2024-11-15
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaLantokietan sexu aniztasuna bermatzeko protokoloa berritu dugu

Lantokietan sexu aniztasuna bermatzeko protokoloa berritu dugu

Urteak dira LAB askatasun sexualarekin konprometituta dagoela eta aitzindaria izan da lantokietan aniztasun sexuala askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokolo bat egiten, langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabil dezaten. Bada, LGTBI+fobiaren aurrean beste pauso bat eman dugu, eta lantokietan sexu aniztasuna bermatzeko gida eta protokoloaren edizio berritua aurkeztu dugu gaur. Lehena 2015ean egin genuen. 

Gaur, ekainak 28, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna da. Egun garrantzitsua eta azkenego urteetan kapitalismo larrosaz desitxuratu nahi izan dute. Aurten arreta berezia jarri nahi dugu lan munduan bisibilizazioa bultzatzen eta langile trans*en egoera ezagutarazi eta lan munduan neurri zehatzak sustatzen.

Badira urteak LAB askatasun sexualarekin konprometitu zena eta aitzindaria izan da ere Lantokietan Aniztasun sexuala askatasunez bizi ahal izateko gida eta protokolo bat egiten, langileen ordezkariek tresna bezala lantokietan erabili ditzaten. Apirilaren 26rako sozializazio kanpaina burutu genuen lesbianak lantokietan ere ikusgarriak izan daitezen, Hazte Oir-en gorrotoaren autobusa Euskal Herrira sartu orduko, ongi etorriak ez zirela adierazi genien beste hainbat eragile sozial eta herritarrekin batera.

Lan munduan, LGTBI+ fobiaren kontrako borrokan ere aurrerapausoak eman ditugu eta eta hau salatzeko ekintza sindikala martxan jarri dugu. Lan munduan ematen diren diskriminazio eta indarkeria kasuak salatzea ezinbestekoa da.

Eta gure afiliazio fitxan, beste gorputz edo identitateekin aitortzeko aukera ematen da.

Eta langile guztiok ezberdinak garenez, errealitate guztiak kontutan hartuko dituen neurri berritzaileak jaso ditugu aurkeztutako gidan eta negoziazio kolektiboaren txostenean:

Kolektibo guztientzako neurriak eta klausulak proposatu ditugu:

-Enpresan aniztasuna kudeatzeko plangintzak burutzea.

-Sustapen, hezkuntza, abantaila sozial eta abar oztopatzen edo galarazten duen barneko edozein klausula edo arau deuseztatzea, zuzeneko edo zeharkako bazterkeria oro ezabatuko dela bermatzeko.

-LGTBI+fobia, arrisku psikosozialtzat hartuko da, eta arrazoi hauengatiko jazarpen laborala saihesteko neurriak hartuko dira.

-Sexu aniztasun edo identitateagatiko jazarpena hutsegitetzat hartuko da zigor prozeduran, larritasun eskala egokiaz.

-Familia baimenetarako gay, lesbiana, transexual eta bisexualen bikoteek osatzen dituzten familiak ere kontuan hartzea.

-Langileen Estatutuko 52.d artikuluak dakartzan kasuak zabaldu, ez daitezela absentismotzat jo trans* pertsonen trantsizio prozesuarekin zerikusia daukaten kontsultak, izapideak edo ezintasun iragankorrarekin zerikusia daukaten lanera hutsegiteak.

Gida eta protokoloaren azalpena eta egindako aldaketak
Trans-Lesbo-Homo-Bifobiak hamaika aurpegi ditu eta toki guztietan ematen da, baita lan munduan ere: behin eta berriz estereotipoak erabiliz, bizitza sexuala etengabe kuestionatuz, iseka eginez, umiliatuz,… Langile guztiok eskubide berdinen jabe izan beharko genuke, eta guztiok zuzenki edo zeharka diskriminatuak ez izateko eskubidea dugu kontratatu behar gaituztenean edo gure lanpostuetan. Badugu eskubidea gure intimitatea eta duintasuna errespeta dezaten, baita gure identitate eta orientazio sexuala ezkutuan behartuta ez bizitzeko ere, eta enpresek egoera diskriminatzaile hauek saihesteko eta prebenitzeko neurriak ezarri behar dituzte.

Nazio Komiteko kideen elkarretaratzea, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna dela eta.

Horretarako orain dela hiru urte gida eta protokoloa egin genuen eta aurten berritu egin dugu: trans* kolektiboari dagokionean sakondu dugu eta sexu joera kontutan hartzea baino, gorputz eta identitate anitzak kontutan hartu ditugu.

Langile Transen egoera
Gaur egun, nahiz eta Hego Euskal Herrian LGTBI+ kolektiboaren diskriminazioaren kontrako legeak egon, lan asko dago egiteko, batez ere lan munduan eta langile trans*ei begira. Sindikalgintzan oso berria den gaia da eta geu ere ikasten ari gara.

