2025-04-22
HomeEkintza SindikalaLidl Gipuzkoan grebara joko dugu abenduaren 7an eta 9an

Lidl Gipuzkoan grebara joko dugu abenduaren 7an eta 9an

Supermerkatu katean lan-baldintzen hobekuntza eskatuko dugu, behin eta berriro eskaerak helarazten saiatu arren arduradunek etengabe entzungor egin digutelako.

LAB sindikatuan greba deitzeko hartu dugun erabakiarekin, lehenik eta behin, egungo lan baldintzak hobetu nahi ditugu. Hala, honako puntu hauek aldarrikatuko ditugu ostegunean eta larunbatean:

> Gipuzkoako Industria eta Elikadurako hitzarmenean dauden kategoria altuagoetarako ekiparazioa

> Ordaindutako baimenak langile bakoitzak erabakitzeko noiz gozatu

> Garraio-plusa lantokitik 2km baino gehiagora bizi diren langileentzat

> Prestakuntza-plusa. Prestakuntza-ordu bakoitzeko soldataren % 25eko igoera jaso dezala formakuntzaz arduratzen den kutxazainak.

> Supermerkatuko deskontua: langileek %10eko deskontua izatea.

> Eszedentziaren eta lanaldiaren murrizketaren iraupena seme-alabak 14 urte izan arte luzatzea

> Azterketa ofizialengatik ordaindutako baimena izatea

> Udako larunbat arratsaldeek, maiatzetik irailera, aparteko orduen balioa izatea

> Abenduaren 24an eta 31an 15:00etan lanaldia amaitzea

Aipaturiko puntu horiez guztiez gain, baina, azkenik grebaren hautua egin dugu, nagusiki, haserre eta itxaroteaz nekatuta gaudelako.

Izan ere, ukaezina eta zilegi da: langileak dira denda aurrera ateratzen dutenak, arazoak daudenean egoera konpontzen dutenak, bezeroaren aurrean aurpegia ematen dutenak, lankideei lagundu asmoz egin beharko ez lituzketen lanak egiten dituztenak…. Eta ordainetan ez dute ezertxo ere jasotzen. Beren lanari esker aberasten diren bitartean, langileen baldintzek berdin jarraitzen dute edo, are, okerrera egin dute. Geroz eta presio gehiago, lan karga handiagoa, pisuak ez dira murrizten…

Onean saiatu gara, ez behin, ez bitan. Etengabe. Beti izan dugu borondatea hitz egiteko, eskaerak egin ditugu, baita proposamenak aurkeztu ere, baina etengabe erantzun bera jaso dugu: “Begiratuko dugu”. Inoiz ezertara iristen ez diren hitzak dira, denboran elkarrizketak luzatu bai, baina baldintzak hobetzeko benetako asmo zintzorik ez baitago. Langileak ez daude itxaroteko edo beste fede ariketa bat egiteko prest. Nekatu dira heltzen ez diren erabakien esperoan egoteaz.

Hori dela eta, abenduaren 7 eta 9an Gipuzkoako LiDL supermerkatuetako langileak grebara doaz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.