Hegazkingintza sektoreak Euskal Herriko industriaren oinarri nagusietako bat izan behar zuen. Hala azpimarratu digute urteetan zehar eta horren aitzakian diru publiko asko inbertitu da, enpresen sorreran eta baita laguntza moduan ere. Horrekin batera, haziz zihoan sektorea dela nabarmendu behar dugu, gaur egun 15.000 langile baino gehiagori enplegua ematen diena. Horrekin batera, sektore honetan, industriarekin alderatuz, emakumeen presentzia nabarmendu nahi dugu: Industrian orokorrean emakumeen presentzia %20ra heltzen ez den bitartean, Alestisen %50 ingurukoa edota Aernnovan %32 ingurukoa da. ITP Aero PCBn ere, 80 emakume inguru daude kaleratze arriskuan.
Koronabirusaren pandemiaren testuinguruan ondo gelditzeko diskurtsoak zabaltzen diren bitartean, sektoreko langileak babes gabe utzi dituzte.Aeronautika sektorea eraldatzen ari dira enpresak. Etorkizunean oinarrizkoa izango den sektorean enplegua deusezten ari dira gupida gabe, eta instituzioen laguntzarekin. Helburua, etorkizunean langile prekarioengatik ordezkatuak izateko, edo ekoizpena leku merkeren batetara deslokalizatzeko.
Asko dira Euskal Herri osoan neurri ezberdinak hartu dituzten enpresak, banakako zein kolektiboak diren kaleratzeak, murrizketak, Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteak… Koronabirusak eragindako egoera langileek ordaintzea nahi dute ITP, ITP-Aero Castings-PCB, Alestis, Aernnova, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Feliu & Madinabeitia Industriarako Zerbitzuak, Metaltrec, Lauak, Aciturri, Mtorres enpresek.
Azterketa guztietan iraupen zehatz bat izango duen eta pandemiak eragindako egoera bat dela argi agertzen den arren, sektoreko langileek nonbait ez dute merezi inolako arretarik eta enpresa bakoitzaren esku uzten ari dira egoera probestuz murrizketak eta kaleratzeak egitea. Inolako babesik gabe.
Langileen erantzuna eredugarria izaten ari da, beraien enpleguaren eta beraien etorkizun duinaren defentsan borrokan daude. Grebak, manifestazioak, kotxe karabanak,… langile batek eskuragarri dituen tresna guztiak erabiltzen ari gara enplegu duinaren alde. Hala ere, argi daukagu ez dela nahikoa. Urrats berri eta ausartak behar ditugu:
– Patronal guztiei eskatzen diegu, berehala langileak kaleratzeko asmo ustel horiek albo batera utz ditzatela. Urte luzetan metatu duten aberastasuna eta urte luzetan jaso dituzten diru laguntza horiek, trantsizio honetan inbertitu dezatela, pertsonetan inbertsioa egin dezatela. Jar dezatela bizitza kapitalaren gainetik. Badaude nahikoa tresna egoera koiuntural honetan langileak kaleratzea eragozteko. Bada garaia herri honetan lana banatzeko estrategia martxan jartzeko eta horrek lanaldiari buruz hitz egitea dakar. Bide hori egiten hasi beharko ginateke hegazkingintza bezalako sektoreetan.
– Euskal Herrian eragina duten administrazio ezberdinei, inbertitzea beharrezkoa dela irizten dugun arren, inbertsio horrek berekin izan behar du diru publikoaren erabilera arduratsua. Horretaz, baldintzarik gabeko txeke zuri moduan ez erabiltzea eta konpromisoak eskatzea diru publikoa jasotzen duten enpresei; besteak beste, azken urtean langileen %5a kaleratu duten enpresei diru laguntzarik EZ ematea edota kaleratzeak egingo badituzte diru hori itzultzeko betebeharra; edota deslokalizazioa egiten dituzten enpresen kasuan, azken 5 urteetan jasotako diru laguntza guztiak itzultzeko betebeharra ezartzea.
Administrazio ezberdinak patronalarekin lerrokatua eta, herritarrak defendatu ordez, kapitalaren interesak babesten dituzten arten; langileak borrokan jarraituko dugu, sektore osoa batzea, denok elkarrekin borrokatzea eta errudunen aurrean lanpostuak defendatzea ezinbestekoa izango da.