Langile trans*ei begira hiru momentu hartu behar ditugu kontuan:

-Trantsizioa egin baino lehen, enplegua galtzeko beldurra egoten da; hortaz, lanean identitatea ezkutuan bizitzen da eta trantsizioa egiteko momentuan atzeratu ohi da. Honek sekulako estres mailak eta arrisku psikosozialak sortzen ditu eta trataera atzeratzeak ondorio fisikoak izan ditzake.

-Trantsizioa egitean, baliteke lanpostua edo jardunaldia egokitu behar izatea eta kontsulta medikoetara joatea erraztu beharko litzateke eta izapide administratiboak egiteko baimena eman.

-Trantsizioa egin ostean. Jazarpen eta diskriminazioa areagotzen da. Oso kontuan hartzekoa da diskriminazio hau enplegua eskuratu orduko hasten dela.

Trantsiziotzat ulertuko dugu trans* pertsonak bere identitatea adieraztea eta bere identitatearen arabera bizitzea erabakitzen duenean. Zenbait kasutan trantsizio hau trataera medikoaz egingo da (hormonen trataera, kirurgia…), baina ez da zertan horrela izan.

Egoera eta momentuaren arabera, gure eskaerak aldatu egingo dira.

-Izena eta tratua: Identitatearen araberako izena erabiltzeko eskubidea. Hau bermatu behar da trans* pertsonak enpresari jakinarazten dion momentutik, dokumentazioan oraindik aldaketa aministratiboa egin ez bada ere, enpresaren komunikazio guztietan bere identitatearen araberako izena erabili beharko da (adibidez, posta elektronikoak, identifikazioak, e.a.).

-Komunak, uniformeak, laneko arropa, aldagelak… Trans* pertsonak eskubidea izan dezan bere identitatearen araberakoak erabiltzeko.

-Kontratazioa: Bermatu behar da trans* pertsonei ez zaiela enplegua ukatuko euren identitatea dela eta. Era berean, promoziorako eta karrera profesionalerako eskubide berberak izango dituztela.

-Gerta daitekeen egoera bat: gizon trans* batek erabaki lezake umea ekartzea. Gizon trans* bat haurdun egonez gero, emakume haurdun batek dauzkan eskubide, baimen eta lizentzia berberak izan beharko lituzke.

Langile klasean sentsibilizazio eta bisibilizazio lana egitea ezinbestekoa ikusten dugu eta horretarako, proposatu ditugun neurriak sustatuko ditugu.

Sistema honen aurkako borroken elkarlana oso garrantzitsua da. Gure borroka ez da lantokietara mugatuko eta horregatik, Euskal Herrian sexu askatasunaren mugimenduak ekainaren 28rako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, eta beraiekin aliantzak sortzen joatea ezinbestekoa ikusten dugu.

Lanean zein beste esparrutan gure desio, gorputz eta identitateak aske eta duin bizi ahal izateko aldarrikatzen eta borrokatzen jarraituko dugu.

 

 

 
 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Metro Bilbaoren zuzendaritza-egituran postuak gehitu direla eta azken hautatze-prozesua kritikatzen dugu

Gero eta gehiago dira Metro Bilbaoren zuzendaritza gorena osatu eta aholkua ematen dioten pertsonak. Gainera, postu horiek erakunde publikoetatik datorren jendez betetzen ari dira. Horrela, Metro Bilbaoko Gerentzia oso gertuko eta ideologia bereko pertsonez inguratzen ari da eta balio-eskala bikoitza eraikitzen ari dira zuzendaritza-ardura horien eta lehen lerroko langileentzat sortzen diren postuen artean.

Berako zahar etxeko patronatuak langileei aldebakarrez inposatutako murrizketak salatu ditugu

LAB sindikatuak irmo salatu nahi du Berako zahar etxearen patronatuak zenbait murrizketa ezarri dizkiela langileei, hala nola soldata igoerak aplikatzeari utzi edo plus eta osagarri batzuk kendu edo murriztu. LABek elkarrizketarako eta negoziaziorako jarrera erakutsi izan dio beti patronatuari baina honek ez du murrizketa guztietan gibelera egin nahi izan eta, hartara, langileak mobilizatzen hasi dira. Lehenik eta behin sinadura bilketa abiatuko dute herritarren babesa jasotzeko.

Hezkuntza Laguntzako Espezialistek greba eguna izan dute gaur, baldintza duinen eta benetako negoziazioaren alde

Goizean, mobilizazio bana egin dute Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta Tuteran, Foruen plazan. Arratsaldean ere mobilizatuko dira, Iruñean, Diputaziotik abiatuta, 18:00etan.