta “belaunaldi gazte berriek langileen borrokaren lekukoa hartzea”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...