2024-12-22
HomeEkintza SozialaLehentasunezkoa da obra publikoen kontrol publiko eta herritarra berreskuratu eta Donostiako metroa...

Lehentasunezkoa da obra publikoen kontrol publiko eta herritarra berreskuratu eta Donostiako metroa gelditzea

Ekainaren 5ean jakin zen Donostiako erdiguneko eraikin batean metroaren obrek zulo bat eragin zutela, zorionez, inor zauritu gabe. Irailaren 25ean berriz, jakin genuen tunelaren zulaketa lanetan agertutako harea eta urak %70eko gainkostua eragingo zuela. Ondorioz, ETS-k enpresarekin zuen kontratua eten eta 28 langile kaleratu zituen. Harridura eta haserrea eragiten duten gertakariak, eta guzti horren artean ulertezin zaizkigun galderak: zer gertatu zen ekainaren 23an ETS-k onartutako obren aldi baterako etenaldi partzialetik irailaren 25era arte, ETS-ek kontratua baliogabetzea aztertzen ari dela jakinarazi zuen arte?

Arantxa Tapia, Eneko Goia eta lagunek obrak oso-osorik zoru arrokatsuan egiten ari direla esaten ibili dira, nahiz eta agerian geratzen joan den bezala, hala izateko bermerik ez zegoen. Nola da posible obrak egin aurreko zundaketetan inolako eragozpenik identifikatzen duen lekukotzarik jaso ez izana (edo omititu izana)? Oinarrian, behar bezalako azterketa bat egin eta ura agertu eta hareatza desestabilizatu dezakeen aurreikuspenik egiten ez duen proiektu publiko batekin aurrera jarraitzea guztiz kudeaketa arduragabea da. Gainera, obrari lotutako bestelako hamaika irregulartasun salatu izan ditugu: eraikinetan sor ditzakeen kalteen inguruko azterketarik egin ez izana, bizilagunek jasandako kalteen erreparaziorik egiteko borondate eza, lan baldintza kaxkarrak, segurtasun araudia eta gomendioak betetzen ez dituzten larrialdi irteerak…

Nola uler daiteke metroaren Mirakontxa-Easo zatia lizitazioan aurreikusitakoa baino 11,3 milioi euro gutxiagoan esleitzea? Bada, obra publiko handietan eguneroko ogi izaten direlako lan baldintza prekarioak, herritarrak infantilizatzea eta gainkostuetatik etekin pribatuak ateratzea. Instituzio publikoen aldetik, merkeen eskain dezakeen enpresaren alde egin eta ondoren gainkostu jasanezinetan itotzea, eta gainera enpresei inolako konpromisorik exijitu gabe, kaleratzeak ahalbidetuz honela, guztiz jarrera onartezina da. Lehentasunez, diru publikoa esku pribatuetan jartzeko politikarekin amaitzea exijitzen dugu eta obra publikoen kontrol publiko eta herritarra berreskuratzea.

Izan ere, krisiaren ondorioak gogorren pairatzen ari ginenean ekin zitzaion metroaren eraikuntzari, herritarren behar eta lehentasunei entzungor eginez. Gaur, covid19-ak azkartutako krisien aurrean, indar handiagoz diogu premiazkoa dela politika publikoen norabidea aldatzea, beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz trantsizioa egiteko. Erdigunearen komertzializazioa eta bizilagunen kanporaketa eragiten duten makro- proiektuak bertan behera utzi, pribatizazio eta merkantilizazio logikekin eten eta bizitza erdigunean jarriko duen Donostia baterantz trantsizioa egiteko urjentzia dugu.

Bizi dugun une kritiko honetan eta metroko obren gertakari larri hauen aurrean, jendarteak bere haserrea adierazi du, eta arduradun politikoak urduri daudela agerikoa da. LABeko langileok halako makro-proiektu zentzugabearen kontrakotasunean berresten gara, eta orain indar handiagoz, herritarrok erantzuteko momentua dela argi dugu. Satorralaia bizilagunen mugimenduak azaroaren 14rako deitutako manifestaziorekin bat egiten dugu eta dei egiten diegu langileei gure ezezkoa eta haserrea kalean eta lanean adierazi eta antolatzera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...