2024-12-22
HomeEkintza SindikalaLizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren...

Lizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren utzikeria eskualdeko osasun zerbitzu publikoak desegiten ari baita

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Lizarrako Osasun Barrutiko osasun zerbitzu publikoen egoera larria salatzen, eta duela aste batzuk informazio kanpaina bat egin genuen datu ofizialen bidez frogatzen zuena Estellerriko herritarrak sufritzen ari direna egiazkoa dela, eta ez sentsazio hutsa. Orain, aurreko gerentearen kudeaketa tamalgarriak eta Osasun Departamentuaren ekimenik ezak eskualdeko ospitalea erditzeko zerbitzurik gabe utzi dute, zerbitzua berreskuratzeko datarik gabe, bere garaian etxeko ospitalizazioarekin gertatu zen bezalaxe.

LABen ustez, faktore askok eraman dute Lizarrako Osasun Barrutia egungo zenbaki onartezinetara, bai itxaron zerrendetan, bai profesional kopuruan. Azken lau urteetan, sindikatuak salaketa ugari egin ditu PSNk politikoki baimendutako kudeaketari buruz. Aurreko gerentziak nekez konpon daitezkeen kopuru batzuk utzi dizkio gerentzia berriari; ez dira konponduko baldin eta premiazko neurriak aplikatzen ez badira eta gainontzeko osasun barrutien oso azpitik dagoen aurrekontuari buelta ematen ez bazaio.

Estellerrian osasun estaldura jasotzeko 62.000 pertsona egonagatik ere, azken urteetan ez dute euro bakar bat ere inbertitu itxaron zerrendak murrizteko, eta are gutxiago arreta sendotzeko eta hobetzeko egiturazko neurriak ezartzeko. Plantilla finkoa, batez ere langile fakultatiboena, izugarri murriztu da, bai Lehen Arretan bai Arreta Espezializatuan.

Ginekologiako zerbitzuburu ohiaren erantzukizuna

Arreta ginekologikoaren kasua da nabarmenenetako bat, alderdi guztietan duen eraginagatik. Duela hilabete batzuetatik plantilla erabat murriztua dagoen arren, ez dute neurri zuzentzailerik hartu. Alde horretatik, erantzukizunaren zati bat zerbitzuburu ohiari egotzi behar zaio, hark interes partikularrak lehenetsi baitzituen kalitatezko osasun zerbitzu publikoa eskaintzeko interes orokorraren gainetik.

Garai bateko zerbitzuburu horri buruz, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren apirilaren 21eko 1387/2023 Ebazpenaren bidez adierazi zen bateraezina zela pertsona horrek jarduera pribatuak egitea Lizarrako García Orcoyen Ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologiako Laguntza Zerbitzuko buruaren lanpostuarekin 2018ko ekainaren 9tik 2020ko ekainaren 18ra bitartean. Gainera, ebazpenak nabarmendu zuen ez zuela bete funtzionario gisa zuen lanpostua ez den bertze edozein jardueratarako bateragarritasun-baimena eskatzeko betebeharra, eta Osasunbideari diziplina-espedientea irekitzeko eskatu zion, bateraezintasunen araubidea ez betetzeagatik oso hutsegite larria egiteagatik. Ondorioz, LAB sindikatuari erabat onartezina iruditzen zaio orain pertsona hori berriz “fitxatu” nahi izatea, konpondu beharreko arazoaren muinean baitago bera.

Aurreko legegintzaldian PSNk hartu zituen neurriak eta Geroa Baik orain errepikatu dituenak ez dira batere eraginkorrak izaten ari medikuen eskasia arintzeko. Hileko 400 euroko soldata igoerak eta ohiz kanpoko jardueraren ondoriozko diru zorrotada etengabeak desberdintasunak handitzeko baino ez dute balio izan. Nafarroako Sindikatu Medikoa buru duen lobby-aren eta Osasun Departamentuaren artean adosturiko neurri horiek UPNk bere garaian sortutako egiturari bide ematen ari dira, eta begi onez begiratzen diote zerbitzu publikoa negozio pribatura bideratzeari.

Arazo bat dago eremu publikoan eta eremu pribatuan jarduten duten ginekologoekin eta bertze espezialista batzuekin (ginekologiako, traumatologiako, kirurgia plastikoko… klinika anitzetan); izan ere, interes batzuen arabera, Osasunbideko medikuek ateak zabalik izan behar dituzte enpresa pribatuei eskulana emateko osasun arreta publikoa arriskuan jartzearen kontura. LABek jarraituko du arlo publikoaren kalterako diren ekintza guztiak salatzen eta, beraz, Nafarroako Gobernuari exijitzen dio berehalako neurriak har ditzan Lizarrako Osasun Barrutiaren gabezia larriak konpontzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...