2025-03-15
HomeEkintza SindikalaLehen greba egun arrakastatsua egin dute Irizar E-Mobilityn enpresan

Lehen greba egun arrakastatsua egin dute Irizar E-Mobilityn enpresan

LABek Adunako Irizar E-Mobility enpresako langileak zoriondu nahi ditu gaurko egunez enpresaren aurrean emandako erantzunagatik. Bertako Enpresa Batzordean 9 ordezkaritik 8 ditu LABek eta 1 ELAk, eta hitzarmenaren negoziazioan 4 hilabete igaro ondoren, ez aurrera ez atzera doazela ikusita greba mugagabea deitzea erabaki zuten. Besteak beste lan berdinagatik soldata bera ordaintzea, lana eta bizitza uztartzeko neurriak hobetzea, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena bere osotasunean betetzea eta kanpoan lan egiteko lan baldintzak duintzea exijitzen dute langileek.

Irizar E-Mobility ibilgailu elektrikoak ekoizten dituen punta-puntako etorkizun handiko enpresa dela saltzen duten arren, bigarren mailako baldintzak dituzte langileek, eta horren ondorioz langileen joan-etorria izugarri handia da.

LABetik kezkaz ikusten dugu Irizar Group kooperatibak azken hilabeteetan hartu duen bidea. Izan ere, Berangoko Alconza enpresan 25 langile kaleratu berri ditu, LABen iritziz bestelako neurriak hartzeko aukera izan dutenean.

Irizar Groupi exijitzen diogu bere jarrera aldatu eta langileen eskaerak onar ditzala. Hala ez bada, LABek langileen borrokarekin aurrera egiteko konpromisoa du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebasken jarrera harroputz eta esplotatzailearen aurrean mobilizatzera joko du gehiengo sindikalak

ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuok apirilaren 3an mobilizatuko gara, eta deia egiten dugu apirilaren 5ean pentsiodunen mugimenduak gutxieneko pentsio eta soldata duinen alde deituriko mobilizazioetan parte hartze hartzera.

Eusko Jaurlaritzak autoritarismoa alde batera utzi eta bere ardurapean dauden 100.000 pertsonen lan baldintzak hobetu behar ditu

ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea deitu dute martxoaren 18rako, Eusko Jaurlaritzari sektore publikoko langileen aldarrikapenak aintzat har ditzala eskatzeko. Egun horretan bertan...

LABek salatzen du EEEren negoziazioan argi geratu dela Guardianek duela asko zuela programatua lantegiaren itxiera

LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.