2024-12-23
HomeEkintza PolitikoaLangileon interesak lehen lerroan jarriko dituen trantsizioa aldarrikatu dugu

Langileon interesak lehen lerroan jarriko dituen trantsizioa aldarrikatu dugu

Europako funtsen izaera, norabidea eta kudeaketa salatzeko agerraldia egin dugu Bilbon. Hain zuzen ere, garapen paradigma berri bat eraikitzeko, ezkerretik, subiranismotik eta langileen lidergo argi batetik urratsak emateko garaia dela azpimarratu dute Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek. Zentzu honetan, LABek badu eskaintza: hilabeteotan aurkeztutako Programa Sozioekonomikoa eta bi lege egitasmo, Euskal Herriko Lan Kodearena eta Gizarte Segurantza propioaren Legea.

Enplegua, zerbitzu publikoak, pentsioak edota zaintza eredu desberdinaren alde borrokan dauden langileekin batera egin dugu agerraldia; hots, orain arteko politika publiko neoliberalen eragina pairatzen ari diren langileen ordezkariekin. Gasteiz eta Iruñeko gobernuek Europako funtsetatik dirua jasotzeko aurkeztu dituzten proiektuekin bat egiten ez dugula azpimarratu dugu, eta, LABen iritziz, garapen paradigma berriak nola izan beharko lukeen azaldu dugu:

1. Sektore publikoak izan behar du ekonomia jardueraren ardatza eta horrek ekonomian duen papera berrikustera garamatza.

Lehenik eta behin, diru publikoaren erabilpen egokia behar da. Lehentasunak berraztertu egin behar dira:

– Inbertsio publikoa handitu: zerbitzu publikoak indartuz zaintza sistema publiko komunitarioa eraikitzeko, lan eta bizi baldintza duinak bermatuz. Honekin batera, sektore estrategikoen jabetza publiko eta soziala bultzatu behar da.

– Lehentasunak berrantolatzeak tokiko ekonomia, enpresa txikiak, autonomoak, ostalaritza eta tokiko merkataritzaren beharrak kontuan hartzea esan nahi du. Pandemia honek bereziki kaltetu dituen sektoreak dira eta ezin dira bigarren mailan geratu.

– Inbertsio publiko horien helburua ezin da izan enpresa pribatuek behar dituzten aldaketa produktiboak finantzatzea.

Bigarrenik, ekonomiaren gaineko kontrol politiko eta ekonomikoa. Diru publikoa jasotzen duten enpresek enplegua mantendu eta enplegu hori duina izateko bermeak eskaini behar dituzte, beraien lantokietan diskriminazio egoerarik ez dela ematen bermatu, ekosistemari kalterik ez egiteko konpromisoa, inguruko hornigaiak edota produktuak erabiltzea, hizkuntza eskubideak bermatzea, etab. Hau guztia arautu behar da.

2. Lana eta ondasunaren banaketa:

– Lan guztien aitortza eta zaintza lanen banaketa eta berrantolaketa.

– Zerga erreforma: zuzeneko zergen bidez, diru gehien duenak gehiago ordaindu behar du eta enpresa batzuen neurri gabeko irabaziak mugatzeko erabakiak behar dira. Zerga iruzurrarekin amaitu eta errenta handien zein irabazi enpresarialen gaineko presio fiskala handituz diru bilketa hobetzeko tarte handia dago.

3. Garapen eredu jasangarria. Larrialdi klimatikoa errealitate bat da. Beraz, trantsizio ekologikoa ez da aukera bat. Erronka honi aurre egiteko, indarrean dagoen produkzio eta kontsumo eredua aldatu egin behar da:

Garapen produktiboa birnorabidetzeko plan bat behar da. Ingurumen ikuspegitik kaltegarriak diren jarduera ekonomikoak murriztu egin beharko dira, eta beste horrenbeste egin beharko da beste batzuekin, sozialki desiragarriak ez direlako. Eremu horietan suntsitzen den enplegua, bizitza sostengatzeko eremuetan sortzen den enpleguarekin ordezkatu beharko da. Lanaldia ere murriztu beharko da. Gehiegizko kontsumoa mugatu.

4. Lan eta pentsio duinak: Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko apustua egin eta Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako lege propio bat borrokatu behar ditugu.

5. Nazio garapena: Ekonomiaren birlokalizaziaren aldeko apustua egin behar da, tokian tokiko garapena bultzatu. Eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea mundu mailako erronka da. Baina, argi izan behar dugu alternatiba hori herrialde bakoitzetik abiatuta eraiki beharko dela, herri burujabetza prozesuak bultzatuz.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “herri honetako gehiengo sozial zabalak balio hauekin bat egiten duela uste dugu eta guk ekarpen bat egin dugu egin behar den eztabaida sozial hori bultzatzeko. Datozen asteetan, eragile politiko, sindikal eta sozialekin, eraldaketa sozialaren alde gaudenon arteko sinergiak bilatu eta adostasunak eraikitzen saiatuko gara. Adostasun zabalagoak edo puntualagoak izan daitezke”.

LABeko idazkari nagusiaren esanetan, “trantsiziorako akordio sozialak lortzeko helburua dugu, baita horien aldeko aktibazio soziala bultzatzeko ere. Zerbitzu publikoak, enplegua, pentsioak, zaintza sistema publikoaren aldeko hainbat mobilizazio eta greba egiten ari dira eta gehiago etorriko dira. Gainera, konbentzituta gaude mobilizazio orokorretarako momentuak egongo direla, borroka ezberdinek bat egingo duten momentuak”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Osalanera eraman du indarkeria matxistaren aurkako bideorria, lantokietako prebentzio sistemetan derrigorrez integratua izan dadin

Gaur, LAB sindikatuak enpresetako prebentzio sisteman indarkeria matxistaren arriskua integratzeko plana aurkeztu du Osalango kontseilu nagusian. Plan horrek lanean ere emakumeek pairatzen duten arrisku...

LABek Ezkirozko BSH lantegiaren eta, oro har, Nafarroako industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu ditu nafarrak

BSH multinazionalak Ezkirozko lantegia itxiko duela iragarri ostean, langileek irmotasunez erantzun zuten abenduaren 18an, Parlamentuaren aitzinean eginiko elkarretaratze jendetsu baten bidez. Hala ere, egoeraren...

Presoen etxeratzea eta behin betiko konponbidea aldarrikatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Sindikatuok, Sare Herritarrarekin batera, mobilizazioak egin ditugu gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, euskal presoen etxeratze prozesua azkartzeko eskatzeko, salbuespen neurriak amaiu daitezen exijitzeko...