2024-11-05
HomeLAB SindikatuaIritzia«Indarkeria sexistak baditu milaka aurpegi»

«Indarkeria sexistak baditu milaka aurpegi»

Azaroak 25eko data hurbildu ahala komunikabide ezberdinetan emakumeenganako indarkeriaren inguruko solasaldi, eztabaida edota albiste anitz jasotzen dira. Instituzio ezberdinek ere beren irakurketa kaleratu eta indarkeria sexista gaitzetsi egiten dute. Eta jendartearen gehiengoa egun hauetan kaleratu ohi diren datuen aurrean hotzikarak sentitu eta pentsakor geratzen da une batez: baina nola liteke?

Egungo eredua aldatzen ez dugun bitartean, gizon eta emakumezkoen arteko harremanak botere harreman hierarkikoetan oinarritzen jarraitzen duten bitartean, emakumeekiko diskriminazio egoerak zuzentze bidera neurri eraginkorrik ezartzen ez den bitartean… indarkeria sexistak iraun egingo du.

Kapitalismoak oinarri duen sistema patriarkala indarrean den bitartean, hau da, emakumeak menperatzen dituen jendarte eredua daukagun bitartean, emakumeok bigarren mailako herritarrak izango gara eta, ondorioz, indarkeria sexistak iraungo du. Errealitate honetaz denok izan behar gara kontziente.

Emakumeok pairatzen dugun sexu-genero zapalkuntza aitortzen ez den neurrian, indarkeria sexistaren hainbat eta hainbat adibide ikustezin bihurtzen dira. Izatez, jendartearen gehiengoak indarkeria fisiko, psikologiko edota indarkeria sexualarekin lotzen du indarkeria sexista, baina haratago doa, indarkeria sexistak milaka aurpegi ditu. Emakumeonganako indarkeria eremu politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean jasaten ditugun erasoek osatzen dute, indarkeria sexista arazo estrukturala delako.

Eremu sozio-ekonomikoari erreparatuz, argi ikusten dugu sistemak sexuaren araberako lan banaketa inposatu digula, emakumeoi etxeko eta zaintza lanak egokitu zaizkigu eta lan merkatuan parte hartu nahi izanez gero, guretzako utzi ditu aitortza sozial eta ekonomikorik baxueneko lanak. Hori ez al da emakumeonganako indarkeria? Lan munduan pairatzen dugun prekarietatea, diskriminazioa, egonkortasun eza, sexu jazarpena… hori ez ahal da indarkeria? Emakundek atera berri duen txostenean azaltzen da emakumeen %7k onartzen duela bere lantokian indarkeria sexista pairatu edo pairatzen duela. Aintzat hartu beharreko portzentaia bada ere, askotan emakumeok, guk geuk, ez diegu egunero pairatzen ditugun indarkeria sexista mota ezberdinei erreparatzen, egunero jasotzen ditugun gertakariak izatean ohikotzat jotzen ditugu, behar duten arreta eskeini gabe.

Egoera honi ez zaio egun bateko aitortza publikoaz eta deklarazio instituzionalen bidez buelta emango, egoera honekin behingoz bukatzeko gaur egungo eredua irauli eta eredu berri bat eraiki behar dugu. Elite baten interes ekonomikoen gainetik pertsonak oinarri izango dituen eredua, emakume eta gizonezkoen arteko harreman eredu parekidean eta errespetuzkoan oinarrituko dena, inolako diskriminaziorik gabeko eredua, justizia sozialean oinarritua… Hori da Euskal Herrirako eraiki behar dugun eredu propioa.

Orain dugu Euskal Herriko emakumeok Euskal Herrirako nahi eta behar dugun eredua definitzeko aukera ezin hobea, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren bitartez. Gure herrirako zer nolako eredu sozio-ekonomiko nahi dugun erabakitzera goazen prozesu honetan, emakumeon eskubideak eta aldarriak jasoak egon beharko dute nahitaez. Bultzatu nahi dugun aldaketa feminista izango da edo, bestela, ez da benetako aldaketa izango. 
  

LAB sarean
{module[111]}

Zaloa Ibeas, Olga Aroz, Izaskun Garcia LABeko emakume idazkaritza

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazio zaratatsu batekin aldarrikatu dugu Euskal Trenbide Sareko hitzarmena

Bilboko Albia eraikinaren parean egin dugu mobilizazioa, Euskal Trenbide Sareko egoitzaren aurrean.

Michelinek langileekin jolasten jarraitzen du

Enpresak ukatu egiten die lanpostua gordeta duten eszedentzia-egoeran dauden langileei lanera itzultzea.

Osakidetzako zuzendaritza eta Deloitte enpresa kaos egoera batera eramaten ari dira kontratazioa

Osakidetzak aurreikusia zuen uda aurretik kontratazio zerrenden eguneraketa eta milaka lagunen integrazioa egitea. Gai honen kudeaketan izandako atzerapenen ondotik, mahai sektorialetan kasurik egin gabe jarraitzen dute.