2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaLehen indarra gara Hego Euskal Herriko irakaskuntzan

Lehen indarra gara Hego Euskal Herriko irakaskuntzan

LABeko irakaskuntzako kideek prentsaurrekoa egin dute gaur Donostian. EAE eta Nafarroako kideak elkartu dira, eta kolektibo ezberdinetakoek: haurreskolak, irakasleak, sukaldari eta garbitzaileak, heziketa berezia eta unibertsitatea (administrazio eta zerbitzuetakoak eta irakasle eta ikerlariak. Ikasturte honetan zehar egindako hauteskunde sindikalen ondoren, LAB da lehen sindikatua Hego Euskal Herriko irakaskuntzan. Emaitzen balorazioa egin eta hemendik aurrerako erronken berri eman dute.

Ikasturte honetan zehar, Hego Euskal Herrian, irakaskuntzako kolektibo desberdinetan hauteskunde sindikalak burutu ditugu.

LAB irakaskuntzatik zorion mezu bat helarazi nahi diogu gure hezkuntza komunitatea osatzen dugun kide guztiei, liberatu, delegatu eta afiliatuei, une oro gure bide lagun izateagatik eta egunez egun erakusten duten konpromisoagatik. Era berean, hezkuntza komunitateko langile guztiak zoriondu nahi ditugu, oztopo guztien gainetik, hauteskunde sindikaletan parte hartzeagatik.

Nafarroako sare publikoan, LABek gora egin du bai ordezkarien kopuruan (11 izatetik 12 izatera pasatu gara), baita lortutako boto kopuruan ere. 900 bototik gora lortu ditugu lehenbiziko aldiz, emandako boto guztien ia %20. Horri esker, irakaskuntza arloko lehendabiziko indarra izaten segitzen dugu. Gure sindikatuak 2011ean eta 2015ean lortutako garaipenak berretsi ditu, eta argi gelditu da Nafarroako Gobernuko langileek LABen jarduna babestu eta Erregimenaz haratago eredu sozial bat bultzatu nahi duela. Gogorarazi nahi dugu, ikastoletan %96ko ordezkaritza duela LABek, eta itunpeko sarean zein unibertsitatean, erreferentzialtasuna handituz goazela apurka apurka.

Euskal Autonomia Erkidegoko sare publikoan, LABek lehenengo indarra izatea berretsi du, 96 delegaturekin ordezkaritza handiena lortuaz. Ikastoletan ere ordezkaritzaren gehiengoa dugu. Ibilbide oparoa egin dugu azken urteetan. Sare publikoan nahiz itunpekoan, piztuta izan ditugun lan gatazka eta borrokaldiak, arrakasta handiko mobilizazioak izan dira. Negoziazio kolektiboan zegoen blokeoa hautsi eta adostasunetarako bideak ireki ditugu. Aipamen berezia egin nahiko genioke gizarte ekimenean irekita jarraitzen duen gatazkari. Lerro hauen bidez, patronalak negoziaziorako duen borondate falta nabaria salatu nahiko genuke. 28 greba egun egin eta gero, oraindik ez baitugu aurrerapausorik.

Bide honetan, aintzat hartu nahi ditugu, Hego Euskal Herrian kolektibo desberdinetan sinatu ditugun akordio sendoak, hezkuntzaren kalitatean eta lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak lortuz.

Ipar Euskal Herrian, azken urteetan ere hezkuntza komunitatea biziki indartsu aritu da. Ekimen desberdinak burutu dira bertan: “Baxoa euskaraz!” aldarrikatuz egindako mobilizazioak, Seaskan irakasle falta salatuz egindako ekintzak, eremu publikoan murrizketen aurrean egindako grebak…

Guzti honek agerian uzten du egungo hezkuntza sistema agortua dagoela eta jauzia eman behar dugula eredu berri baterantz.

2016ko maiatzean Iruten dinamika abiarazi genuen, inposaketak salatzeaz gain, hezkuntza sistema propiora bidean gaurdanik urrats praktikoak emateko erronkarekin. Ebaluazioa erdigunera ekarri eta ebaluazio hezitzaileari buruzko jardunaldiak antolatu genituen. Elikadura burujabetza ardatz hartuta, jangelen ereduaren inguruan hausnarketa burutu dugu ere. Honetaz gain, ikasturte honetan, sexu heziketari buruzko gida argitaratu dugu, besteak beste. Era berean, gure hezkuntza egitasmoa berriztu dugu, euskal gizarteari proposamen sendo eta integrala aurkeztu diogularik. Zentzu honetan, argi dugu langileriak babesa eman diola LABek eskaintzen duen proiektu integralari.

Garbi daukagu gauza asko hobetu behar direla oraindik. Izan ere, Euskal Herriko hamaika txokotan hezkuntza arazoak ugaritzen eta larriagotzen ari dira: proiektua aurrera atera nahi eta finantziazioa falta, euskararen erabilera eta kalitatean beherakada, euskal kulturaren transmisioan hutsune larriak, jatorri eta egoera ekonomikoaren araberako segregazioa gainditzeko nahia eta ezina… Horregatik, guk borrokan jarraitzeko konpromiso irmoa dugu; Euskal eskola publiko komunitarioaren bidean eta langileon lan baldintzak defendatzen, burujabetzaren bidean sakonduz. Guk gurea izango den hezkuntza sistema nahi dugu, gure herriak dituen beharretara egokitua. Tokian tokiko errealitate zehatzei herri erantzunak ematea planteatzen dugu. Adostasunetara iristeko eta arduraz jokatzeko garaiak direlako.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...