2025-01-05
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaLantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Lantokietako indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak exijitu ditugu

Horretarako, eskari bana erregistratu dugu EAEko zein Nafarroako lan ikuskaritzetan eta mobilizazioak ere egin ditugu Gasteizen eta Iruñean. Azaroaren 25a da gaur, indarkeria matxisten kontrako nazioarteko eguna.

Gasteizko mobilizazioan izan da Maddi Isasi idazkari feminista, eta adierazi du LABek urteak daramatzala, sindikalismo feministaren bidetik, indarkeria matxista estrukturala dela azpimarratzen eta lan munduan gertatzen diren erasoak salatzeko eta indarkeria mota guztiei aurre egiteko tresnak eraikitzen; urteak, “Lantokiak aske” aldarrikatzen: enpresaz enpresa protokolo eraginkorren alde borrokatzen eta instituzioak interpelatzen, dagokien ardura har dezaten lehen mailakoa izan beharko litzatekeen arazo politiko eta sozial honetan.

Lantokietako indarkeria matxista ezkutuan mantentzen den errealitatea da: lanik gabe gelditzeko mehatxua beti dago horren atzean, eta, horregatik, indarkeria ez da behar beste salatzen ezta aditzera ematen ere. Mehatxuak eta zigorrak askotarikoak dira: kaleratzeak, ordutegi aldaketak, kontziliaziorako neurriak ez baimentzea, lanpostuz inoiz ez aldatzea, lekualdaketak, edukiz hustu lana, emakumeen* lana gutxiestea… Indarkeria matxista dimentsio eta aurpegi ezberdinak dituen zigor-sistema oso bat da; egiturazkoa eta sistema heteropatriarkal kapitalistaren tresna da, emakumeak* menpean mantentzeko.

Lan munduan gertatzen den indarkeriaz aritzea sexu-jazarpenaz, sexuan oinarritutako jazarpenaz edota sexu-orientazioan edo genero-identitate nahiz -adierazpenean oinarritutako jazarpenaz, aritzea da; hau da, kultura patriarkalaren biziraupen mekanismoek hartzen dituzten forma ezberdinez.

• Azken urtean 22.000 emakume inguruk jasan izan dute sexu-jazarpena lan eremuan, iazko urte amaieran Emakundek ateratako Emakumeen aurkako indarkeriaren inzidentziari buruzko datuak EAE-n inkestaren arabera (kasu batzuetan lankideengandik, beste batzuetan nagusiarengandik).

• Sexu-jazarpena jasan duten 5 emakumetik* batek bat lan-eremuan jasan du.

• Hala ere, haietako askok (%72,4k) ez dute enpresan salatu, ondorioen beldurragatik.

Eta non daude instituzioak egoera horren aurrean? Gertatzen den indarkeria hau ez ikusaraztea, tresna eraginkorrak ez jartzea, indarkeria hori ezkutatzea da. Izan ere, ez dago datu horien inguruko erregistrorik, ez zaio jarraipenik egiten, indarkeria matxistaren inguruko inkesta orokorretan ez dira agertzen…

Ez enpresek, ez administrazioak, ezta lan ikuskaritzak ere, ez daukate errealitate horri heltzeko borondate eta jarrerarik. Datuak argiak dira: ez dago egoera hauek salatzeko mekanismo eta tresna eraginkorrik.

Instituzioei, eta, zehazki, lan ikuskaritzari, LABek eskatzen dio indarkeria matxistari aurre egiteko politika eraginkorrak garatzea. Jarrera, sinesmen eta indarkeria matxista guztiei aurre egin nahi diegula esaten dugu lantokietan aske izan nahi dugula aldarrikatzen dugunean, eta azpimarratu nahi dugu borroka honetan jarraituko dugula sindikalismotik fronte guztietan.

Gaur Euskal Herriko Mugimendu Feministak hiri eta herrietan deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Industria sektorearen gainbeherak lan baldintzak prekarizatzen ditu eta enpleguaren kalitatea okertu

Hego Euskal Herrian 137.735 langabe zeuden 2024ko abenduan, aurreko urtean baino 37 gutxiago. Nafarroan eta Bizkaian, aldiz, langabeziak gora egin du (hurrenez hurren, 367 eta 309 langabe gehiago daude). Pasa den urtearekin alderatuz, Hego Euskal Herriko langabe kopurua antzerakoa izan arren, sektoreka ezberdintasunak daude eta horrek, zuzenean eragiten du enpleguaren kalitatean.

[IRITZIA]: UPNren boto emaileak eta fiskalitatea

Imanol Karrera LABeko Nafarroako bozeramaileak fiskalitatearen inguruko iritzi-artikulua idatzi du.

Gutxienez 63 langile hil dira lan-istripuan 2024an

Gaur, urtarrilaren 2an, jakin dugu I.P.C. 41 urteko langilea hil zela abenduaren 30ean Zornotzako Forest Trafic SL enpresan. Hildako langilea inbentario-lanak egiten ari zen biltegian orga jasotzaile batekin, eta garraiatzen ari zen zamaren zati bat gainera erori zitzaion, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik.