2024-12-22
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaLanuzteak egingo ditugu Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren defentsan

Lanuzteak egingo ditugu Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuaren defentsan

LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok bi lanuzte partzial deitu ditugu maiatzaren 25 eta 31rako.

Hauxe da LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok egindako oharra:

Duela urtebete baino gehiago, Etxeko Laguntza Zerbitzuan egunero dihardugunok, eguneroko bizitzan oinarrizko jarduerak zailtasunez garatzen dituzten pertsonei laguntza emozionala eta fisikoa ematen ari garenok, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren defentsan mobilizazio dinamika bati ekin genion, etxeko laguntzaileentzat lan hobekuntzak aldarrikatuz.

Negoziazio kolektiboak eskaintzen zigun abagunea bikaina zen horretako, negoziazio kolektiboaren esparruak muga argiak dituelako Etxeko Laguntza Zerbitzuan diharduten langileen lan baldintzak hoberen arautu ahal izateko.

Etxeko Laguntza Zerbitzuak titulartasun publikoa du, udalarena da hain zuzen; horien gehiengoak erabaki du kudeaketa eredu pribatu batez egin behar dela. Horretarako lehiaketa publikoak egin dituzte, eta sinesgarritasun sozial eskaseko merkataritzako enpresen esku uzten dute funtsezko zerbitzu hori.

Lehiaketa publiko horietan ezartzen da prezio ordua, gutxiengo prezio ezarri barik; haietan ezartzen dira bete beharreko lanorduak, gutxiengo orduak bermatu barik, eta hortaz langile bakoitzak bete beharreko lanaldia; haietan ezartzen da langileen subrogazioa, edota subrogazio eza, behin-behineko langileak eta teknikariak kontuan hartu barik, non azken finean, haietan ezartzen da zein baldintzetan gauzatuko den zerbitzua. Zerbitzu publiko honen langileek egin duten lana onartu ez izanak eragin du klausula sozialik ez izatea, zeinek bermatzen dituzten Udalek landutako baldintza pleguetan laneko baldintzak eta eskubideak bermatuko direla.

Horrengatik, Etxeko Laguntza Zerbitzua babestearren burutu den dinamikaren alderdi baten helburua Udalei eta mankomunitateei sektorea jasaten ari den egoera larriaren berri ematea zen, erakundeen agendan txertatuz. Helburu horretan udal taldeengana jo genuen bultza zezaten mozio bat eta baldintzen pleguetan itsatsiko ziren hainbat neurri har zitezen.

Egun arte hamaika mobilizazio egin ditugu, 10 lanuzte partzial egin ditugu, eta eroan dugu SADeri buruz egin genuen diagnostikoa eta irtenbideak udal batzuetara. Gaurko egunez, Getxoko Udal Taldeekin berba egiten ari gara, Barakaldoko osoko bilkuran eztabaida dadin zain gaude, eta Portugaleteko udalean eztabaidatu eta onartu da mozioa, non hartan langile guztien subrogazioa, lan-poltsa jasotzen den, lanaldiak bermatzen diren, lan baldintzak bete eta hobetu daitezen behar adinako prezioa bermatzen den, enpresen irabaziak mugatzen diren, laneko arriskuak prebenitzeko legea betetzen den eta langileen parte hartzearekin zerbitzua ebaluatzen den.

Gure ustez, eta urrats handia dela dirudien arren, langileoi dagozkigun lan eskubideak bermatu besterik ez da egin, eta hortaz, erakunde titularra moduan, haien arduraren zati bat bete da. Dena den, osoko bilkuretan onartu diren mozioak ez dira nahitaez bete beharrekoak, eta gauzatuko direnean asebeteko gara.

Gainera, gogora ekarri behar dugu duela 5 urte baino gehiago soldatak izoztuak dauzkagula, eta patronalak, titulartasun eta finantziazio publikoa duen zerbitzu honen kudeatzailea, aurkeztu zuen proposamenak alderdi atzerakoiak zituela, adibidez, lanaldiaren urtekotzea eta KPIren oso azpiko soldata igoerak.

Egoera horrek behartzen gaitu mobilizazioei eta greba partzialei eusteko. Maiatzerako deitu ditugu bi lanuzte partzial, hilaren 25ean, 12:00ak eta 15:00ak bitartean, Mungian elkartuz, udal osoko bilkura egiten ari dela, eta hilaren 31n, 10:00ak eta 13:00ak bitartean, Bilboko udaletxea inguratuko dugu osoko bilkura egingo denean.

Asko dago egiteko, badago tartea aurrera egiteko, horrengatik, lanuzteak eta mobilizazioak egiten iraungo ditugu herriz herri.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...