2024-12-22
HomeEkintza SindikalaLanpostua defendatzea ez da delitua; mobilizaziorako deia egiten dugu muntaia polizialen aurrean...

Lanpostua defendatzea ez da delitua; mobilizaziorako deia egiten dugu muntaia polizialen aurrean elkartasuna aktibatuz

Azaroaren 7an, Aintzane Mendia Tubacexeko langilea epaituko dute. 15 hilabeteko kartzela zigor eskariari egin beharko dio aurre, muntaia polizial baten ondorioz. LABek dei egiten du, langile honi babesa erakusteko asmoz, Salatutako langileen plataformak antolatu duen kontzentrazioan parte hartzera. Gasteizen egingo da mobilizazioa, datorren astelehenean, Arabako Probintzia Auzitegian, 10:30ean, epaiketaren aurretik.

Hau guztia, Tubacexeko langileek greban zehar eta grebaren ostean jasan behar izan dituzten isun, mehatxu eta neurriz kanpoko inputazioei batzen zaio. Izan ere, zigor eta inputazio bakoitza modu indibidualean gauzatu bada ere, guztion borroka kolektiboaren aurkako eraso zuzen bezala ulertzen ditugu.

Tubacexeko gatazkan langileak jasotzen ari diren jarduera guztien zenbatekoa publiko egin eta salatu nahi dugu. Izan ere, asko izan dira jaso dituzten eta jasotzen jarraitzen duten ondorio ekonomiko eta judizialak:

  • 25 langilek baino gehiagok jaso dituzte isunak eta inputazioak.
  • 25.000 euro baino gehiago ordaindu behar izan dituzte isunetan.
  • 7 pertsona auzipetu dituzte eta espetxe-eskaerak jaso dituzte.
  • Isunak 600 eta 3.000 euro artekoak dira.

Aintzane Mendia, inputatutako beste langile batzuei elkartasuna adierazten egon zen egunean atxilotu zuten, Amurrioko Epaitegian. Berari egozten dizkioten gertakariak beste muntaia judizial bat dira, Tubacexeko grebatik sortutako elkartasun guztia kriminalizatzeko. Gainera, jasan behar izan zuen atxiloketa neurrigabe eta justifikaziorik gabekoan, lesioak eragin zizkioten modu bortitzean eraman zutelako.

Argi utzi nahi dugu aipatutako guztia kriminalizazio-estrategia bat besterik ez dela, hainbat boterek aurrera eramaten dutena, Tubacexeko greban aktiboki parte hartu zuten eta euren lanpostuak defendatzeko eskubidea erabili zutenak zapaltzeko.

Jasaten ari garen jazarpen guztiekin errepresioaren mezua bidali nahi badute ere, guk oso argi daukagu: langileen borroka kriminalizatzen saiatu arren, gure lanpostuen eta lan-eskubideen alde borrokatzea EZ DA DELITUA. Errepresio guztiaren aurrean: BATASUNA ETA ELKARTASUNA.

Tubacexeko grebarekin langileok egiaztatu ahal izan genuen bezala, bidegabekerien aurrean langileen borroka da bide bakarra.

Horregatik guztiagatik, irmoki eskatzen dugu gure lankidearen absoluzioa aurre egin beharko dion prozesu judizial osoan. Era berean, langileon aurka ireki dituzten prozesu eta jarduera guztiak ere bertan behera uztea eskatzen dugu. Orain arte bezala, elkartasunez eta borrokaz erantzungo diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...